HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (23.04.21)


ETAPA MAILAKOAK


Klaustroa

Datorren asteartean klaustroa izango dugu ohiko leku eta orduan. Gai-zerrenda astelehenean izango duzue ikusgai.


IKASTOLA MAILAKOAK


Kilometroak 23: hainbat aipamen

ERRIOLA KANTA HEMEN DA!

Kilometroak 23ren “Erriola” kanta Jon Maia Soriak (hitzak) eta Janus Lester taldeak (musika) egin dute, eta maiatzaren 5ean aurkeztuko da. Hemen duzue aurrerapen txiki bat.

DENDA: DENBORALDI BERRIKO ARROPA ETA OSAGARRIAK SALGAI

Udaberria heldu da; eta horrekin batera, Kilometroak dendako arropa eta osagarrien bilduma berria ere bai. Gaurtik dira salgai herriko enparantzako dendan. Anima zaitezte udaberrian eta udan ere Erriola janztera!

APIRILAK 23: ERRIOLA KONPARTSA PONTIKAKO FESTETAN

Erriola konpartsa sortu da eta badu lehen hitzordua: apirilaren 23an, 13:00etan, Pontika auzoko kaleak girotuko ditu. Trikimakoak, buruhandiak, dantzariak eta trikitilariak arduratuko dira horretaz. Gonbidatuta zaudete Pontikako festez eta Erriola konpartsaz gozatzera!

Prestakuntza: eskaintza berria

2023-2024 ikasturterako IRALE programak izango duen eskaintzari buruzko informazioa eskuragarri duzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).


ETAPA ARTEKOAK


LH | 4. mailako ikasleak, komikigile

LH 4. mailako ikasleek komikigintza landu dute bigarren hiruhilekoan, plastikako saioetan. Komikia zer den eta zein ezaugarri dituen aztertuz hasi zuten proiektua. Komikiaren ezaugarriak identifikatu, pertsonaien sorkuntzan trebatu eta istorioak landu ondoren, ikasle bakoitzak komiki bat sortu zuen eta ikasgela bakoitzean komiki bilduma bat osatu zuten ikaskide guztien lanekin.

Proiektuari amaiera emateko, Komikiaren Egunaren (martxoak 17) aitzakian, beren sorkuntzak Lekuona Fabrikako komikien gunean utzi zituzten, herritar guztiek horiek ikusteko aukera izan dezaten; katalogotatuta baitaude edonork edonoiz maileguan hartzeko aukera izan dezan, beste edozein libururen gisan.

Ikusi sorkuntza prozesuaren bideoa eta ikasleek egindako komikien bilduma langile atarian (albisteen atalean).


BESTELAKOAK


Oarsoaldeko Hitza: harpidetza-kanpaina

Oarsoaldeko Hitzak harpidetza-kanpaina bat jarri du martxan. Gure bailarako euskara hutsezko prentsa hedabide bakarra da eta Ikastolatik harpidedun egitera animatu nahi zaituztegu, jada ez bazarete. Hedabideari babesa eta laguntza emateaz gain, harpidetza Gipuzkoako Foru Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrendan sartzen da eta, hortaz, harpidedunek onura fiskala jasoko dute errenta aitorpenean (%30ko kenkaria). Harpide egiten direnek Edurne Salaberria irudigileak Oarso-Bidasoko Hitzarentzat diseinatutako poltsa bat ere jasoko dute opari.

Hemen topatuko dituzue kanpainaren xehetasunak eta harpidetza egiteko aukera.

Madalenak 2023: kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik

Udaleko kultura sailak XXXVII. Kartel Lehiaketa jarri du martxan, Madalenak 2023 jaietako irudia izango dena aukeratzeko. Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da maiatzaren 11ra arte. Epaia maiatzaren 31n jakinaraziko dute jendaurrean. Hemen dituzue xehetasunak eta lanak aurkezteko aukera.

Hainbat artikulu interesgarri