HIZKUNTZAK

“Erriola” bideoklipa ikusgai da!

Janus Lester taldeko Jokin Pinatxok, Kukai Dantzak eta Orereta Ikastolako komunikateak parte hartu dute “Erriola” kantaren bideokliparen grabaketan.

Azken txanpan sartu da Kilometroak 23 urte osoko egitasmoa. Aurki izango da urteko hitzordurik bereziena: urriaren 1ean Orereta-Errenterian egingo den Kilometroak eguneko jaia, hain zuzen. Eta Orereta Ikastolako ikasle, familia eta langileak buru-belarri dabiltza prestaketa-lanetan. Giroa berotze aldera, Jon Maia Soria bertsolariak eta Janus Lester taldeak sortu duten “Erriola” kantaren bideoklipa grabatu dute eta Kilometroak 23ren Youtubeko kanalean ikus daiteke dagoeneko.

Arena Comunicación ekoiztetxeak grabatutako bideoklipean, Janus Lester taldeko Jokin Pinatxorekin batera, Oreretako Ikastolako ikasle, langile, guraso eta aiton-amonak ageri dira Vanesa Castañok sortutako koreografia dantzatzen; Kukai Dantzak ere parte hartu du bideokliperako propio sortutako dantzaren moldaketarekin.

Kilometroak 23ren hiru ardatzei -komunitatea, euskara eta errelatoaren bidezko aitortza- jarraiki, Orereta-Errenteriako txoko-bazterren eta euskarari lotutako ekimen ugariren irudiak jaso dituzte bideoklipean, iraganeko eta gaur egungo pasarteak tartekatuz.

Herriko eta Orereta Ikastolako irudi historikoak Miguel Ángel Quintana, Mikel Mendizabal, Karlos Astrain eta Iñaki Nogueiraren laguntza estimagarriari esker eskuratu eta erabili ahal izan dira, eta Papresa enpresaren babesletzari esker osatu ahal izan da bideoklipa.

Ekin Erriola doinuz gorputza mugitzeari! Hasi da Kilometroak Eguna 23rako atzerako kontaketa!

bideoklipa erriola Kilometroak