Orereta Ikastolako DBHko zazpi ikaslek osatutako talde bat Espazio Agentzia Europarrak antolatzen duen CANSAT lehiaketan parte hartzen izan da lehenengoz. Pasa den martxoaren 25ean izan zen Lerinen (Nafarroa).
Azken hilabeteetan freskagarri-lata baten tamaina daukan satelite bat prestatzen aritu dira ikasleak: misio zientifikoak hautatzen, hardwarea eta softwarea diseinatzen, eta entseguak, probak eta egiaztapenak egiten Tknikarekin (EAEko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) elkarlanean. Proiektuaren helburuak ere anitzak dira. Ikasleek, besteak beste, komunikazioa eta marketina, enpresa kudeaketa eta legedia, talde-lana eta -kudeaketa, trebetasun komertzialak, eta zientzia eta ingeniaritza landu behar dituzte.
Pasa den martxoaren 25eko CANSAT lehiaketan, ikasturtean zehar sortutako satelitetxo hori kohete baten bitartez kilometro bateko altuerara jaurti zen eta erortzerakoan hainbat aldagai (tenperatura eta presioa, besteak beste) neurtu eta transmititu zituen, baita kalte handirik gabe lurrera iritsi ere 🙂
Orereta Ikastolako taldeak epaimahaiaren aintzapespena jaso zuen: talde profesionalenaren aitortza jaso zuten, hain justu. Zorionak eta bejondeizuela, gazteak! Segi urrunera begira amesten!