Ikasgelaz kanpoko hezkuntza izan da COVID-19aren pandemiak gogorren jo duen gure zutabeetako bat. Zerbitzu osagarriak zein eskolaz kanpoko ekintzak hezkuntza-proiektuan erabat integratzeko apustua egina dugu Orereta Ikastolan; ikasgelatik haratago, hezkuntza modu integralean lantzeko apustua, hain justu. Eta horri lotuta, ahalegin berezia egin dugu aurtengo ikasturtean ere, aukera izan dugun neurrian, eskolaz kanpoko ekintzak martxan jarri eta martxan izateko.
Ezarritako segurtasun eta osasun neurriak behar bezala betetzen genituenaren bermea izateko, Eskola Kirolari bakarrik heldu ahal izan diogu. Eskola Kirolarekin, besteak beste, heziketa, garapen psikosoziala, inguruarekiko errespetua, talde-lana eta euskara sustatu nahi ditugu. Arrazoi horiengatik, inoiz baino garrantzitsuagoa izan da Ikastolarentzat Eskola Kirola presentziala mantentzea.
Astean zeharreko saioek, “11 ikastetxe, 11 tontor” ekimenak eta horretarako baimena izan dugunetik aurrera hain ohikoak ez diren kirolei lotutako asteburuetako jardunaldiek (Añabitarteko Konkistatzailea, erritmo saioa, Colpbol topaketa, erraketa jolasak, abiadura jokoak, kirol alternatiboak…) osatu dute aurtengo Orereta Ikastolako eskaintza. Neurriak neurri, ahal izan dugun proposamenik osoena.
Argazki eta bideo bilduma bat egin dugu aurten zuen seme-alaben Eskola Kiroleko jardunaz bertatik bertara gozatzeko aukerarik izan ez duzuen familientzako goxagarri moduan. Egindako lanari ginga jarri eta aurtengo jarduna posible egin duzuen haur, guraso, hezitzaile, herriko nahiz eskualdeko eragile… guztiei gure eskerrik beroena emateko ere balio beza!