Arrisku penalen prebentziorako markoa (Compliance)
Aurkezpena
-
1. Arrazoia
Compliance erakundeek aurrez aurre dituzten arrisku operatiboak eta legalak identifikatu, sailkatu eta horien aurkako prebentzio, kudeaketa, kontrol eta erreakzioko barne-mekanismoak ezartzeko hartutako prozedura eta jardunbide egokien multzoa da. 2010ean Kode Penalen erreforma egin zen erakunde juridikoak bere ardura penaletatik salbuesteko. Derrigorrez ezarri beharreko prozedurak dira.
Compliance lege-esparruak bere estrategiaren eta barne-egituren barruan integratu beharreko baldintza da erakundeentzat, legezko aginduak betetzeko edo erakundearen jardueraren egonkortasunera edota jarraitutasunera arazo larriak ekarriko lituzketen arrisku-egoeren aurrean babestu ahal izateko.
Ekidin beharreko arriskuak honako ondorio hauek dakartzatenak dira, besteak beste: izen ona kaltetzea, isun eta zehapen handiak ezartzea, gauzatu ezin diren kontratuengatik negozio-galerak izatea edo lizitazioak edo dirulaguntza publikoak baztertzea. Arrisku horiek modu penalean erakundeari egin diezaioketen kalteaz babesteko balio du Compliance-ak.
Arrisku Penalen prebentziorako eskuliburua
-
1. Sarrera
Arrisku penalen prebentziorako eskuliburu honetan, Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteak delituak kudeatzeko eta prebenitzeko dituen printzipioak jasotzen dira, baita Betearazpen Batzordearen egitura eta eginkizunak ere, 2015eko martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoa (Zigor Kodearen 1995eko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena) betez.
Zigor Kodeak, 31.bis 5. artikuluan, betetze-programek beren balioa frogatzeko bete behar dituzten baldintzak ezartzen ditu:
- Prebenitu beharreko delituak gerta daitezkeen alorretako jarduerak identifikatuko dituzte.
- Pertsona juridikoaren borondatea osatzeko, erabakiak hartzeko eta erabaki horiek betearazteko prozesua zehazten duten protokoloak edo prozedurak ezarriko dituzte.
- Finantza-baliabideak kudeatzeko eredu egokiak izango dituzte, prebenitu beharreko delituak eragozteko.
- Arriskuen eta egin daitezkeen ez-betetzeen berri eman beharko diote prebentzio-ereduak funtzionatzen duela eta betetzen dela zaintzeko ardura duen erakundeari.
- Diziplina-sistema bat ezarriko dute, ereduak ezartzen dituen neurrien ez-betetzeak behar bezala zehatzeko.
- Eredua eta horren aldaketak —egiten badira— aldian-aldian egiaztatuko dituzte, baldin eta haren xedapenen arau-hauste aipagarririk gertatzen bada, edo erakundean, kontrol-egituran edo garatutako jardueran aldaketarik egiten bada eta, ondorioz, ereduan aldaketak egitea beharrezkoa bada.
Kooperatibak prozedurak eta kontrolak ezarri ditu langile guztiek eta haientzat lan egiten duten pertsonek arrisku penala izan dezaketen jokabideei aurrea hartzeko.
Eskuliburu honen helburua da Kooperatibako langileek delitu-egintzei aurrea hartzea eta esparru horretan kontrola izatea, Zigor Kodean jasotako eskakizuna betez.
Delituen prebentziorako ereduak arriskuei aurrea hartzeko, jokabideak hautemateko, arriskuen aurrean jarduteko eta jarraipena egiteko funtzioak bete ditzan, Kooperatibak printzipio orokor hauek hartu ditu oinarri:
- Hautemandako arriskuak prebenitzeko kontrolak ezartzea.
- Eredua gainbegiratuko dela bermatzeko neurri egokiak ezartzea.
- Funtzioak bereiztea bermatuko duten prozedurak betetzea eta ezartzea.
- Arrisku penalek ekar ditzaketen arriskuak eta jarduerak etengabe gainbegiratzea.
- Barne-politiketan islatutako jokabide-arauak eta onartutako printzipioak zabaltzea, eta horiekiko sentsibilizatzea.
