HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (23.02.03)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Matrikulazio-kanpaina 2023-24: hainbat ohar

TESTUINGURUAREN AURRETIAZKO AZTERKETA

Batzuek jaso dituzue eta besteek datorren astean jasoko dituzue (klaustroetan) matrikulazio-kanpaina martxan jarri aurretik egin ohi dugun herriko testuinguruaren azterketaren azpimarra nagusiak. Hala nahi izanez gero, xehetasunak hemen dituzue ikusgai.

INFORMAZIO ZABALTZEKO LAGUNTZA-ESKAERA

Zuen inguruan interesa izan dezakeen edonori Ikastolari lotutako informazio hau helarazten laguntzea eskertuko genizueke.

  • 2023-24 ikasturterako matrikulazio-garaia: otsailak 13-24
  • Ate irekiak (HH): otsailaren 6an (euskaraz) eta 9an (gaztelaniaz), 17:30ean Esmalterian
  • Talde txikitako bisitak (HH) eta bakarkako hitzorduak (HH, LH eta DBH): www.oreretaikastola.eus
  • Informazio gehiagorako: 943 52 03 97 edo matrikulazioa@oreretaikastola.eus

HERRIKO HEZKUNTZA ZINEGOTZIAREN AGERRALDIA ADMINISTRAZIOPEKO HIRU IKASTETXEEKIN

Urtero legez, herriko hezkuntza zinegotziak agerraldia egin du aste honetan administraziopeko hiru ikastetxeetako zuzendariekin. Hemen irakur dezakezue albistea. Aldiro adierazten dugu Ikastolak ere eskertuko lukeela babes hori, baina ezezko erantzuna jasotzen dugu.

Kilometroak 23: hainbat aipamen

KILOMETROAK TXIKIA

Pasa den urtarrilaren 28an ospatu genuen Kilometroak Txikia, Kilometroak urteko lehen hitzordua. Eskerrik asko hura posible egin zenuten langile guztiei! Langile atarian topatuko dituzue laburpen-bideoa eta argazki-galeria.

URTEKO MUGARRI NAGUSIEN AURKEZPENA

Pasa den astean aurreratu bezala, herriko eta Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera Kilometroak urteko mugarri nagusiak aurkeztu ditugu aste honetan Lekuona Fabrikan. Langile-atarian topatuko dituzue agerraldiaren bideoa eta mugarri nagusien nondik norakoak.

SANTA AGEDA BEZPERAKO KOPLAK

Ohi legez, Santa Ageda bezperan, bihar, kopla kantari ibiliko dira Ereintza Elkartea eta Xenpelar bertso eskola. Urtero, kantubiraren amaieran, urteko azpimarraren bat izaten dute hizpide eta aurten Kilometroak izango da horietako bat. Propio guretzako egindako bertso batzuk kantatuko dira herriko enparantzan, gaueko 21:00ak aldera. Gustu baduzue, gonbidatuta zaudete hitzordura.

Lilatoia: emakumeok, anima zaitezte!

Ziurrenik askok jakingo duzuenez, DBHko hainbat ikasle zein irakaslek Lilatoian parte hartzeari ekin zioten orain hiruzpalau urte, elkarrekin igande goiza kirola eginez pasa eta aldarrikapenez betetzeko asmoz.

Orain arteko esperientzia oso atsegina eta asegarria izan denez, aurten ere, jarraipena eman nahi zaio. Martxoaren 5ean izango den Lilatoian parte hartzeko asmoa dago eta zuek, Ikastolako langile emakumeok, ere horretara animatu nahi zaituztegu. Ikastolako taldera batzera.

Ikastolako taldearen xehetasunak aurrerago emango dizkizuegu, Kilometroak urtea eta Ikastolaren 60. urteurrena ere badenez gauzak prestatzen baikabiltza. Bien bitartean, ezinbestekoa da www.lilaton.es webgunean izena ematea lehenbailehen; dortsalik gabe ez geratzeko. Egizue hori orain eta, esan bezala, laster izango duzue gure berri. Horratx erronka: baietz Orereta Ikastolak dituen urte adina emakume korrikalari batu taldera!

Formazioa eta prestakuntza: eskaintza berria

Lanbidek antolatutako ikastaro batzuen gaineko xehetasunak eta izena emateko aukera topatuko dituzue Langile-atarian (prestakuntzaren atalean).