HIZKUNTZAK

Oiartzo Ikastolako Eguberriko Topaketa egin da

Iazko ikasturtean batxilergoa bukatu zuten 105 ikasleei ekitaldi xumea eskaini zaie

Oiartzo batxilergo-ikastolako 2023ko Eguberriko Topaketa egin da abenduaren 23an, larunbata goizez, Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan. Oiartzo Oiartzungo Haurtzaro eta Orereta-Errenteriako Orereta Ikastolen batxilergo-ikastola izanik, bi herrietan txandaka egiten da Eguberriko Topaketa; aurten, Oiartzunen tokatu da. Ikasleak, haien familiak, irakasleak, Orereta eta Haurtzaro ikastoletako ordezkariak, eta Oiartzun eta Orereta-Errenteriako udaletakoak izan dira bertan.

Ikasleak beraiek aritu dira ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanetan. Oiartzo Ikastolako zuzendari eta lehendakariari eman diete hitza lehenik. Olatz Mitxelenak (zuzendaria) eta Maider Gezalak (lehendakaria) iaz ikasketak bukatu zituzten ikasleei zorionak eman, etorriko direnei ongietorria egin, irakasle eta langile taldea eskertu eta Ikastolaren etorkizuneko erronkak aipatu dituzte. Iaz arte Oiartzo Ikastolako zuzendaria izan den Gaskon Etxeberriak ere izan du tartea hitzorduan. Ekitaldira bertara etortzeko aukerarik izan ez badu ere, bideoz jaso dituzte ikasleek “beren” batxilergo-garaiko zuzendari izan denaren hitzak.

Jarraian, erretiroa hartzera doan Jone Gallastegi Zapiraini omenaldi txiki xumea egin zaio, egindako ibilbide eta lanagatik eskerrak emanez. Ohiturari jarraiki, ikasleen ikuskizunak eta hitzartzeak ere izan dira ekitaldian. Diploma-banaketa, taldeko argazki, aurresku eta elkarrekin berriketan aritzeko osteko mokaduarekin amaitu da Oiartzo Ikastolako 2023ko Eguberriko Topaketa.

Eguberriko Topaketa oiartzo