Pasa berria da Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna, urriaren 10a. Horren aitzakian, buru osasuna zaindu eta arreta emozionala eskaini eta lantzeko Orereta Ikastolan egiten ditugunen bilketa egin dugu 🧠❤️
Orereta Ikastolan gure ikasleen garapen integrala bermatzea dugu helburu, eta premisa hori oinarri, buru osasuna eta ongizate emozionala funtsezko ardatzak dira. Askotan buru osasuna gaixotasunekin lotzen badugu ere, Ikastolan prebentzioan eta ongizatearen sustapenean jartzen dugu indarra, ikasle guztien garapena kontuan hartuta.
Txikienen emozio-lanketa (HH | 0-6 urte)
Txiki-txikitatik emozioei lekua egin eta ematea ezinbestekoa da. Horregatik, adimen emozionala lantzeko jarduera bereziak egiten ditugu, haurrak emozioen garrantziaz eta eraginaz kontura daitezen eta kontziente izan daitezen.
ONKI programa (LH eta DBH | 6-16 urte)
Ikasleen ongizate orokorra lantzeko Ikastolok sortu berri dugun programa da ONKI. Helburua da ikasleen eraldaketa pertsonala sustatzea eta emozioak kudeatzen, norbera ezagutzen eta taldearekiko pertenentzia lantzen laguntzea.
Honen bidez, hezkuntza emozionala ikaskuntza-prozesuaren eta bizitzarako prestakuntzaren parte bihurtzen da.
EmanTik programa (LH5-DBH2 | 10-14 urte)
Programa honen helburu nagusia da kudeaketa emozionala lantzea eta sufrimendu-egoerak goiz detektatzea. Honi esker, irakasleek, bi psikologo adituren laguntzaz, haur bakoitzaren egoera hobeto ulertzeko eta behar denean arreta eskaintzeko tresnak izango dituzte.
Programa EmanTik app-aren bidez gauzatzen da, oinarrizko sei emozioak modu praktikoan lantzeko baliagarria den tresna interaktibo baten bidez. Irakurri programaren gaineko xehetasun gehiago hemen.
“Zeuk aukeratu” programa (DBH1 eta Batxilergoko 1. maila | 12-13 urte eta 16-17 urte)
Programa honek buru osasunaren inguruko prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzen ditu. Ikasleekin eta irakasleekin batera, norberaren ongizate mentala zaintzeko jarrerak eta ohiturak sustatzen dira.
Orereta-Erenteriako udaletik egindako eskaintzari esker jarri zen programa hau abian herriko ikastetxeetan, AGIFES elkartearen eskutik. Programaren barruan, bere azken fasean, ikastetxe bakoitzean laguntza psikologikorako gune bat eskaintzen da. Gune horretan Ikastolako agente guztiek (ikasleek, irakasleek…) euren zalantza edo kezkak adierazi edota orientazio psikologiko ez terapeutikoa jasotzeko aukera izaten dute.
Gure ikasleen ongizatea guztion ardura da. Programa hauek ikasleen osasun emozionala eta soziala sendotzea dute helburu, eta hori lortzeko irakasle, hezitzaile eta komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa da. Emozioak irensten dituztenak ito egiten omen dira; saia gaitezen itsaso horretan igerian egiten irakasten eta igerian aritzen. Goazen aurrera!