HIZKUNTZAK

Orereta Ikastolak enpresa batzordearekin batera adostuak ditu langileen hautaketa prozesuaren irizpide eta mekanika, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmenean araututakoari jarraituz.


  • Irakasle berriak/ordezkoak kontratatzeko prozedura

    1. Ikastolaren plangintza eta langile beharra aztertuko du Zuzendaritzak.
    2. Lanpostuaren profila definituko da. Zuzendaritzak edo arduradunak lanpostuaren profila definituko du (posturako beharrezkoak izango diren oinarrizko gaitasunak, funtzioak eta langileak bete beharko dituen konpetentziak).
    3. Hautaketa-prozesua prestatuko da. Lehenik eta behin, barne- edo kanpo-prozesua izango den erabakiko da. Ondoren, elkarrizketaz gain, proba espezifikoak egingo diren hala ez adostuko da. Azkenik, komunikazio arduradunarekin batera, deialdia prestatu eta argitaratuko da.

    Lan-eskaintza zabaltzeko erabiliko diren bideak


    • www.oreretaikastola.eus web orria
    • www.lansarean.eus web orria
    • Sare sozialak
    • Inika (familiak, langileak eta ikasle ohiak)
    • Oiartzo Batxilergo Ikastola (familiak eta langileak)

    Hautaketa-prozesua: prozedura


    1. Hautagaien lanketa egingo da. Webgunetik jasotzen diren curriculumen azterketa egingo da, eta elkarrizketarako, baremazioaren araberako aukeraketa egingo da. (Hautaketa prozesua kanpo-enpresa baten ardurapean uzten denean, hark aurkeztuko ditu elkarrizketarako hautagaiak).
    2. Elkarrizketak egingo ditu Kontratazio Batzordeak. Esperientzia, lan-ibilbide, funtzio eta konpetentzien balorazioa egingo da. Amaitzeko, hautagaien ebaluazioa eta baremazio orokorra egingo da.
    3. Baremazioan oinarritutako aukeraketa egin eta erabakia hartuko da. Ondoren, Zuzendaritzari jakinaraziko zaio.
    4. Kontratazioa egingo da eta horretarako dokumentuak eskatuko zaizkio aukeratua izan den hautagaiari.
  • Kontratazio eta langile fitxarako eskatu beharreko dokumentazioa

    • Izen-abizenak
    • NA zenbakia
    • Gizarte segurantza zenbakia
    • Kontu korrontearen zenbakia
    • Helbide elektronikoa
    • Lanaldia
    • Titulazioa
    • EGA titulua
    • Indarkeria sexistarik gabeko ziurtagiria
    • A2 digitalizazio ziurtagiria (irakaslea denean)
  • Ordezko irakasleen lan-poltsa osatzeko prozedura

    • Ordezkoen lan-poltsa osatzeko eta curriculumak jasotzeko deialdia zabalduko da, zerrenda berritzea beharrezkoa ikusten denean.
    • Beharrezkoa izango da egitea dagoeneko ordezkoen zerrendan zeuden kideak eskuragarri ez daudelako edota egindako lanaren ebaluazioa Zuzendaritzaren iritziz egokia izan ez delako.

    Lan-poltsa berritzeko erabiliko diren bideak


    • www.oreretaikastola.eus web orria
    • www.lansarean.eus web orria
    • Sare sozialak
    • Inika (familiak, langileak eta ikasle ohiak)
    • Oiartzo Batxilergo Ikastola (familiak eta langileak)

    Lan-potsa osatzeko prozedura


    1. Webgunetik jasotako curriculumak aztertu eta hautagaiak baloratzeko baremazioa egingo da.
    2. Elkarrizketak egingo dira. Esperientzia, lan-ibilbide, funtzio eta konpetentzien balorazioa egingo da. Amaitzeko, hautagaien ebaluazioaren hurrenkera jarraituz, ordezkapenak egiteko erabiliko den zerrenda osatuko da.
    3. Ordezkoaren kontratazioa egin aurretik, goiko puntuan (“Kontratazio eta langile fitxarako eskatu beharreko dokumentazioa”) aipatutako dokumentuak eskatuko zaizkio hautagaiari.
    4. Kontratazioa gauzatuko da.

