ETAPA MAILAKOAK
Gure haurrak ere badira: hainbat ekimen
Palestinan gertatzen ari dena, eta batez ere, haur eta nerabeen sufrimendua eta 20.000tik gora heriotza salatu eta gelditzeko eskatzeko, “Gure haurrak ere badira” ekimenak hainbat hitzordu proposatu ditu urrirako. Hainbatekin bat egingo dugu, eta horren berri ematera eta parte hartzeko gonbita egitera gatozkizue:
- Zapata zaharren bilketa: urriaren 6tik 15era zapatak bilduko ditugu goiko sarreran. Zapata zaharrak bilduko ditugu (ez dira bueltan etxera iritsiko), pareak elkarri sokaz edo bridaz lotuta ekarriko ditugu.
- Urriak 16 | Ume palestinarren aldeko elkarretaratzea: urriaren 16an, Agirre Lehendakariaren plazan, 17:30ean, ume palestinarren aldeko elkarretaratzea egingo dugu Ikastolako familia, ikasle eta langileek. Urriaren 6tik 15era bildutako zapatak hara eramango ditugu eta argazkia aterako dugu.
- Urriak 25 | Elkartasun ekimen nazionala Bilbon: eraildako haur palestinarrei omenaldia egingo zaie. Egun guztiko hitzordua izango da: hitzaldiak, ipuin-kontaketak, pailazoen emanaldiak, han eta hemen bildutako zapata guztiekin argazki erraldoia eta manifestazioa. Egun guztian zehar bildutako dirua Palestinara bideratuko da. Urriaren 25eko elkartasun ekimen nazionala aurrera ateratzeko boluntario lanetan aritzeko prest bazaude, bete inprimaki hau (joateko erabateko konpromisoz bakarrik bete inprimakia).
0 ebaluazioa
Datorren asteko astelehen eta asteartean hasierako ebaluazio saioak ditugu. Saio hauen helburua, gelako dinamika zein den ezagutzea eta ikasleak orokorrean nola hasi duten ikasturtea zehaztearekin batera, beharrezkoa den kasuetan erabakiak hartzeko gunea da.
Bilera hauen dinamika zehazteko akta eredua partekatu da calendarraren bitartez. Horrekin batera saioak ez luzatzeko asmoz ondorengo argibideak zehaztu ditugu:
- Gelako dinamika aurrera eramatea eragozten duten jarreren aurrean erabaki orokorrak zehaztuko dira.
- Ikasleren bat, funtsezko konpetentziak erreferentzia izanik, konpetentzia espezifikoen lorpen mailatik urruti hauteman badugu, ikaslearekin egingo den esku-hartzea zehaztuko da.
- Egoera emozionalari lotutako bideraketa-proposamen berriak zehaztuko dira.
- Jarrera desegokiari lotutako proposamen berriak zehaztuko dira.
Gogoratu ebaluazio saioan hartutako erabakiak JPPan txertatu behar direla.
Mila esker.
Berrikuntza
Kaixo ekipo:
Bi gauza aipatu nahi dizkizuegu.
Batetik, tutore bileretan aipatu bezala, lehenengo ebaluaziorako taldekatze heterogeneoak prestatzea (ondo legoke talde horiek urriaren 6an abiatzea edo martxan jartzea) gustatuko litzaiguke. Talde heterogeneo horiek sortzeko proposatzen dugun irizpidea hurrengoa da: Talde bakoitzean laguntza eskaini dezakeen ikaskide bat, laguntza behar duen ikaskide bat eta tartean dauden bi ikaskide elkartzea.
Behin taldeak eginda, taldekideen artean kooperatzearen helburuak (1. Guztiek ahalik eta gehien ikastea; eta, 2. Elkarri laguntzea) eta garrantzia azpimarratu beharko genieke (trebetasun sozialen errubrikari erreferentzi egiteko balia genezake) eta rolak banatu beharko lituzkete, irudiak mahaietan itsatsiz.
Bestetik, asteazkenean, “Bazatoz? Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra (IHMO)” liburua utzi genizuen mahai gainean. IHMO ikastaroa urtarrilean (abenduan aurkezpena) hasiko dugun arren, liburua lehenago helarazi nahi izan dizuegu. Espero dugu irakurketa eta urtarrilean abiatuko dugun lanketa aberasgarria izatea. Izan ere, eskola-eredua kolokan dagoen momentu honetan, inoiz baina aukera hobea dugu gure proiektuari eman nahi diogun norabideaz hausnartzeko eta hori hobetzeko! Inoiz eta inor baino indar handiagorekin berrikuntza egiteko aukera dugu!
Animo eta eskerrik asko! DBHko berrikuntza taldea.
Asteazkenetako zigortuen kudeaketa
Asteazkenetako zigortuen kudeaketa ohiko moduan egiten ari gara, ikasleekin 14:00-15:00 bitarte geratuz.
Neurri zuzentzaile bat jartzen dugunean, ikasleari ikastolan geratzea dagokion asteko dokumentua osatu, mesedez. Modu horretan, irakasle arduradunak eskura izango du zaindu beharreko ikasleen zerrenda eta asistentzia kontrolatuko du.
Aste bakoitzeko arduradunen zerrenda irakasle geletan duzue ikusgai.
Mila esker!
Calendarrari lotutakoak
IKASLEEKIN
- Gazteleku zerbitzua: Asteazkenean DBH1. mailako ikasleek zerbitzuaren aurkezpena jasoko dute. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
- Irteera hondartzara: DBH4. mailako OFEko ikasleekin Zurriolako hondartzara joango dira. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
IRAKASLEAK
- 0 ebaluazioa: Astelehen eta asteartean 0 ebaluazioko bilerak ditugu.
- 0 ebaluazioko jakinarazpenak: Asteazkenean, urriak 8, tutoreek familiei 0 ebaluazioaren berri emateko jakinarazpenak bidaltzeko tartea izango dute.
IKASTOLA MAILAKOAK
Artezkaritza Kontseilua: iraileko bileraren deskargua
Urriaren 1ean egin zen Artezkaritza Kontseiluaren ikasturte honetako lehen bilera. Irailari dagokion bilera da, nahiz urriko lehen egunean egin. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako/lantaldeetako aktak” botoian.
Urriak 5: Irakasleen Nazioarteko Eguna
Azken urteetako ohiturari jarraiki, aurten ere egingo diogu keinu Irakasleen Nazioarteko Egunari. Etzi (igandea) izango denez, astelehenean “ospatuko” dugu. Norberak bere eraikineko irakasle edo kafe gelan sorpresa txiki bat izango du zain. Zerbitzuetako nahiz administrazio eta mantenuko langileak ere pasa ongien datorkizuen lekutik, zuentzako ere bada eta! Irakasleen Nazioarteko Egun on, denei!
ETAPA ARTEKOAK
LH | Irailak 29, izendatzen zaitugu Euskal Komiki Eguna
Hainbat komikigile eta komikizaleren ekimenez, Euskal Komiki Eguna izendatu dute irailaren 29a, Antton Olariaga ilustratzaile usurbildarrak Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta argitaratu zuen urteurrenarekin bat. LHn ospatu dute eguna, irakurri nola langile atariko albisteen atalean.
BESTELAKOAK
Herriko Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen Mintzalaguna kanpaina
2025-26 ikasturteko jardunari laster ekingo dio herriko Mintzalaguna egitasmoak, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta. Interesik izanez gero, hemen (Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea) eta hemen (Oarsoaldeko Hitza) topatuko dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.