HIZKUNTZAK

Zubiak Eraikiz hitzarmena berritu dugu bost Ikastolatik zortzira pasaz

2016an ekin genion Zubiak Eraikiz Hitzarmenari. Urruña, Biriatu, Hendaia, Ziburu eta Orereta Ikastolok sinatu genuen orduan. Orain Hendaiako Gure Ikastolak, Ziburuko Kaskaroteneak eta Piarres Larzabal kolegioak, Biriatuko Ikastolak, Berako Labiaga Ikastolak, Lesakako Tantirumairuk, Elizondoko Baztan Ikastolak eta Orereta-Oiartzo Ikastolok berritu dugu. Mugaz gaindiko Euroeskualdea erakundearen dirulaguntza izan du proiektuak azken bi ikasturteetan berritze eta indartze prozesu honetan.

Hendaian berritu dugu Zubiak Eraikiz Hitzarmena, Bidasoa ibaia itsasoratzen den lekuan. Gaur gaurkoz, Zubiak Eraikiz proiektuan parte hartzen dugun Ikastolak Bidasoa ibaiak lotzen gaitu. Ibaia baino zerbait gehiago da Bidasoa Ikastola parte-hartzaileontzako: “ura bere bidean” da. Lasaitasuna, sosegua, mugimendua, bizia, lotura da. Ur emari txikitik ibai ederrak sortuz, goxo eta etenik gabe bi bazter batuz, bizia sortuz, uzta ekarriz, bere bidea aldarrikatuz eta eginez, iturburu eta ibai denek itsasoan bat eginez. Ura bere bidean; eta Ikastolak beren bidean. Zubiak Eraikiz.

Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko, Berako Labiaga Ikastolako eta Oreretako bost ikasleren olerki-errezitaldi musikatuarekin ekin diogu hitzarmen-berritzeari, hariak eta zubiak hizpide hartuta. Irati Muxika eta Iker Altuna irakasleek hartu dute hitza ostean Zubiak Eraikiz proiektuaren orain arteko ibilbidea eta hemendik aurrerako asmoak azaltzeko.


Nondik dator Zubiak Eraikiz?


Hiru administrazio eremutan banatuta bagaude ere, horrez gaindi, nazionala da Ikastolen proiektua eta elkarrekin eta elkarlanean egiten dugu lan. Muga administratiboez gaindi, Ikastolen, irakasleen zein ikasle eta familien arteko harremanak sortu eta indartzea; elkarrengandik hain kilometro gutxira egonik, batzuen zein besteen errealitatea ezagutzea; nazio ikuspegia lantzea euskara izanik denentzako hizkuntza komuna; eta beharrik handiena duten Euskal Herriko Ikastolei sustengua eskaintzea ditu xede. Eguneroko jardunetik administrazio eremurik gabeko Euskal Herria eraikitzeko Ikastolen proiektua da Zubiak Eraikiz. Historia, jatorri, tamaina, ezaugarri, errealitate, komunitate… anitzetako hainbat Ikastola desberdin; muga administratiboez gaindi Euskal Herria eraiki nahi duten hainbat Ikastola berdin.

Lehen bi urteetan elkar ezagutzeari garrantzi berezia eman zitzaion: ikasleen arteko eskutitz trukeak eta aurrez aurreko topaketak, herriko festetako Ikastolen txosnetako gurasoen lantaldeen elkartrukeak… 2018an hitzarmenaren lehen balorazioa egin eta aurrera egitea erabaki zen, lan ildoak finkatuta eta lan-baldintza egokiak zeudela iritzita. COVID19a iritsi zen ostean, ordea, eta 2021-2022 ikasturtean hasi zen gehiago saretzen eta berriz ere aurreko lan-jardun eta dinamikara itzultzen Zubiak Eraikiz proiektua. 2023-24 ikasturtean Euroeskualdearen Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa programako dirulaguntza heldu zen, proiektua sendotzen eta hauspotzen lagundu duena gaur egunera arte.


Nora doa Zubiak Eraikiz?


Hitzarmenaren berrespenarekin batera, proiektua pausatu, egonkortu nahi da; iraunkortu. Elkartasuna saretzea eta berrikuntza pedagogikoa partekatzea ere baditu jomugan Zubiak Eraikiz proiektuak. Azkenik hedapena bultzatu nahi da: proiektu bizia da Zubiak Eraikiz eta errekastoetako ur emariak lotuz Bidasoa eta Ebro hurbiltzea du helburu, bai baitira muga administratiboz gaindiko harremanak dituzten beste Ikastola asko, haiek ere beren bidea egiten.

Hendaiako agerraldian Sophie Layus, Oier Sanjurjo eta Nekane Artolak ere hartu dute parte; Seaska, Nafarroako Ikastola eta Euskal Herriko Ikastolen lehendakariek, hurrenez hurren. Euskara, herria eta Ikastolarekin lotu dute Zubiak Eraikiz proiektua.

Layusek euskararekin lotu du. “Ikasleak euskaraz aritzeko gune erosoak sortzen ditu Zubiak Eraikiz proiektuak. Ikastolen egiteko nagusia ikasleek euskaraz ikasi eta bizitzeko behar dituzten baliabideak eta espazioak eskura jartzea da. Besteak beste, beren ikasle ibilbidea baldintza linguistiko duinetan egin dezaten eta euskaraz bizitzeko hautua har dezaten. Zoritxarrez baina, dena ez da urre: euskaraz ikasteko eskubidea zapuztua baita Iparraldeko ikasleei azterketak euskaraz egitea debekatzen dietelako”. Baxoa eta Brebeta azterketen bezperetan, Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu du.

Sanjurjok herriarekin lotu du Zubiak Eraikiz Hitzarmena. Herriak eta horien errealitateak ezagutzeko aukera ematen duela aipatu du. “Komunitatea herriarekin konprometitutako ikasle, langile eta familiek osatzen dute eta Zubiak Eraikizen bitartez etorkizun euskaldun eta jusutagoaren eraikuntzan ikasleak ere parte aktibo izan daitezen nahi dugulako jarraituko dugu Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa, Xiberoa, Bizkaia, Behe Nafarroa eta Arabaren arteko zubiak eraikitzen” esanez jarraitu du. Bere ikasle garaiko tankera honetako harremanak ere aipatu
ditu Sanjurjok, esperientzia propio aberasgarriak. Lizarrako Ikastolako ikasle zenean Euskal Herriko beste Ikastola batzuetako haurrekin zituen harremanak, eta horrek, besteak beste, nola bistaratu zizkion Euskal Herriko errealitate linguistiko zoritxarrez ezberdinak, bere kasuan,
Nafarroako zonfikazioa pairatu behar izatetik.

Artolak Ikastolarekin, Ikastola Ereduarekin lotu du Zubiak Eraikiz. “Hezkuntza proiektua garatzeko dugun autonomia da Ikastolon indarguneetako bat. Saretuta gaude eta horrek eredu oso bat eraikitzeko aukera ematen digu. Ikastola bakoitza autonomoa izanik sare oso baten parte da eta horrek Zubiak Eraikiz bezalako egitasmoak hedatu eta sare osoan eragiteko aukera ematen du. Zubiak Eraikiz egitasmoak Ikastola-ereduaren balore eta xedeak barnebiltzen ditu. Zubiak Eraikiz Ikastolak zergatik eta zertarako da”.

euskal herria naziotasuna zubiak eraikiz