    Ikasturtean zehar irakasleak beharko balira eta, zerrenda orokorreko kide guztiak deituta, lanerako gertu dagoen inor topatuko ez balitz, Zuzendaritzak eta Kontratazio Batzordeko kideek premiazko prozedura adostuko dute zerrenda berria osatu bitartean.

  • Kontratazio Batzordearen osaera

    Kontrataziorako Batzordea langileen eta Ikastolaren ordezkariek era bitarikoan osatuko dute:

    • Guraso ordezkaria
    • Langile ordezkaria
    • Ikastolako zuzendaria, etapetako zuzendaria edo beraiek izendatutako norbait (aholkulari moduan eta botorik gabe) Kontratazio Batzordeko partaide izango da.

    Langileen ordezkaritzari dagokionez:

    • Irakaslea denean kontratatu behar den pertsona, irakasleen klaustroak aukeratuko ditu irakasle ordezkariak.
    • Administrazio eta zerbitzuetako langilea denean kontratatu behar den pertsona, administrazio eta zerbitzuetako langileek osatuko du langile ordezkaritza.

    Horrez gain, Kontratazio Batzordeak beste pertsona batzuen edo egokitzat jotzen dituen kanpo-teknikarien aholkularitza eta laguntza ere jaso dezake.

  • Hautagaiak baloratzeko lehenengo baremazioa

    • ESPERIENTZIAREN ETA IBILBIDEAREN BALORAZIOA (70 puntu)
    • ALDEZ AURREKO IRAKASLE ESPERIENTZIA (gehienez 30 puntu)
      • Ikastoletan (EHI) lan eginagatik, lehiakide den talde profesionalari dagozkion espezialitateetako lanpostuetan. (Ikasturte oso bakoitzeko: 6 puntu | Hilabete edo urte zati bakoitzeko: 0.50 puntu | Egun bakoitzeko: 0.016 puntu).
      • Ikastoletan (EHI) lan eginagatik, lehiakide den talde profesionalari ez dagozkion espezialitateetako lanpostuetan. (Ikasturte oso bakoitzeko: 3 puntu | Hilabete edo urte zati bakoitzeko: 0.25 puntu | Egun bakoitzeko: 0.008 puntu).
      • Ikastolak (EHI) ez diren ikastetxeetan lan eginagatik, lehiakide den talde profesionalari dagozkion espezialitateetako lanpostuetan. (Ikasturte oso bakoitzeko: 3 puntu | Hilabete edo urte zati bakoitzeko: 0.25 puntu |Egun bakoitzeko: 0.008 puntu).
      • Ikastolak (EHI) ez diren ikastetxeetan lan eginagatik, lehiakide den talde profesionalari ez dagozkion espezialitateetako lanpostuetan. (Ikasturte oso bakoitzeko: 1,5 puntu | Hilabete edo urte zati bakoitzeko: 0.125 puntu | Egun bakoitzeko: 0.004 puntu).
    • IKASKETA TITULAZIOAK (BESTE TITULUAK) (gehienez 12 puntu)
      Lanposturako definitutako profilean eskatzen ez diren unibertsitateko titulazioak:

      • Gradu (edo lizentziatura) titulua (4 puntu).
      • Gradu-ondokoa / Doktore titulua / Masterra / Diplomatura (2 puntu).
      • Lanbide Heziketako goi-mailako ikasketak (2 puntu).
    • IKASTAROAK (gehienez 12 puntu)
      Ikastolen Elkarteak, hezkuntza-administrazioak, Hezkuntza Sailak, unibertsitateak, hezkuntza-erakundeek edo -elkarteek antolatutako irakasleen hobekuntzarako jardueretan parte hartu edota horiek koordinatzeagatik jasotako puntuak; beti ere lehiakide den talde profesionalari dagozkion espezialitatearekin erlazioa dutenean.

