HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (23.05.05)


ETAPA MAILAKOAK


Maiatzak 9

Maiatzaren 9ko arratsaldeko ordu osagarriak norbere lanetarako utziko ditugu.

Odol azterketak

Maiatzaren 26an, odol eta gernu azterketak egingo dira Linon. Ordutegien taula Esmalteriako irakasle gelan eta Linoko bulegoko arbelean izango duzue ikusgai gaurtik aurrera.


IKASTOLA MAILAKOAK


[TUTOREENTZAKO MEZUA] Ikastolako familien euskara-mailaren diagnostikoa

Ikastolako familien euskara-mailaren oinarrizko diagnostikoa egin nahi dugu hortik ateratako datuekin Ikastolako hizkuntz politika eta bertan ezartzen diren hizkuntz erabilera irizpideak eguneratu edota fintzeko.

Horiek horrela, tutore zaretenoi ondorengoa eskatzen dizuegu: bete excel orri honetako zuen ikasgelari dagokion erlaitza ikasleen gurasoen euskara-maila zein den adieraziz. Maiatzaren 14a da horretarako azken eguna.

Aldez aurretik, eskerrik asko!

Prestakuntza: eskaintza berria

Naturan Hezi III Topaketei buruzko informazioa eskuragarri duzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).

Kilometroak 23: hainbat aipamen

ENTZUNGAI DA GAURTIK “ERRIOLA” KANTA!

Kilometroak 23k badu soinu banda: “Erriola”, urriaren 1ean herrian egingo den jaiarekin amaituko den Kilometroak urte osoko egitasmoaren leloaren izen bereko kanta. Izan ere, gaurdanik, maiatzak 5, entzungai da audio plataforma nagusienetan (Spotify, iTunes…) Kilometroak 23rako propio Jon Maia Soria bertsolariak eta Janus Lester taldeak osatutako kanta. Langile atarian ere entzun dezakezue.

Janus Lesterrek bihar, maiatzaren 6an, joko du zuzenean “Erriola” kanta estreinakoz Agirre Lehendakaria plazan (Linon), gaueko 21:45ean, Kilometroak 23ren egitarauko “12 orduz Erriolan” kultur maratoiari amaiera emateko. 21:45ean abestia aurkeztuko da eta ondoren, 23:00ak arte, Janus Lester taldeak kontzertua eskainiko du.

Igo bolumena, hemen da aurtengo udako kanta!

“12 ORDUZ ERRIOLAN” (MAIATZAK 6): EGITARAUA

Agirre Lehendakaria plazak (Lino) “12 orduz Erriolan” ekimena hartuko du bihar, maiatzak 6 (larunbata). Kilometroak 23ren markoan, Orereta Ikastolak herriko eta inguruetako eragile eta artistekin osatu duen kultur maratoia izango da; 11:00etan hasi eta 23:00etara arte euskara ardatz izango duten arte diziplina ezberdinetako emanaldiak jasoko dituen egitaraua.

Gorago esan bezala, egunari amaiera emateko Janus Lester musika taldeak Kilometroak 23rako konposatu duen “Erriola” abestia eskainiko du lehen aldiz jendaurrean.

Ikusi “12 orduz Erriolan” ekimenaren egitaraua langile atarian.

Herri Urrats: autobusa Ikastolatik

2023ko Herri Urrats festa maiatzaren 14an ospatuko da Senpereko lakuan, “Urratsak zubi” lemapean. Ikastolak hara joateko autobusa antolatzeko asmoa du, Ipar Euskal Herriko Ikastolek guztion babesa eta ekarpena zinez eskertuko baitute.

Autobusa Iztietako geltokitik aterako da goizeko 9:00etan eta 19:00etan abiatuko da Senperetik bueltan herrira. 13€ (helduak) eta 8€ (adin txikikoak) kostako da joan-etorria.

Autobus-zerbitzua jarri ahal izateko beharrezkoa dugu zenbat jendek erabiliko lukeen jakitea. Herri Urratsera Ikastolak antolatutako autobusean joan nahi izanez gero, bete, mesedez, langile atarian topatuko duzuen inprimakia. Datorren maiatzaren 9a da horretarako azken eguna. Ondoren, jasotako eskaera-kopurua nahikoa izan eta autobus zerbitzua jarriko balitz, izena ematen dutenekin zuzenean jarriko gara harremanetan.

Esmalteriako Ostiralak: Musikoterapia saioa (maiatzak 12)

Esmalteriako Ostiralak ekimenaren parte, datorren maiatzaren 12an, ostirala, musikoterapia saioa antolatu du Ikastolak. 1-2 urteko haurrentzako eta haien familientzako izango da, Ikastolako Esmalteriako egoitzan, 17:00etan hasita. Aran eta Esti Mujika Tolaretxipi musikoterapeutek zuzenduko dute saioa.

Joateko asmoa izanez gero, bete langile atarian topatuko duzuen inprimakia. Maiatzaren 10a da izena emateko azken eguna. Plaza mugatuak izango dira: 12 haurrentzako eta haiekin etorriko diren beste hainbeste pertsona heldurentzako izango da lekua.


BESTELAKOAK


Hainbat artikulu interesgarri