-
2. Helburuak eta irismena
Eskuliburu honetan, Kooperatibaren jarduna arautzen duten politikak eta prozedurak jaso dira, eta legezko ordezkariei, zuzendariei, enplegatuei, laguntzaileei eta bazkideei aplikatzen zaizkie. Halaber, Zigor Kodean tipifikatutako delituei aurrea hartzeko ezarritako kontrol-sistemak jasotzen ditu.
Identifikatutako arriskuak arintzeko ezarritako kudeaketa-sistemak eta prebentzio- eta detekzio-kontrolak hartzen ditu oinarri Kooperatibak, arrisku penalak prebenitzeko.
Hauek dira eskuliburuaren helburuak:
- Delitu bat egiteko arriskua murriztu edo arinduko duen prebentzio- eta kontrol-sistema ezartzea.
- Kooperatibako langile, bazkide eta laguntzaileei azaltzea eskuliburuan jasotako xedapenak urratuz gero diziplina-neurriak ezarriko direla (behar diren kasuetan eta moduan), eta horrekiko sentsibilizatzea.
- Idatziz eta publikoki jasotzea Kooperatibak legez kanpoko edozein jokabide gaitzesten duela, eta azpimarratzea jokabide etikoak direla helburuak lortzeko funtsezko balioak.
- Prebentzio- eta detekzio-kontrolak ezartzea.
-
3. Eskuliburua betetzea: erakunde-egitura
Kooperatibaren administrazio-organoak Zigor Arloko Arriskuak Prebenitzeko Eredua ezartzeko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko jarduera koordinatzeko beharrezko neurriak har ditzan, Betearazpen Batzordea sortu da, eta haren ardura izango da eskuliburuko jarraibideak betetzen direla egiaztatzea eta haien jarraipena egitea.
Betearazpen Batzordeko kideek independentziaz eta zintzotasunez jokatu beharko dute agindutako eginkizunei ekitean. Orobat, konfidentzialtasunez tratatuko dute beren eginkizunetan erabiltzen duten informazioa.
Osaera
Honako hauek dira Betearazpen Batzordeko kideak:
- Artezkaritzako kontseiluko Idazkaria
- Zuzendari Nagusia
- Zuzendari Pedagogikoa
- Aholkulari Legala
Hauek dira Betearazpen Batzordearen eginkizunak:
- Arrisku penalak prebenitzeko ezarritako neurrien jarraipena egitea.
- Delituak Prebenitzeko Ereduaren funtzionamendua gainbegiratzea.
- Egindako jardueren berri ematea Artezkaritza Kontseiluari.
- Eskuliburuko printzipioen eta Kooperatiban ezarritako kontrol-neurrien zabalkunde egokia bermatzea.
- Prebentzio-ereduari eragin diezaioketen lege-aldaketak eta gainerako berrikuntzak aztertzea.
- Kode Etikoa eguneratuta dagoela bermatzea eta, dagokionean, beharrezkoak diren aldaketak proposatzea.
- Zehapen-prozedura betetzeko, diziplina-neurri egokiak aplika daitezen proposatzea.
- Eredua eta horren aldaketak —egiten badira— aldian-aldian egiaztatzea, baldin eta haren xedapenen arau-hauste aipagarririk gertatzen bada, edo enpresan, kontrol-egituran edo garatutako jardueran aldaketarik egiten bada eta, ondorioz, ereduan aldaketak egitea beharrezkoa bada.
-
4. Salaketen komunikazioa eta tratamendua
Jakinarazpenak Betearazpen Batzordeari:
- Delituren baten edo Kode Etikoan eta Kooperatibaren politiketan jasotako printzipio eta balioren bat urratu izanaren zantzurik edo susmorik badu norbaitek, Betearazpen Batzordeari jakinarazi beharko dio Ikastolako webgunean dagoen postontzi etikoa atalaren bitartez.
- Betearazpen Batzordeak informatzailearen konfidentzialtasuna bermatuko du.
Barneko Informazio Sistemaren prozedura:
- Jasotako salaketak Kooperatibak ezarritako Barneko Informazio Sistemaren prozedura atalaren arabera izapidetuko dira.
-
5. Diziplina-prozedura
Kode Etikoan eta eskuliburu honetan jasotako printzipioak eta balioak betetzen ez badira, lan-zehapenak ezarri ahal izango dira, onartuta dagoen eta Kooperatibako langileei galdatzekoa den araudia aplikatuz, gainerako zehapen administratiboak edo penalak eragotzi gabe.