      • 30-60  orduko ikastaroa (2 puntu).
      • 60-100 orduko ikastaroa (4 puntu).
      • > 100 orduko ikastaroa (6 puntu).
    • HIZKUNTZAK (gehienez 10 puntu)
      • HABE 4 – C2 (4 puntu).
      • C1 (ingelesa, frantsesa…) (3 puntu).
        EGA edo euskarazko C1 maila oinarrizkoa da eta ez da baloratuko.
      • B2 (ingelesa, frantsesa…) (2 puntu).
      • B1 (ingelesa, frantsesa…) (1 puntu).
      • Zeinu-hizkuntza (2 puntu).
    • BESTE MERITUAK (gehienez 3 puntu)
      • Ikasle ohia (1 puntu).
      • Ikastolako gurasoa (1 puntu).
      • Orereta Ikastola Koop. E.-ko bazkidea (2 puntu).
      • Barne promozioa (3 puntu).
    • BIZITOKIA (gehienez 3 puntu)
      • Orereta-Errenteria (3 puntu).
      • Oarsoaldea (Lezo, Pasaia edo Oiartzun) (2 puntu).
      • Donostialdea edo Bidasoaldekoa (Donostia, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Usurbil, Hondarribia edo Irun) (1 puntu).
    • ELKARRIZKETA (30 puntu)
      • Ibilbide profesionalaren eta lan-esperientziaren kontakizunean eta elkarrizketan agertu duen jarrera. Berdintasun gaietan ala hezkidetzan ezagutza eta lan-esperientzia baloratuko dira (9 puntu).
      • Lanpostuaren funtzio, eginkizun eta eginbeharrak betetzeko gaitasuna (9 puntu).
      • Konpetentzia orokorren ebaluazioa: talde-lana, gatazken kudeakea, erakundearekiko konpromisoa | Lidergoari lotutako konpetentzien ebaluazioa: berrikuntza, baliabideen kudeaketa egokia, pertsonen garapena eta harremanak, ikuspegi estrategikoa. Lanpostuari lotutako konpetentzien ebaluazioa (posturako beharrezkoak izango diren oinarrizko gaitasunak eta langileak bete beharko dituen konpetentzia eta funtzioak) (9 puntu).
      • Orereta Ikastolan lanean aritua denean (praktikak edo ordezkapenak), Zuzendaritzaren balorazioa (3 puntu).
    • PROBA ESPEZIFIKOA
      Proba espezifikoak egingo badira, horiek gainditzea beharrezkoa izango da. (Hizkuntza frogak, teknikoak ala psikoteknikoak egin daitezke).
  • Lan-elkarrizketarako gidoia

    • Ongietorria: batetik, hautagaia jaso, adeitasunezko galderak egin eta egoeran kokatu. Eta bestetik, elkarrizketara bertaratuak eta lanpostuaren ezaugarriak aurkeztu.
    • Elkarrizketaren garapena: ibilbide profesionalean, ezagutza teoriko-praktikoetan eta konpetentzietan oinarritutako galdera-sorta.
    • Lan-ibilbidea
      • Zein izan da zure lan-ibilbidea eta zer azpimarratuko zenuke? Zergatik?
      • Zein izan da zure azken lana?
      • Zeintzuk dira zure etorkizuneko helburu profesionalak?
    • Ikasketak
      • Zeintzuk izan dira zure ikasketak? Zergatik aukeratu zenuen espezialitate hori?
      • Unibertsitate/lanbide heziketan ikasitako zerk (edo zein gaik) uste duzu prestatu zaituela lanpostu honetarako?
    • Lanposturako galderak (lanpostuarekin zuzenean lotura dutenez gain)
      • Zeintzuk uste duzu direla postu honetarako izan beharreko ezaugarri pertsonalak?
      • Zeintzuk dira lanpostu honetarako dituzun indarguneak?
      • Eta zer da hobetzeko izango zenukeena?
      • Zein izango litzateke Ikastolari egingo zeniokeen ekarpena?
    • Jarrera eta nortasuna
      • Lanean nolakoa zarela esango zenuke?
      • Eta zure lankide batek nola deskribatuko zintuzke?
      • Nolakoa izan beharko luke zure ustez erakunde (Ikastola) batek? Eta nolakoa langileen (irakasleen) arteko harremanak?
      • Zein pertsona motarekin izaten duzu lan egiteko erraztasuna? Eta norekin zailtasuna?
    • Talde-lana (konpetentzia): 
      • Zer da zuretzat talde-lanean aritzea?
      • Nola moldatzen zara taldeko kide moduan? Zein izaten da zure funtzioa taldean ari zarenean?
      • Nola lortzen duzu zure lankideekin konfiantzazko giroa?
      • Konta ezazu taldean hartutako azken erabaki bat. Nola izan zen prozesua eta nola eraman zen aurrera erabakia? Zein izan zen zure jarrera? Eta zeintzuk izan ziren zure ekintzak?
    • Gatazken kudeaketa (konpetentzia):
      • Deskriba ezazu lankide batekin izan duzun azken gatazka. Zer gertatu zen? Nola kudeatu zenuen? Zeintzuk izan ziren zure zailtasunak? Eta zeintzuk zure indarguneak?
    • Erakundearekiko konpromisoa (konpetentzia):
      • Zein eta nolakoa da Ikastolekin duzun edo izan duzun harremana? Eta zein da Orereta Ikastolarekin duzun harremana?
      • Zer dakizu Orereta Ikastolari buruz?
      • Zein da euskara eta euskal kulturarekin duzun harremana?
      • Ekimen, talde edo ideiaren batekin konprometituta sentitu eta mantendu izan zaren egoera bat azal ezazu.

