Ikastolako kirol giroa bizi-bizi dago berriz ere! Ikasleek ilusioz eta gogoz antolatutako “Prestatu zure jokoa!” boleibol txapelketa handia martxan da; eta interesgarri dago kontua, jokaldi bero, publikoaren animo eta azken uneko erabakiak tarteko 🙂 Emozioa, lehiakortasuna eta talde-lana ari dira izaten txapelketako protagonista. Ikasleak elkartzeko eta beren antolaketa-gaitasunak sendotzeko nahiz kirolaren balioak eta esfortzua, adiskidetasuna, errespetua zein elkarlana azpimarratzeko joko-zelai aparta ere izaten ari da lehiaketa.
Otsailaren erdialdean hasi ziren DBHko 18 gelen arteko partidak. Apirilaren lehen astean bukatuko dira partida horiek eta apirilaren 7tik 11rako egunetan izango dira final laurdenak, final erdiak eta finala. Udaberriko oporretara kopa hartuta joango dira batzuk; eta gainontzekoak, ederki pasata! 🏐🏆
Eta jaun-andreok, hau ez da hemen amaituko. “Prestatu zure jokoa!” boleibol txapelketaren ostean, Orereta Ikastolako ikasleek futbol txapelketa antolatuko dute: talde berriak osatu eta Ikastolako futbolzaleek ere beren trebetasunak erakusteko aukera izango dute. Beraz, kirolzalea bazara, egon adi datozen hilabeteetan ere! Show must go on!