HIZKUNTZAK
  • Eskola Kirola

    Informazio praktikoa eta xehetasunak

Ohar garrantzitsua: COVID-19ak eragindako pandemiagatik, egoera aldakorra izan daiteke.


2020.11.28

Asteburuko proposamena

Gogotsu manten gaitezen! Oarsoaldeko Eskola Kiroleko mahaitik mendi irteera interesgarriak proposatuko dizkigute. Asteburu honetan Urdaburu edo Tximistarri aldera joatea da asmoa. Ez da nahitaezko hitzordua. Aukera polita izan daiteke familian mendiaz gozatzeko!


2020-21 ikasturteko ezohiko proposamenaren xehetasunak

Eskola Kirolarekin, besteak beste, heziketa, garapen psikosoziala, inguruarekiko errespetua, talde-lana eta euskara sustatu nahi ditugu, eskola-orduz kanpoko kirol jardueren bitartez. Arrazoi horiengatik, osasun, segurtasun eta higiene neurriak errespetatuz, inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zaio Ikastolari Eskola Kirola presentzialari ekitea.

Horiek horrela, bizikidetza-taldeak errespetatuz, aurtengo proposamena:

  • LH 1. mailatik 6.enera arteko eskaintza da (LH 1. eta 2. mailan ohiko “jolasak eta psikomotrizitatea” ekintza da)
  • Eguerdian zein arratsaldean egin ahal da
  • Astean behineko saioak dira
  • Asteburuko jardunaldia mantentzea aurreikusten da (LH 3. mailatik 6.enera arteko haurrentzat)
  • Ordutegia eta egutegia

    Eskola Kirola astean behineko ekintza da eta eguerdian edo arratsaldean egin ahal da, ondorengo egun eta orduetan:

    EGUERDIA

    • LH1-2: astelehenetan, 13:30-14:30

    • LH3: ostiraletan, 13:30-14:30

    • LH4: asteartetan, 12:30-13:30

    • LH5: asteazkenetan, 12:30-13:30

    • LH6: ostegunetan, 12:30-13:30

    ARRATSALDEA

    • LH1-2: astelehenetan, 16:30-17:30

    • LH3: asteazkenetan, 16:30-17:30

    • LH4: ostegunetan, 16:30-17:30

    • LH5: asteazkenetan, 16:30-17:30

    • LH6: ostegunetan, 16:30-17:30

    Arratsaldeko saioen ondoren, garraio-zerbitzua eskaintzen da herrira jaisteko. Autobusa Errioxa plazara jaisten da 17:45erako.

  • Espazioak

    Eguerdietan, Eskola Kiroleko espazioen banaketa jolasgaraiko eta jangela orduko bizikidetza-taldeen espazio-banaketaren berbera da. Hau da, jolasgarai zein jangela-orduko espazio-banaketak errespetatzen dira. Horrez gain, taldeak txandakatuz, saio batzuk Oiartzoko kirol-instalazioetan egiten dira.

    Arratsaldetan, Añabitarteko espazio guztiak erabilgarri egoten direnez, eguerdian baino gune gehiago egoten dira Eskola Kirolerako eta ez da eguerdietako espazio-banaketa bera egiten.

  • Osasun, segurtasun eta higiene neurriak

    Ikastolako eskola-orduetan (eta bereziki gorputz heziketako saioetan) aintzat hartzen diren neurri eta protokoloez gain, Eskola Kiroleko saioetan honakoak ere kontuan izaten dira:

    • Begiraleak beti musukoa jantzita ibiltzen dira, eta haurrak ahalik eta denbora gehienean ere bai.

    • Ahal den neurrian, saioak kontakturik gabekoak izaten dira, beharrezkoa bada balitz joko-arauak egokituz. Ahal den guztietan, aire librean burutzen dira.

    • Ahal den neurrian, materiala partekatzea saihesten da.

    • Ikastolako bizikidetza-taldeak errespetatuz, taldeak gehienez ere 15 pertsonakoak dira (hezitzailea barne). Azpi-talde egonkorrak sortzeko saiakera egiten da.

    • Aldagelak ezin dira erabili eta, beraz, dutxatzeko aukerarik ez dago.

    • Hezitzaile guztiek COVID-19aren gaineko online formazioa jaso dute.

    • Eskolen arteko topaketa/saiorik ez da izango, gutxienez, urtarrilera arte.

  • Prezioa

    Aurtengo Eskola Kiroleko eskaintzaren prezioa hilean 8€koa da, urritik maiatzera.

  • Asteburuetako jardunaldiak

    Asteburuetako jardunaldiak urriaren 17an hasiko dira; momentuz, ikastetxeka. Horiek horrela, Ikastolak horrela jokatuko du: Ikastolako bizikidetza-talde berberak errespetatuko dira asteburuko jardunaldietan, astean zeharreko saioetan egiten den gisan. Gutxienez urtarrilera arte ez da aurreikusten ohiko talde-kiroletako partidurik.

    Gaur gaurkoz, egoera aldakorra izan daitekeela jakinik, ondorengo jarraibideak hartuko dira aintzat asteburuko jardunaldietan:

    • Jardunaldi guztiek beren protokolo propioa izango dute, egingo den ekintzaren arabera aldakorra izan daiteke eta. Protokolo horietan, instalazioetarako sarrera-irteerak, erabilitako materialen desinfekzioa, etab. zehaztuko dira.