    Lidergo postuetako kontrataziorako ondorengo konpetentziak baloratuko dira:

    • Berrikuntza (konpetentzia)
      • Deskriba ezazu lanean izan duzun eraldaketa garai handiena. Nola bizitu zenuen? Zein izan zen zure jarrera? Zer ikasi zenuen?
    • Baliabideen kudeaketa egokia (konpetentzia)
      • Konta ezazu nola lortzen duzun baliabideen kudeaketa egokia gauzatzea. Jarri adibide zehatza.
    • Pertsonen garapena eta harremanak (konpetentzia)
      • Zer egiten duzu pertsonen garapena sustatzeko? Eta nola eragiten duzu lankideen arteko harremanetan? Jarri ezazu adibide zehatza.
    • Ikuspegi estrategikoa (konpetentzia)
      • Deskriba ezazu estrategia eta balioak ezagutu eta aintzat hartzea garrantzitsua izan zen lan-egoera bat.

    Oharra: konpetentzietan oinarritutako elkarrizketan, egoeraren deskribapenari, gauzatutako lana edo zereginari, aurrera eramandako ekintzei eta lortutako emaitzari erreparatuko zaio, eta bere kontakizunean konpetentzia hori lortzeko jokabideak agertzen dituen aztertuko da.

    • Elkarrizketatuari galderak egiteko tartea eskaini.
    • Amaiera: elkarrizketaren ondorengo pausoen berri eman, elkarrizketa amaitu eta hautagaia agurtu.
    • Jasotako ideiak elkarbanatu, baremazioa egin eta erabakia hartu.
  • Langile berri/ordezkoen ebaluazioa eta baremazioa

    Ikasturte amaiera bakoitzean, langile berrien edota ordezkoen jarraipena eta ebaluazioa egingo du etapako zuzendaritza-taldeak, langile berri horiekin lan egin duten lankide batzuekin kontrastea eginda. Beraz, izendatutako arduradunak ebaluazioa beteko du. Modu horretan, Orereta Ikastolan lanean aritu direnenen baremazio-zerrenda osatuko da. Hortaz, ebaluazioaren emaitzen arabera, Ikastolan jada lanean aritu direnen eta ordezkapenak egiteko aukera dutenen zerrenda egongo dira. Ebaluazioa ondorengo ataletan oinarrituta egingo da:


    Konpetentzia orokorrak


    • Talde-lana
      • Elkarlanerako gaitasuna
      • Pertsonen arteko harremanerako gaitasuna
    • Gatazken kudeaketa
      • Ideiak argi eta asertibitatez adierazteko gaitasuna
      • Entzuteko gaitasuna
      • Adimen emozionala
    • Erakundearekiko konpromisoa
      • Ikastolako ohiko eskola jarduerak
      • Ikastola komunitatean parte hartzea
      • Euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa

    Lidergorako konpetentziak
    Zuzendari nagusia, zuzendari pedagogikoa, etapako zuzendariak, etapetako koordinatzaile edo albokoak, berrikuntza arduraduna, aholkularia, orientatzailea, komunikazio arduraduna, IKT arduraduna, zerbitzu arduraduna, mantenu arduraduna eta eskolaz kanpoko ekintzen arduraduna


