HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.03.17)

 


Etapa mailakoak


Zaintzak

Oporretatik itzultzen garenean, zaintza orduak INIKAren bitartez komunikatzen hasiko gara. Horrez gain, oraingoz, ahoz ere jakinaraziko dira. Horretarako, zuen zaintza orduak INIKAn ordutegiaren barruan sartzea ezinbestekoa izango da. Aurrerago, jakinaraziko dizuegu nola eskatu eta onartu zaintza orduak INIKAren bitartez.

Atzegikoen hitzaldia

Datorren astelehenean, hilak 20, Atzegikoen hitzaldiak izango ditugu LH6. mailan.

  • 09:30-10:30  6A-6B
  • 11:00-12:00  6C-6D

Igartubeitira bisita

Datorren ostegunean, hilak 23, LH 3. mailakoek Igartubeiti baserrira egingo dute bisita.

Mindarako sentsibilizazio saioak

Datorren ostegunean, hilak 23, LH5A gelakoek Mindara elkarteko sentsibilizazio saioa jasoko dute, goizeko 9:00etatik 11:00etara. Ordu tarte horretan goiko eremua libre utzi beharko da saioa aurrera eraman ahal izateko.

Ebaluazio bilerak

Datorren astean ebaluazio bilerak egingo ditugu.

  • Martxoak 20: LH5
  • Martxoak 21: LH6
  • Martxoak 22: LH4

Gogoratu bileren ordena mailako irakasleen artean adostea.

Bilerak 13:30ean egingo ditugu maila bakoitzeko gela batean (egunean bertan zehaztuko dugu).

Batasunaren Bidean

Hemen bidaltzen dizkizuegu martxoaren 24ko giza katearen inguruko zenbait xehetasun. Besteak beste, ikasleekin aurrez egin beharreko lanketa eta egunean bertan jarraituko den dinamikaz ari den dokumentua da.

Datorren astearen hasieran, ekimenaren antolaketaren inguruko informazio gehiago emango zaizue.

Giza katea egiteaz gain, Zubiak Eraikiz proiektuan parte hartzen duten geletako ikasleek, Ikastolan bazkalduko dute egun horretan, iparraldeko ikaskideekin batera.

Bestalde, ostiral arratsaldean, Euskaltzaindiako euskaltzainen bisita jasoko dugu Ikastolan. Euskaltzainak LH 5. eta LH6. mailetako ikasleekin elkartuko dira. Honen ondorioz, gela hauetan Euskaltzaindiaren inguruko lanketatxo bat egiteko materiala bidaliko zaizue.

Asteko kanta

“Batasunaren bidean” ekimenaren harira, Janus Lester musikariaren Dap Dap kanta entzungo dugu, giza katea egin ondoren kanta honen koreografia dantzagarri xumea dantzatzea proposatuko baitzaigu.

Hona hemen esteka: https://www.youtube.com/watch?v=jZn1Nsm8Cvo


Ikastola mailakoak


Berritasunak NextCloud-en

Bi berritasun nagusi egin dira azken egun hauetan NextCloud-en: “zereginak” izeneko funtzionalitate berria gehitu da eta OIKSko prozesuen ataleko karpeten antolaketa egokitu da.

“Zereginak” funtzionalitate berria NextCloud-eko hasierako orrialdean topatuko duzue, goian ezkerraldean. Haren bitartez, zereginen eta azpi-zereginen zerrendak osatu eta antola daitezke, baita horiek partekatu ere.

OIKSko prozesuen karpeten antolaketa egokitu da, lehengoa hobetzeko asmoz. Karpeta gutxiago topatuko dituzue lehen mailan, multzokatu egin baitira.

Aldaketak LHko zuzendaritza-taldean

“Gure” Anjelmari Elkanok erretiroa hartu du eta Onintza Zabala jardungo da hemendik aurrera zuzendari-lanetan. Eskerrik asko, Anjel!

