HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (24.06.07)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


2024-25 ikasturteko behin betiko eskola-egutegia

2024-25 ikasturteko HH, LH eta DBHko behin betiko egutegiak hemen dituzue ikusgai, Ikastolako Hezkuntza Batzordearen onarpenarekin eta Hezkuntza Sailaren oniritziarekin. Haur Eskolako eskola-egutegia oraindik ez dago borobildua, itxi bezain pronto emango dizuegu haren berri. Lan-egutegien berri ere hurrengo asteetan emango dizuegu.

Itxi beharrekoak ixtean jarriko dugu guztia langile atarian (gainaldean ezkerrean dauden ikonoetan).

Ikastolak urrezko Bikain ziurtagiria erdietsi du

Otsailean adierazi genizuen Ikastolak Bikain ziurtagiria (Eusko Jaurlaritzaren euskararen kalitate ziurtagiria) izateko eskaera egina zuela; azken urteetan ez duela berritu lehendik zuena eta horri heldu zitzaiola. Hala behar diren txostenak aurkeztu eta ebaluazio-prozesua pasa ostean, aste honetan jakin dugu urrezko Bikain ziurtagiria erdietsi duela Ikastolak, maila goreneko ziurtagiria, hain justu. Eskerrik asko lan honetan ibili zaretenei!

Ikastolaren Eguna 2024: eskerrik asko!

Ikastola Eguna pasa berritan, larunbateko festan modu batera edo bestera parte hartu eta ospakizuna posible egin zenuten denei eskerrak eman nahi dizkizuegu. “Elkarrekin”, horixe izan zen larunbatekoa laburbiltzeko hitza; jarri nahi diozuena eta nahi adina aurretik edo atzetik.

Langile atarian (albisteen sailean) duzue larunbatekoaren laburbilduma. Datorren urtean, gehiago!

Kilometroak 2024: Tanta zozketa-txartelak

Aurtengo Kilometroak Eguna urriaren 6an ospatuko da Azpeitian, Ikasberri Ikastolak antolatuta eta haren alde.

Ikastolok, Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren alde egiten eta hura egikaritzen jarraitu ahal izateko, bultzada ekonomikoa behar izaten jarraitzen dugu. Urtero egiten den Tanta zozketa-txartelen salmenta da Kilometroak eta Ikastolen aldeko beste jaien diru-iturri nagusietako bat; arropa-salmentarekin batera. Horregatik, elkartasun keinu gisa, langile bakoitzak zozketa-txartel bat jaso genuen martxoan.

Tanta zozketa-txartelen zozketa ekainaren 21ean egingo da eta zenbaki sarituak 60.000€ jasoko ditu. Zozketa-eguna iristear denez, azken gonbidapena egin nahi dizuegu Ikastolako langileei Tanta txartelen bat gehiago erosteko. Animatuz gero, pasa zaitezte Añabitarteko edo Esmalteriako Ikastolaren bulegotik txartelak zuzenean bertan erostera.


ETAPA ARTEKOAK


DBH1 | Euskal Olinpiadak, Ziburun

DBH 1. mailako ikasleak Ziburun dira gaur Piarres Larzabal kolegioko ikaskideekin euskal olinpiadak egiten. 12:30ak arte ariko dira olinpiadetako desafioetan, eta ostean elkarrekin bazkalduko dute Ziburuko Ikastolan bertan. Astea amaitzeko modu ederra!