    • Berrikuntza
      • Berrikuntzarako gaitasuna
      • Ikasteko gaitasuna
    • Baliabideen kudeaketa egokia
      • Baliabide ekonomikoen kudeaketa
      • Pertsonen kudeaketa
    • Pertsonen garapena eta harremanak
      • Pertsonen garapena
      • Pertsonen harremanak
    • Ikuspegi estrategikoa
      • Estrategian eragina
      • Estrategia eta balioekin lotura
      • Estrategia eta erantzunkizuna

    Funtzioak


    • Lanpostuaren funtzio, eginkizun eta eginbeharrak ezagutzen ditu eta betetzen ditu.
    • Hezkuntza-jarduerak edo eguneroko lan-jarduerak prestatu, antolatu, planifikatu eta gauzatzen ditu.
    • Ezarritako helburuak betetzen ditu.
    • Lan-ordutegia betetzen du eta izan ditzaken hutsegiteak aurreikusi eta behar bezala antolatzen ditu. Gainera, aparteko egoerei arreta emateko, malgutasuna eta prestutasuna agertzen du.

    Konpetentzien ebaluazioa betetzeko konpetentzien hiztegian jasotzen diren jokabideak agertzen dituen ala ez aztertuko da.

    Ebaluazioa 1etik 4ra egingo da, ondorengo irizpideak jarraituz:

    Puntuazioa
    Konpetentzia
    Funtzioa
    1
    Hasierakoa
    Desegokia
    2
    Oinarrizkoa
    Arrunta
    3
    Beregain duena
    Egokia
    4
    Aditua
    Oso egokia

    Azkenik, konpetentzietan eta funtzioetan oinarritutako balorazio orokorra egingo da.

    Esperientzian oinarritutako balorazioak goian aipatu den lehenengo baremazioa osatzen du. Horregatik, Zuzendaritzak egiten duen konpetentzietan eta funtzioetan oinarritutako balorazioak lehentasuna izango du goian aipatu den lehenengo baremazioarekiko. Eta beraz, langileen baremazio hurrenkera zerrenda ebaluazio edo informazio osagarri hau kontuan izanda egingo da.

  • Curriculumen kudeaketa

    • Ikasturte amaiera bakoitzean (maiatza amaieran) emaila (behean adibide bat) bidaliko zaie momentu horretan CVa Orereta Ikastolaren datu-basean duten pertsonei haien curriculumak ezabatuko direla adieraziz (arduraduna IKT arduraduna)
    • Hurrengo ikasturterako beharrak asetzeko edota ordezkoen lan-poltsa osatzeko, Orereta Ikastolan lan egin nahi dutenek berriro ere curriculuma bidaltzeko epea (ekainetik iraila erdia arte) zehaztuko da. Urtean zehar curriculumak bidaltzeko aukera ere zabalik utziko da.

     


    Curriculumak ezabatuko direla adierazteko emaila

    Kide agurgarria:

    Mezu honen bidez, zure curriculuma gure datu-basetik ezabatu egingo dugula jakinarazi nahi dizugu, datu-basea eguneratuta mantendu ahal izateko.

    Beraz, hurrengo ikasturtean gurekin lanean aritzeko interesik izango bazenu, erregistratu berriro zure curriculum-a oreretaikastola.eus webguneko “gurekin lan egin” atalean. Bertan datuak, lan-ibilbidea eta ikasketak eguneratu, mesedez. Gaurtik hasi eta abuztuaren 31ra arteko epea izango duzu horretarako.

    Ondoren, jasotzen ditugun curriculum-ak barematu, elkarrizketak egin eta ordezkapenetarako zerrenda osatuko dugu. Horretaz gain, hurrengo ikasturterako plangintza osatu eta epe luzerako ordezkapenen bat aurreikusten badugu, dagokion hautaketa prozesua jarriko dugu martxan.

    [Hala badagokio, hurrengo ikasturterako titulazio/profil-lehentasunak zerrendatu]

    Besterik gabe, Orereta Ikastolan lan egiteko interesa izango duzulakoan, jaso ezazu gure agurrik beroena.