Hamaiketakoaren gaineko hainbat lanketa egin izan dira Ikastolan: elkarri hamaiketako osasuntsua prestatzeko proiektua HHn eta ikaskideak ostiraletan hamaiketakorako fruta ekartzera animatzeko kanpaina LHn, adibidez. DBHko eko ordezkariek azterketa bat egin berri dute hamaiketakoak hondakin asko sortzen dituenaren hipotesitik abiatuta. Gadetegi bat betzetzeko eskatu diete DBHko ikaskideei eta astebetez bilgarriak hondakin bihurtzen ote diren behatzen aritu dira. Zer diote emaitzek? Ez zebiltzala oso oker…
Zer ekartzen da hamaiketakorako?
Prozesatuak. Galletak eta opilak dira %32a; eta tortak, %23,5a. Tortak plastikozko poltsetan ekartzen dira, binaka etortzen diren horietan. Edariei dagokienez, batidoak eta zukuak %5,2a dira. Aldiz, fruta ikasleen %19ak ekarri du eta ogitartekoa, berriz, %20,3ak.

Nola ekartzen da hamaiketakoa?
%37,2ak soilik ekartzen du hamaiketakoa ontzi berrerabilgarrian. Horri lotuta, hondakinak egoki sailkatzen ikasteko jolas bat ere egin dute ikasgela guztietan eko ordezkariek, hondakinen arduraduna hondakina sortzen duena dela gogoratu eta modu ludikoan hondakin bakoitza nora bota behar den lantzeko.

Eko ordezkariek egindako ikerketa honetako datuekin, datorren ikasturterako erronkak diseinatzea dagokigu orain. Ikastolako komunitatean elikadura osasungarria bultzatu eta hondakinak egoki kudeatzeko, hondakinak murrizteko neurri praktiko eta egingarriak denen artean adostu eta martxan jartzea izango da hurrengo pausoa. Badugu bidea, badugu lana eta badugu gogoa! 💚💚