Zehapen-prozedura Betearazpen Batzordeak aplikatuko du, Artezkaritza Kontseiluaren bitartez eta aplikagarri den hitzarmenean eta indarrean den lan-araudian aurreikusitako zehapenak aplikatuz.
-
6. Prestakuntza
Betearazpen Batzordeak bermatuko du eskuliburuaren hartzaile guztiek beharrezko prestakuntza jasotzen dutela Kooperatibak arrisku penalak arintzeko ezarritako printzipio etikoei eta politikei buruz.
Horretarako, Kooperatibak neurri hauek hartu ditu eskuliburuaren berri emateko:
- Eskuliburuko printzipioak Kooperatiban zabaltzea.
- Politikak, prozedurak eta kode etikoa webgunean zintzilikatzea.
-
7. Arriskuen mapa
Kooperatibak arriskuen mapa du, eta, bertan, prebenitu beharreko delituak zer jardueratan gerta daitezkeen identifikatu eta ebaluatzen dira.
Kode etikoa
-
1. Aplikagarritasuna
Kode Etiko hau Orereta Ikastola Koop.E.an —aurrerantzean, Kooperatiba— aplikatuko da, eta hartako langile, zuzendari eta gobernu-organoetako kide guztiak lotetsiko ditu, baita plantillan sartuta ez dauden langile edo laguntzaile guztiak ere.
Kooperatibaren administrazio-organoak babesten du kode hau, eta Betearazpen Batzordeak du betetzen dela gainbegiratzearen ardura, horretarako sortua baita.
-
2. Helburua
Kooperatibaren asmoa da langile guztien jokabidea legearen araberakoa izatea, profesionala, etikoa eta arduratsua, beharrezkoa baita gure izen ona eta sinesgarritasuna ez galtzeko eta indartzeko, gure balio-katean parte hartzen duten edo eragiten duten interes-talde guztien aurrean —ikasleak, langileak, hornitzaileak, negozio-eredua garatzen dugun sozietateak eta bazkideak—.
-
3. Printzipioak eta balioak
Kooperatibako kide guztiek ulertu eta bete behar dute kode honetan lan-ingurunean eta negozioaren esparruan jarduteko moduaz jasotakoa. Konpainiaren barruko lan-harremanek printzipio hauek dituzte oinarri:
- Legezkotasuna: enpresaren eta langileen arteko legezko harremanak lege-aginduak betez gauzatu behar dira.
- Errespetu, ekitate eta duintasun erabatekoa, langile, laguntzaile, bazkide, hornitzaile, lehiakide eta Kooperatibari lotutako gainerako hirugarrenekiko tratuan.
- Gardentasuna, objektibotasuna eta profesionaltasuna, jarduera guztien garapenean eta interes-taldeekiko harremanetan.
- Intimitatea, datuen babesa eta isilpeko informazioa.
- Osasunarekiko, segurtasunarekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa.
Kooperatibako langile eta laguntzaile guztiek ezagutu eta errespetatu behar dituzte printzipio horiek, eta barneratu eta beren jarduera guztietan islatu behar dituzte.
-
3.1. Legezkotasuna: legea eta barne-araudia zorrotz betetzea
Legea obeditu eta bete behar da, baita Kooperatibako barne-araudia ere. Ez da legez kanpoko jardunbiderik onartzen, ezta araudiaren ez-betetzerik ere; beraz, egoera horietakoren bat hautematen bada, berorren berri eman beharko da, behar bezala.
Indarrean diren prozedurak eta politikak bete beharko dira, eta, aldaketa- edo hobekuntza-beharrik identifikatuz gero, dagokion arduradunari proposatu ahal izango zaizkio.
Langile edo hirugarren batek legez kanpoko jarduera, arau-hauste edo araudiaren ez-betetze bat salatzen badu, ez da haren aurkako inolako errepresaliarik onartuko.
-
3.2. Errespetu, ekitate eta duintasun erabatekoa, langile, laguntzaile, bazkide, hornitzaile, lehiakide eta Kooperatibari lotutako gainerako hirugarrenekiko tratuan
Kooperatibaren eta bere langileen jardueretan erabat eta etengabe errespetatuko dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubideak eta askatasun publikoak.
