HIZKUNTZAK

Mari Domingiren Errepublika Magikoa, abenduaren 1etik 17ra

Mari Domingiren Errepublika Magikoa Euskal Herriko betiko tradizioak eta egungo jendartearen izaera, desio nahiz erronkak uztartzen dituen esperientzia magikoa da. Aurten bigarrenez, Añabitarte Baserria (Zamalbide auzoa, 14. Orereta-Errenteria) Mari Domingiren etxe bihurtuko da eta haren inguruko zelaiguneak xarmaz, iratxoz eta baratzezainez beteko dira. 40-45 minutuko musika nota galduaren ibilbidea eginez, Mari Domingiren etxea bisitatuko dute Añabitartera etortzen direnek. Mari Domingirekin berriketan aritu, gutuna eman eta salda bero bat hartzeko aukera izango dute.

Mari Domingi da errepublika magikoaren zaintzailea, Eguberri-berriena egi bihurtzen duen jeinua. Laguntzaileak ere baditu, noski: galtzagorri bihurri bezain jatorrak. Olentzerorik ez da izango han. Eguberri garaia gertu dela eta, Mari Domingik mendian urrun duen bizilekua aldi baterako utzi eta herritik gertuago dagoen etxe baten beharra duela adierazi dio Orereta Ikastolari eta Añabitarte Baserria eskaini zaio aste batzuetarako. Olentzerok badu berea eta han egongo da hura.


Abenduaren 1etik 17ra zabalik, hala nahi duen familia ororentzako


Mari Domingiren Errepublika Magikoa abenduaren 1etik 17ra egongo da zabalik, ostiral, asteburu eta jaiegunetan. Aurrez hitzordua hartu eta sarrera erosi beharko da bisitan etortzeko www.maridomingi.eus webgunean. Hala nahi duen herritar orori egin nahi zaio Mari Domingirengana bisitan etorri eta hari eskutitza emateko gonbita.


Mari Domingiren Errepublika Magikoa: emakumea eta natura ardatz


Olentzeroren ostean iritsi da Mari Domingi gurera, eta haren itzalpean heldu da: haren emazte, laguntzaile edo lagun gisa. Olentzero behar izan du existitzeko. Pausoa eman nahi da bide horretan, Mari Domingiri izaera propioa eman berez eta nahi duen bezala existitzeko, genero eta familia eredu jakinei lotu gabe. Eguberrien izaera paganoan eta ospakizunak naturaren zikloekin duen harremanean ere jarri nahi da azpimarra. Egiteko asko dagoenaren jakitun, bide horri ekarpena egin nahi dio Ikastolak egitasmo honekin.

mari domingi Mari Domingiren Errepublika Magikoa