Oiartzo: aurrematrikulazioa 23-24

2023-24 ikasturtean batxilergo-ikasketak egiteko aurrematrikulazio-epea martxoaren 27tik apirilaren 21era artekoa izango da. Kanpaina bere horretan martxan jarri aurretik, jada Oiartzoko lankideak Haurtzaro eta Oreretan izanak dira, bateko zein besteko DBH 4. mailako ikasleek Oiartzo bisitatu dute eta ate irekien saioa atzo egin zen. Aurreikuspena 2023-24 ikasturtean, 1. mailan, hiru lerro izatea da. Egun, lau lerro daude bi mailetan.

Basoen Nazioarteko Eguna: Añabitarteko baso-eskola auzolanean garbitzeko gonbita

Basoen Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a. Horri lotuta, baso-eskolako lantaldeak Añabitarteko gunea auzolanean garbitzeko goiz-pasa antolatu du. Martxoaren 19an izango da, 11:00etatik 13:00etara. Arropa eta oinetako egokiak ekartzea komeni da, baita hondakinak biltzeko eskularruak ere. Bukatzean, indarrak berreskuratzeko, mokadutxoa Ikastolaren kontura.

Familiak ari dira animatzen. Zuek ere parte hartu nahi izango bazenute, eman izena langile-atarian topatuko duzuen inprimakia betez.

Esmalteriako Ostiralak: sukaldaritza-tailerra Añabitarteko sukaldean

Datorren martxoaren 31n, ostirala, sukaldaritza tailerra antolatu du Ikastolak hiru eta bost urte arteko haurrak dituzten familientzako. Añabitarteko sukaldean izango da, 17:15etik aurrera. Joateko asmoa izanez gero, bete langile-atariko inprimakia.

Ikastolako Udalekuak 2023

Urtero legez, Ikastolak aurten ere antolatuko ditu Udalekuak. Ekainaren 26tik uztailaren 21era izango dira, 2 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzako (HH2-LH6). Maiatzaren 10era arteko epea dago izena emateko. Langile-atarian topatuko dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.


Etapa artekoak 


Ikastola kardiobabestua: DBH 4. mailako ikasleak Berako Labiaga Ikastolan

Gure pertsona ereduarekin bat eginez, “osasun orekaren zaintzaile” izateko hezten ditugu ikasleak. Horren erakusgarri da atzo DBH 4. mailako hainbat ikaslek Berako Labiaga ikastolara egin zuten bisita. Bertako ikasleei kardiobabesari buruzko saioa eta azalpena eskaini zieten. Bejondeiela, lan ona egin baitzuten. Bide batez, eskerrak eman ikasleak horretarako prestatzen dituen kirol mintegiko kideei ere.

DBH 3. mailako Julene Bernal Irastorza, Asun Casasola narrazio-lehiaketan saritua

DBH 3. mailako Julene Bernalek irabazi du Asun Casasola narrazio-lehiaketaren gazte mailako euskarazko aurtengo saria; orain dela 7 urte hasi zen ipuin labur-lehiaketa euskarazko eta gaztelaniazko sariak banatzen. Aurten 350 lan baino gehiago jaso dituzte, bai Euskal Herritik, baita munduko hainbat lekutatik ere.

“Edur naiz” (irakurri langile atarian, albisteen atalean) du izena Julenek idatzitako ipuinak eta lehiaketaren oinarriei jarraituz, mutilek edo gizonek indarkeria matxistaren aurrean zer egin beharko dutenaren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu. Zorionak, Julene!


Bestelakoak


Saharako errefuxiatuak: janari-bilketagatiko eskertza eta “Uda bateko besarkada” kanpaina

Urtarrilean Saharako errefuxiatu kanpamentuetarako janari eta baliabide bilketa egin genuen Ikastolan. Kanpaina antolatzen duen elkartetik esker-mezua jaso dugu eta hala helarazi nahi dizuegu ekimenean parte hartu zenuten denei.

“Oporrak bakean” haur errefuxiatu sahararren udako harrera programa da. “Uda bateko besarkada” kanpaina jarri dute abian harrera familiak lortzeko. Interesik izanez gero, www.oporrakbakean.eus webgunean topatuko dituzue xehetasun gehiago. 

Hainbat artikulu interesgarri