Ipuinak ez dira beste edozein liburu bezalakoak: ipuinak liburuak dira, baina liburu guztiak ez dira ipuinak. Ipuinek xarma berezia dute. Eta xarma berezia dute, besteak beste, ipuinak norberak irakur ditzakeelako, baina norbaitek irakurriz, edo hobeto esanda, kontatuz gero, magia sortzen dutelako. Nori ez zaio gustatzen ipuinak entzutea!
Batxilergoko Ahozko Komunikazioa hautazko irakasgaiaren helburu nagusia egoera anitzetan ahozkotasuna praktikan jartzea da. Horretarako, ikasturtean zehar egoera formal eta informalagoak baliatzen dituzte ikasleek mingainari eragiteko, ingelesez, frantsesez zein euskaraz. Gure ikasleak eleanitzak dira eta hizkuntza bateko gaitasunak besteetara transferitzeko irakasgai egokia da Ahozko Komunikazioa.
Horrexegatik, Ereiten Kultur Zerbitzuetako kideek ikasturte honetarako prestatutako proiektua plaza bikaina da eta izan da ahozkotasuna lantzeko; oraingoan, euskarazko haur literatura aitzakia eta bide hartuta.
Eta zein izan zen ba Ereiteneko lagunen proposamena? Lekuona Fabrikako haur literaturako liburu batzuk aukeratu, irakurketa dramatizatua landu, ikasleen ahotsak eta hotsak grabatu eta grabaketa horiek liburu horietan txertatzea QR bidez. Hartara, liburutegira joaten diren haurrek landutako liburuetako bat aukeratzen badute, ipuina kontatutako dien norbait izango dute klik batera.










Bide honetan Intza Alkain aktorea eta haur literaturan aditua izan dute ikasleek bidelagun. Intzarekin ikasi dute nola sailkatzen diren liburuak eta zein irizpideren baitan aukeratu daitezkeen, nola landu ahotsa eta gorputza irakurketak dramatizatzeko, eta mikrofono aurrean nola aritu. Intzarekin aritu ostean, Ereiteneko Urtzi eta Jonekin egin dute grabaketaren parte teknikoa Lekuona Fabrikan bertan.
Proiektuari amaiera borobila emateko, LHko 1. mailako ikasleei proiektuan landutako ipuinak kontatu dizkiete Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Egunaren harira.
Eta guztiari ginga jartzeko, azken opariaren zain daude batxilergoko Ahozko Komunikazioko ikasleak: Ereiteneko Urtzi eta Jonekin egindako grabaketen bertsio editatuen zain. Irrikaz, liburutegira joaten diren haurrak euren lanez disfrutatzen ikusteko irrikaz… Bejondeizuela, gazteak! Zuek ere bidaia ezazue ipuinetan zehar zuen ahotsez gozatuz!