HIZKUNTZAK

Martxan da Errigorako udazkeneko kanpaina

Errigorako udazkeneko kanpaina martxan da. Datorren azaroaren 12a bitarteko epea dago saskiak eskatzeko. Kutxa Beltza (betikoa), Berdea (ekologikoa) eta Zuria (berezia) daude aukeran, 55€, 65€ eta 75€ren truke, hurrenez hurren.

Hementxe egin dezakezue online-eskaera: www.errigora.eus. Eskaera hemendik eginez gero, nahi izanez gero, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartearen bitartez jaso ahal izango duzue saskia Orereta-Errenterian bertan, azaroaren 27an udaletxeko aterpean 10:00 eta 19:00ak artean.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa erdialdea eta hegoaldea ditu ardatz eta euskara ofiziala ez den gunean eragin nahi du, eremu hartakoak bertakoak diren elikagaiei eta lehen sektoreari Euskal Herrian bidea emanaz.

Ohi bezala, aurten ere, saskietatik lortutako diruaren %25a Agerraldia indartzeko eta Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintza laguntzeko erabiliko da; tartean, bertako Ikastolei laguntzeko. Horrez gain, aurten elkartasuna biderkatuko du kanpainak: saski bakoitzaren 5€ AEK (saski beltza), Seaska (saski berdea) eta Sortzenentzako (saski zuria) izango dira. Ospatu ezin izan diren edo ezingo diren Korrika, Herri Urrats eta Sortzenen urteroko jaiak ekarritako galerak arintzeko, hain justu. Horiek horrela, kanpainan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu den-denok!

Informazio gehiago www.errigora.eus webgunean topatuko duzue.

errigora nafarroa