HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 3. buletina (2021.11.24)

Gai hauek landu dira 2021eko azaroko Artezkaritza Kontseiluan:

COVID egoera

Ikasturtearen hasieratik azaroaren 8ko astera arte ez da positiborik izan Ikastolan, baina aste horretatik aurrera, egoerak okerrera egin du, bereziki Lehen Hezkuntzan. Iaz ez bezala, kasu ugari azaldu dira hainbat gelatan, eta horrek ekarri du lau gela ixtea: hiru gela LH6n eta gela bat LH5en. Etxean konfinatuta 130 ikasletik gora izan ditugu.

Lehen Hezkuntzako Jarraipen Batzordean adostu da nola erantzun etxean dauden ikasle horiei, eskolak etxetik jarraitu ahal izateko. Oro har, esan daiteke egoerari erantzun azkarra eta egokia eman zaiola.

Etapa horretako Eskola Kiroleko partidak eta Urdaburu mendi elkartearekin antolatutako irteerak bertan behera gelditu dira. Eta Eskolaz kanpoko bestelako jardueren hasiera atzeratu egin dugu, hurrengo asteetan zer gertatu daitekeen ikusi arte.

Hezkuntza Sailak ikastetxeei eskatu digu orain arteko neurriak zorrotz betetzeko eta familiei ere eskatzeko ikastetxetik kanpo egiten dituzten jardueretan prebentzio eta babes neurriak hartzeko. Berriro ere, nahitaezkoa da denok arduraz jokatzea, egoerak okerrera egin ez dezan.

DBHko ordutegiaren inguruan

Artezkaritza Kontseiluak erabaki du pausoak ematea Hezkuntza Sailari baimena eskatzeko datorren ikasturtean DBHn ordutegi jarraitua egiteko, COVID egoeran egon ala egoera hori gaindituta izan.

Orain arte Hezkuntza Sailak egin dituen adierazpen guztietan, ez da horren alde azaldu. Baina komunitatearen zati handi bat ordutegi jarraituaren aldekoa dela jakinik, pauso hauek emango ditugu:

  • Lehenengo, proiektua diseinatuko dugu (zein ordutegi izan daitekeen egokia; nola eragingo dion LHko ordutegiari, jangelari eta garraioari; arratsaldeetan eskaintzarik egin daitekeen…). Azterketa hori Jarraipen Batzordean landuko da eta, ondoren, Hezkuntza Batzordera eta Artezkaritza Kontseilura eramango da.
  • Hurrengo pausoa izango da komunitatearen iritzia jasotzea. Prozesu parte hartzailea diseinatu behar da eta proposamenak oniritzia izan dezan, zenbateko parte hartzea eskatuko den eta aldeko zenbat boto eskatuko diren zehaztu behar da. Bozketa horretan familiek, irakasleek eta ikasleek hartu behar dute parte.
  • Azkenik, hezkuntza komunitateak proposamena egoki ikusten badu, guraso eta zuzendaritzako ordezkariek lurralde ordezkariari aurkeztuko diote eskaera.

Sukaldari berria

Dagoeneko hasia da lanean sukaldari berria, Garikoitz Manzisidor. Etxeko janaria prestatu eta gure egoitza guztietara garraiatzeko proiektuari ekarpen interesgarria egingo diolakoan gaude, beti ere, sukaldeko eta jangelako lantaldearekin elkarlanean. Ongi etorri gurera!

2020-2021 ikasturteko kontuak: COVID diru laguntzak eta kontuen itxiera

Joan den ikasturteko COVID diru laguntzen agiriak aztertuta, Hezkuntza Sailak ordaindu digu jada esleitu zigun zenbatekoa. Diru laguntza hori kontuan hartuta, 2020-2021 ikasturteko kontuak prestatu dira, ekitaldia itxi ahal izateko. Galerak handiak badira ere, aurreikusitakoak baino txikiagoak izango dira, kuota igoerari, Jaurlaritzako laguntzei eta gastuen kontrolari esker, 2021eko batzarrean hartutako konpromisoaren bidetik. Behin betiko kontuak 2022ko batzar nagusian aurkeztuko dira.

Bestalde, hezkuntza kooperatibetan eraikinen erosketa eta eraberriak laguntzeko diru laguntzen deialdia argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Deialdi horren bidez eskatuko dugu Esmalteriako eraberritze lanak ordaintzeko laguntza.

Kilometroetako arropa salmenta

Jakina da Kilometroetako eredu berrian, Gipuzkoako ikastola guztiek laguntzen diotela ikastola antolatzaileari arropa saltzeko irteeretan. Halaxe egin genuen guk ere 2019-2020 ikasturtean, pandemia iritsi aurretik.

Aurten, Ibarrako ikastolari adierazi diogu jada zein ekitaldiren ardura hartuko dugun Orereta Ikastolan: 2021eko abenduan, ikastolan bertan salduko dugu arropa, Olentzerori eskatu ahal izateko. Ondoren, Milimetroetan (eguna zehazten denean), Dantzari Txiki Egunean (maiatzak 1) eta Atlantikaldian (irailean) ere jarriko dugu postua. Maila jakin bateko gurasoek izango dute txandak osatzeko ardura. Datozen asteetan zehaztuko dugu zein mailari dagokion ekitaldi bakoitza.

Denon laguntza beharrezkoa izango da Ibarrako ikastolari laguntzeko. Eta, datorren ikasturtean, Gipuzkoako gainerako ikastolen laguntza ere jasoko dugu guk. Elkarrekin, askoz ere hobeto!