HIZKUNTZAK

"Oso guai dago famatu bihurtzen zarelako, eta arrazoia euskararen aldeko jarrera izatea delako!"

Euskararen erabilerari dagokionez, jakina da esku artean dugun erronka ez dela xamurra. 2021ean egin zen azken kale neurketaren arabera, %10,9ak soilik erabiltzen du euskara gure herrian. Blaitu Kluba euskara gure gaztetxo, gazte zein helduengana modu erakargarrian eta aisiari lotuta heltzeko helburuz sortu da.

2019-2020 ikasturtean eman genituen Blaitu Kluba sortzeko lehen urratsak, eta gauzak beren denbora behar izaten dutenez, urte batzuk behar izan ditu loratzen hasteko.

Aurtengo ikasturtean eman diogu euskararen erabilera hauspotzea helburu duen Klubari nahi genuen izaera, eta eduki berritzaile eta freskoz bete dugu haren webgunea.

Orereta Ikastolako ikasle guztien ordezkari izan diren blaitukideek izan dute erronka handi honi erantzuteko ardura eta ohorea, eta kurtsoa amaitu berritan, LHko balitukideak elkartu ditugu beraien bizipenez aritzeko.


Zer moduzko esperientzia izan da Blaitu Klubeko partaide izatea?

Oso ona. Oso ondo pasa dugu bideoak grabatzen eta oso pozik gaude.

Bideoetan agertzearekin oso pozik gaude. Seguruenik denei gustatuko zitzaiekeen grabaketetan parte hartzea, baina aurten guri egokitu zaigu.

Gainera, klaseak galdu ditugu grabaketak egiteko 🙂 Hala ere, ez dugu arazorik izan galdu ditugun klaseekin.

Denbora pasa ahala, grabaketetan asko hobetu dugula iruditzen zaigu. Hasieran lotsa izaten genuen eta gidoian idatzitakoa bakarrik esaten genuen. Gerora, ordea, asko lasaitzen joan gara eta inprobisatu ere egin dugu. Kamera aurrean nola jardun behar den ikasi dugu eta oso gustora ibili gara.

Grabaketetan hanka sartze asko egiten ditugu, askotan errepikatzen dugu, making of-ean ikus daitekeen bezala, baina asko hobetu dugu.

Bideoetan agertu garenez, Ikastolan famatu ere egin gara eta hori asko gustatzen zaigu. Gainerako ikaskide askok ezagutzen gaituzte eta askok esaten digute: “zu blaitukoa zara”; eta agurtu egiten gaituzte.

Txistirriak kontatu ondoren, askok erreferentzia egin diete kontatutako txisteei.

Euren burua pantailan ikusteak lotsa pixka bat ematen die batzuei, besteei aldiz, grazia egiten die.

Zer izan da gehien gustatu zaizuena ikasturtean zehar egin dugunetik?

ETB1eko Mihiluze programaren grabaketa ikustera joatea izan zen politena. Oso guai egon zen telebista barrutik ezagutzea. Gainera, elkarrekin bazkaldu genuen Ikastolan eta han merienda ere eman ziguten.

Blaitukide guztiek ezin izan genuen joan eta inbidia sentitu genuen. Ea hurrengo batean aukera dugun!

Blaituko ordezkariok aurretik ez genuen elkar ezagutzen eta orain, lagunak egin gara, elkarrekin hitz egiten dugu. Batzuetan, gidoiak ere entseatu izan ditugu jangelako orduan.

Esketxetan parte hartzea polita izan da eta, batez ere, Baserrian egin genuena: grabaketa amaitzean merendola egin genuen.

Bideo batzuek aurrestreinaldiak izatea ere polita izan da. Bideoa esklusiban ikusi izan dugu ordezkariok Ikastolako areto nagusian, krispetak janez, gainera!

Zuen ustez, Blaitu Klubak eragin du zuen ikaskideen hizkuntza hautuan?

Batzuengan eragina izan du, baina, oraindik, askok ez du saiakerarik egiten euskaraz hitz egiteko.

Kasu batzuetan, Blaituko ordezkari izan nahi dute, baina gero ez dira euskaraz aritzen. Beste batzuek fama lortzeko soilik nahi dute blaitukide izan.

Gurekin gehienbat euskaraz egiten dute Blaituko ordezkariak garelako, baina oraindik askok uste dute erdara guaiagoa dela. Badirudi euskaraz hitz egitea ez dagoela modan.

Ikastolatik kanpo ere asko dago egiteko. Futbolean, adibidez, hitz teknikoak gaztelaniaz erakusten dizkigute.

Euskara ikastetxean erabiltzeko hizkuntza dela esan ohi digute kalean.

Euskara modan jartzeko zer egingo zenukete?

Programa bat soilik, esketxena, ikus dezatela euskara guai dagoela jakiteko. Telesail bat ere egin genezake, “Irabazi arte” bezelakoa adibidez, guai dagoena… Lagunen artean erdaraz aritzen direnak blaituko grabaketetara ekartzea ideia ona izan daiteke. DBHko ikasleekin programak egitea ere ondo legoke.

Hobea litzateke gela bakoitzean Blaituko bi ordezkari izatea. Gainera, ez genuke bozkaz aukeratu behar ordezkaria, gehiengoak erdaraz hitz egiten duelako eta, hala ere, beraien lagunak aukeratzen dituztelako. Benetan euskaraz aritzen direnak eta euskararen aldeko jarrera dutenek izan beharko lukete ordezkari.

Animatuko zenituzkete zuen ingurukoak Blaitu Klubeko partaide izatera? Zergatik?

BAIIIII. Kriston esperientzia da. Gainera, sekulako pena ematen digu datorren urtean beste ordezkari batzuk egongo direla jakiteak, guk gure etapa hemen bukatuko dugula.

Oso guai dago, famatu bihurtzen zarelako, baina batez ere, famatu bihurtzearen arrazoia euskararen aldeko jarrera izatea delako.

Euskara benetan maite baduzu, euskararen erabileran eragiteko leku perfektua da, besteei laguntzeko euskaraz gehiago hitz egiten…

Blaitu mingainak eta busti euskaraz!