HIZKUNTZAK

Yayoi Kusama, gela bete koloretako gometsa

HH2ko ikasgelen oinarrietako bat da esperimentazio gela: astero-astero proposamen desberdinak eskaintzen zaizkie ikasleei material ezberdinekin (hondarra, papera, lekariak, pasta, zopa…) manipula eta esperimenta dezaten. Eta udaberriko oporren aurretik… hara ideia ero bat! Nolako dimentsioa har zezakeen pentsatu ere egin gabe, HH2ko irakasle taldea buru-belarri jarri zen lanean esperimentazio gela gela zuri bihurtzen, guztia antolatu eta prestatzen.

Eta zer zen bada burutazio ero hura? Zer da gela zuria? HH2ko irakasle batek ekarri zuen ideia. Yayoi Kusama izeneko artista japoniarrak arte proposamen oso bereziak egiten ditu; tartean, erabat zuria zen gela bat prestatu zuen, eta han sartzen zirenei kolore eta tamaina desberdinetako pegatina borobilez betetako orri bat banatzen zitzaien, nahi zuten lekuan eta moduan jar zitzaten. Denbora tarte baten ondoren eta gelatik pertsona desberdin asko pasata, gela erabat koloreztatuta gelditu zen.

Istorioa entzunda, hauxe izan zen hurrrengo galdera: “eta guk, HH2n, horrelako zerbait egingo bagenu esperimentazio gelan?” Ekin lanari! Yayoi Kusamaren proposamena haurren adin, espazio eta baliabideetara egokitzera! Batetik, paper zuria hartu eta esperimentazio gelako pareta eta lurra tapatu; bestetik, forma eta kolore desberdinetako gometsak prestatu, koloreka sailkatu eta kutxetan jarri gelako txoko desberdinetan.

Dena prestatuta, hauxe haurrei egindako proposamena: “esperimentazio gelan gometsak dituzue eta paper zuria dagoen edozein lekutan jar ditzakezue. Bertan sartzeko, zapatilak kendu behar dituzue”. Eta gure arte proposamen partikularra forma hartzen hasi zen. 

HH2… eta HH3, HH4 eta HH5; hilabeteko jarduna

Ekintzak bi asteko iraupena izatea zen lehen asmoa, Aste Santuko oporrak ate joka baitziren. Baina bi aste horietan zehar, HHko beste mailetako lankideek proposamena ikusi zuten, eta gustatu egin zitzaien: “gure ikasleekin etortzeko aukerarik izango genuke?”. HH2ko lantaldeari ideia ona iruditu zitzaion, alde batetik, bi urteko txikiek gela guztia betetzeko nahiko lan izango zutelako eta, bestalde, adin guztietako haurrak bertatik igaroz gero, sorkuntza desberdinak egingo zituztelako. Gainera, horrelako lana hartu ondoren, ahalik eta probetxu handiena atera nahi zitzaion. Txandak antolatu eta Aste Santu ondorengo bi asteetan zehar HH3, HH4 eta HH5eko ikasle guztiak pasa ziren HH2ko gela zuritik.

Zer nolako lana egin duten denen artean! A zer artistak eta zer nolako imajinazioa! Euren izenak, irudiak, serieak, loreak, animaliak, lerroak, bezperan batzuek hasitakoaren gainean gauza berriak… Nork esango zuen horrelako gauzak egingo zituztenik gometsekin bakarrik! Arte modernora eta artista ezezagun batengana hurbiltzeko beste modu bat sortu dela esan dezakegu proposamen honekin.

Haurren sorkuntza-bilduma

Oso polita izan da egunero, lau astez, gela nola eraldatzen zen ikustea, anai-arreba zaharrenak anai-arreba txikienengana nolako ilusioz etorri diren ikusi eta sentitzea, haurrek beren familiei egin dutena erakustea (txikiak Ikastolara ekartzera etortzen zirenean), umeei azken emaitza ezagutzeko jakin-mina nola sortzen joan zaien ikustea… Nahi gabe eta ustekabean, HH2-HH5 arteko proiektua bihurtu dela ikustea. Eta lerro hauen bitartez, HHtik harago, kolorea eta sormena lau haizetara zabaltzea! Gozagarri izan bedi zuretzako ere, irakurle!

esperimentazioa gela zuria yayoi kusama