HIZKUNTZAK

Eskolaz kanpoko ekintzak ere martxan, urria heltzearekin

Ikasgelek iraila izaten dute egutegian gorriz markatuta, eta eskolaz kanpoko ekintzek, berriz, urria. Elkarren lagun eta osagarri izanagatik, bakoitzak bere momentua, bakoitzak bere lekua.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haur eta gaztetxoentzako eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza zabala du Orereta Ikastolak. Taldean eta jolastuz ikasten eta trebatzen jarraitzea da ekintza horien guztien helburua. Orereta Ikastolaren hezkuntza-proiektuaren osagarri dira eskaintzen diren ekintza guztiak, aukera ugaria eta anitza.

2024-25 ikasturteko eskaintza HH4tik LH6ra arteko ikasleei zuzendutako bederatzi ekintzek osatzen dute: diziplina anitzeko tailerra (HH4-HH5), MusikART (HH4-HH5), psikomotrizitatea eta jolasak (LH1-LH2), robotika eta teknologia jarduerak (LH1-LH6), frantsesa (LH1-LH6), antzerkia (LH1-LH6), gimnasia akrobatikoa (LH2-LH6), eskola kirola (LH3-LH6), xakea (LH3-LH6) eta gitarra (LH3-LH6). Frantsesa da aurtengo berritasuna.

Aipatutako horiez gain, herriko Herri Arte Eskolari esker eta aurten bigarrenez, LH3tik LH6ra arteko ikasleek Hitza-Antzerkia, Arte Plastiko Ikusizkoak eta Musika-Praktika instrumentala jarduerak egiteko aukera ere badute. Herri Arte Eskolak herriko ikastetxeetara bere eskaintza zabaltzen du; eta hala, programa horri esker, Herri Arte Eskolako hainbat ekintza ikastetxean bertan egiteko aukera eskaintzen da.

Eguerdian, bazkal aurretik edo ondoren, egiten dira eskolaz kanpoko ekintza ia denak; Ikastolan bertan. Aurten, Ikastolako 400 ikasle dabiltza beren ikasketa eta gozamena osatzen eskolaz kanpoko ekintza batean ez bada bestean.


Eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza, elkarlanaren fruitu


Orereta Ikastolako eskolaz kanpoko ekintzen kudeaketa eta koordinazioan Ikastolako eskolaz kanpokoen arduraduna jarduten da. Ikastolako bertako langilea da eta hezkuntzari eta jarduera fisikoari lotutako ikasketak ditu. Eskola Kiroleko hezitzaileak ere Ikastolako bertako langileak dira, ikasketa mota bertsuekin. Gainontzeko eskolaz kanpoko ekintzetako irakasle eta hezitzaileak eskualdeko elkarte eta taldeetako kideak dira; gisa horretara, inguruko eragileen eta Ikastolaren arteko harremanak sortu, estutu eta indartuz. Hiruki Biraka gimnasia kluba, Tximeleta elkartea, Landarbaso abesbatza, GaurkoTek elkartea, Lacunza hizkuntza-eskola, Oiartzungo Antzerkizaleak elkartea, Luzaro elkartea eta Jakintza elkartea ditu Orereta Ikastolak bidelagun. Eskerrik asko, den-denei, zuen lan eta ahaleginagatik!