    • Momentuz, kontrako argibiderik izan artean, gurasoek ezingo dute kirol instalazioetara sartu. Haurren topagunea instalazioaren kanpoaldean jarriko da beti. Astean zehar jakinaraziko dizkizuegu asteburu horretako xehetasunak, pasa den ikasturtean egiten genuen gisan.

    • Gaur gaurkoz, ezingo da aldagelarik erabili.

    • Puntualtasuna inoiz baino garrantzitsuagoa izango da, hori ez betetzeak antolaketa osoan eragin dezakeelako.

    Familiei ulermena, elkarlaguntza eta pazientzia eskatzen dizuegu. Ahal dugun hobekien antolatuko dugu dena eta pixkanaka neurria hartzen joango gara Eskola Kirolaren errealitate berri hau izango den erronkari kalitatez, segurtasunez eta konfiantzaz erantzun ahal izateko.

    Gogoratu asteburuetako jardunaldiak LH3. mailatik 6.enera arteko haurrei zuzendutako saioak direla (LH1. eta 2. mailakoei ez zaie hori eskaintzen).

  • Hainbat dokumentu interesgarri/garrantzitsu

  • Helburuak

    • Kirolaren eta jarduera fisikoaren balioak sustatzea.

    • Elkarbizitza sustatzea. Ikastolako kirol-taldeek Ikastola ordezkatzen duten neurrian, txiki-txikitatik autoestimazioa eta norberak bere buruaganako konfiantza lantzea. Horrekin batera, egoera desberdinetan izan behar dituzten jarrerak eta balioak lantzea (emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna, tolerantzia, integrazioa, aniztasuna, elkartasuna, kiroltasuna, epaile zein beste taldeetako jokalariekiko errespetua, joko garbiaren balioa, erantzukizuna eta konpromisoa, joko-arauekiko begirunea…).

    • Euskararen erabilera sustatzea eta bermatzea.

    • Adin ezberdinetara egokitutako kirol-jarduerak ikastea, jolasa ardatz hartuta.

    • Etorkizunean ohitura osasuntsuak izaten lagunduko dien kirol-aniztasuna bermatzea. Haurrari jarduera eta modalitate ugari ezagutu eta bizitzeko aukera ematea, etorkizuneko bere aukeraketa errazten laguntzeko asmoz.

  • Araudia

    Ikasleak

    • Eskola Kiroleko programan izena emateak astean zeharreko saioetan eta asteburuetako jardunaldietan parte hartzeko erantzukizuna dakar berekin, neska–mutilek hartzen dituzten konpromisoak betetzen ikas dezaten. Horretarako, beharrezkoak dira gurasoen lankidetza eta konpromisoa.

    • Saio nahiz asteburuetako jardunaldietara etortzerik ez izatekotan, horren berri eman behar da.

    • Saio zein partiduetan puntualtasuna eskatzen da.

    • Saioetako eta asteburuetako jardunaldietako hizkuntza euskara da eta hura erabili behar da.

    • Saioetara nahiz asteburuko ekintzetara arropa eta oinetako egokiak ekarri behar dira.

    • Kideak, arerioak, epaileak eta entrenatzaileak errespetatu eta errespetuz tratatu behar dira. Baita Ikastolako beste edozein langile ere.

    • Ikastolako arauak, segurtasun-neurriak eta arduradunen erabakiak errespetatu behar dira.

    • Ikasleak instalakuntzak eta materiala egoki erabiliko ditu. Erabilera desegokiagatik ikasleren batek kalterik eragingo balu, konponketa hark ordaindu beharko du.

    • Saio edota jardunaldiarekin loturarik ez duten objektu edota materialik ez du ekarriko haietara.

    • Garapen-helburuak lehiakortasuna baino garrantzitsuagoak dira.

    • Jarrera desegokiak errepikatzen direnean, Ikastolako arduradunak arauak behin eta berriz hausten dituen ikaslearen jarrera hobetzen saiatuko dira elkarrizketaren bitartez. Horrez gain, gurasoak horren jakitun egingo ditu Ikastolak. Horiek eginda ere ikasleak jarrera aldatzen ez badu, diziplinazko neurria ezarriko zaio eta kirol anitzeko programan parte hartzeko eskubidea galdu ahal izango du.

    • COVID-19agatik ezarritako osasun, segurtasun eta higiene neurriak errespetatu behar dira.

    Ikastolako arduradunak

    • Ikastolako langileak patxadaz, pazientziaz, atentzioz eta egoki zuzenduko zaizkie ikasleei.

    • Malgutasunez, koherentziaz eta arduraz jokatuko dute.

    • Kirol anitzeko programa hezkuntza proiektuaren parte izateko irizpideen baitan egingo dute lan.

    • Euskara izango da lanerako hizkuntza.

    • Saioetako sarrera-irteerak eta saioak berak lasaiak, egokiak eta errespetuzkoak direla bermatzen saiatuko dira.

    • Ikastolako langileek arauak errespetaraziko dituzte. Baita bizikidetzarako oinarrizko jokabideak sustatu ere.

    • Kirol anitzeko programaren funtzionamendu egokiaz arduratuko dira. Hala dagokionean, aldez aurretik adostutako disziplinazko neurriak betearazteaz arduratuko dira.

    • COVID-19agatik ezarritako osasun, segurtasun eta higiene neurriak errespetatuko dituzte.

    Ikus Ikastolako Funtzionamendu eta Elkarbizitzarako Araudia

  • Altak eta bajak

    Urte osoko zein denboraldi bateko kontratazioak aldatzeko, eskatzeko edota bertan behar uzteko:

  • Kontaktua

    Unai Esnal (Eskola Kiroleko arduraduna)