Euskal abesti herrikoiak arotza Iturengoa zela dio; Erramun Joakin omen zuela izena eta San Kristobal urtu zuela joareak egiteko. Iturenen ez dakigu, baina Orereta Ikastolan badira arotz oso finak.
DBH4ko hainbat gazte egur zatiak lantzen aritu dira azken asteetan. HH3ko eta HH4ko ikaskideen izenak mimoz eta fin-fin zizelkatu, margotu eta bernizatu dituzte. Zergatik? ba, besteak beste, txikienek beren izena idatzita izaten duten eta egunero erabiltzen dituzten paperezko eta kartoizko txartelak errazago hondatu eta puskatzen direlako. Eta, esan bezala, gure txikiek askotan eta erabilera askotarako erabiltzen dituzte etiketa horiek.
Tailerreko lanak behin bukatuta, DBH4ko gazteak Esmalteria eta Linon izan dira bisitan. HH3ko eta HH4ko ipotx bakoitzari bere izena idatzi duen egur zatia eman diote; hori gutxi ez, eta aurrez arotzaren ipuina ere kontatu diete (ez dakigu Iturengoarena izan den ala ez :).
HHko haurrekin egon ondoren, amaitzeko, DBHko ikasleek Lino Berriko obrak bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte. Biribila eguna, elkarrekin gozatuz eta elkarrengandik ikasiz!