HIZKUNTZAK

"Zer balio" (Arrate Arozena | Iritzia)

Orereta Ikastolak antolatuko duen Kilometroak 23ren karietara, Oarsoaldeko Hitzan zutabeak idazten dituen eta Ikastolako guraso den Arrate Arozenak ekimenari eskaini dio bere azkena, 2022ko urriaren 28koa.


Ibarrako irribarra eta piparren gustua oraindik ahoan dugula iritsi da Orereta Ikastolara txanda; urtebetez Kilometroak ekimenari heltzeko garaia. Beteranoak gara horretan; lehen edizioa 1977an Beasainen abiatu ondoren, Oreretara lehen aldiz 1984 urtean iritsi zen, eta bigarrenez 1999an.

Aurreko edizioak bizi izan genituenok edo oraingoa lehen aldia dugunok Kilometroak entzun orduko irudikatzen duguna ez da ziurrenik berdina izango. Batzuen oroitzapenak eta bizipenak, beste batzuen gazi-gozoekin eta itxaropenekin nahasiko dira.

Zenbaitzuk, beharbada, balio ekonomikoarekin lotuko dute. Diru-bilketa helburu duen ekimen erraldoia! Jakin badakigulako herritik eta zerotik sortutako horrelako proiektu erraldoi batek behar dituen baliabideak ia kalkula ezinak direla. Haserako urteetan eduki pedagogikoa osatzeaz gain, ikasleak hartuko zituen espazio eta eraikinak lortzea eta guraso zein irakasleak inplikatzea ez zen lan erraza izango. Zorionez, lehen izandako eskasia ez da oraingoaren berdina izango. Baina ikastolan ikasle, langile edo guraso garenok jakin badakigu gurean egindakoak harreman zuzena duela Euskal Herriko gainontzeko ikastola askorekin. Han sortzen dena, hemen baliagarria delako. Eta hemen biltzen dena, frantsesak zein gaztelaniak bakartutako eremuetan, sostengarri.

Beste batzuk, agian, balio linguistikoari begiratuko diote. Kiloak eta metroak. Estututa sentitzean arnas bila urrutira joateko gai garen herria baikara. Irudimen faltarik ez da aldarrikapenak antolatzeko garaian. Lokatz artean edo eguzkipean mendian gora ibili eta gainera egindako kilometro bakoitzeko ordaintzeko prest agertzen den herri asko ez da munduan izango. Motxila soinean, aurrean dugunak erakusten digulako oraindik egiteko dagoen bidea. Motxila soinean, atzean utzitakoak gogorarazten dagoeneko egindako milaka metroen erdibidea.

Azken batzuk, ziurrenik, ekimenaren balio soziologiko ukaezinari helduko diote. Gainontzeko topaketa herrikoien antzera jai giroan ospatu izan dugun eguna izan da.

Baina, horrez gain, baditu bestelako aldarrikapenak. Kilometroak euskara, euskal kultura eta Euskal Herria bera aldarrikatzeko ariketa soziala dela ez dugu zalantzan jarriko.

Guretzat eta ondorengoentzat desio dugun hori lortzeko kilometroka, metroka eta zentimetroka egunez egun osatuko dugun urtea abian da. Euskara, euskararen herrian, hizkuntza gutxitua dela jakinda: 2016ko kale-neurketaren arabera Errenteria-Oreretako elkarrizketetan euskararen erabilera %14,7 da, gaztelaniarena, aldiz, %82,3. Gure ahotsak ozen kilometroka neurtzeko prest dagoen gizataldea garelako.

iritzia