Kooperatibako kideek errespetuz, profesionalki eta adeitasunez tratatu behar dute elkar, lan-giro atsegina eta segurua sortzeko, pertsonak beren onena ematera animatzeko eta gizarte-giro egokia eta errespetuzko bizikidetza lortzen laguntzeko. Orobat, errespetuan eta lankidetzan oinarrituko dira Kooperatibako kideen eta hornitzaile, kontratista, bazkide komertzial edo kanpoko laguntzaileen arteko harremanak.
Lankidetza eta talde-lana ezinbestekoak dira Kooperatibak bere helburuak lor ditzan eta ahalik eta ondoen aprobetxa ditzan erakundearen gaitasunak, baliabideak, ezagutzak, trebetasunak eta esperientzia. Beraz, erakundeak lankidetza eta talde-lana bultzatu, ahalbidetu eta sustatzen ditu, edozein dela ere jardueraren area funtzionala.
Ez da onartuko Kooperatibako langileen edo harekin lotutako hirugarrenen kontrako jokabide iraingarririk, larderiazkorik, diskriminatzailerik, maltzurrik, umiliagarririk, mespretxuzkorik, jazarpenezkorik eta abar. Horrelako jokabiderik hautemanez gero, salatu egingo da. Gizabanako eta entitate guztiak diskriminaziorik gabe eta objektibotasunez tratatuko dira, eta debekatuta dago haietako inori informazio pribilegiatua eta mesede-tratua ematea.
-
3.3. Gardentasuna, objektibotasuna eta profesionaltasuna, jarduera guztien garapenean eta interes-taldeekiko harremanetan
Kooperatibak, bere langileek, laguntzaileek, zuzendariek eta administrazio-organoetako kideek etikan, zintzotasunean, profesionaltasunean eta gardentasunean oinarrituko dituzte beren arteko harremanak zein hirugarrenekikoak:
Finantza-informazioaren fidagarritasuna
- Ezin dira faltsutu, ezkutatu edo simulatu kontabilitateko datuak, idazpenak eta eragiketak, eta ezin da kontabilitate bikoitza izan, helburua bada ordainketak ez egitea edo legez kanpoko mozkinak lortzea, Ogasun Publikoaren edo Gizarte Segurantzaren kaltetan.
- Kontratatutako eragiketak zehatz-mehatz eta zorrotz kontabilizatuko dira, eta irizpide bera erabiliko da eskatutako artxibo eta erregistroekin. Kontabilitatearen ardura duten langileek Kooperatibaren ondarearen eta finantza-egoeraren irudi fidela hartu behar dute aintzat, kontabilitate-informazioa egitean.
- Une oro egokitzat jotzen diren barne-kontrolak eta kudeaketa-sistemak ezarriko dira, finantza-informazioaren fidagarritasuna eta erakundearen erregistroen zehaztasuna bermatzeko.
Langile hautaketa, sustapena eta ebaluazioa
Kooperatibak trebetasun- eta gaitasun-irizpide objektiboak ezarriko ditu langileak hautatu eta sustatzeko.
Hautaketarekin eta sustapenarekin lotutako erabakiak merezimenduan egongo dira oinarrituta, baita baldintza eta balorazio objektibo eta gardenetan ere. Langileek ezagutu egin beharko dituzte garapen eta aurrerapen profesionalerako erabiltzen diren metodologia eta prozedura.
Kooperatibak konpromisoa hartzen du beharrezko bitartekoak jartzeko, bere pertsonei ikasten eta prestatzen nahiz ezagutzak eta gaitasunak eguneratzen laguntzeko, beren karrera profesionalean aurrera egin dezaten, eta ahalik eta balio-ekarpenik handiena egin dezaten, bezeroen, kontsumitzaileen eta, oro har, gizartearen mesedetan.
Lehiakideekiko harremanak
- Lehia legitimoa eta zintzoa egingo da, lehiakideak diren gizabanako edo erakundeei inolako kalterik egin gabe. Debekatuta dago lehia desleialaren jardunbide oro, eta aktiboki zainduko da Kooperatibak bere jarduerak egiten dituen herrialdeetan lehia defendatzeko aplikagarriak diren legeak betetzen direla.
Hornitzaileekiko harremanak
- Kooperatibako langileek harreman etikoa, legezkoa eta errespetuzkoa izango dute ondasunen eta zerbitzuen hornitzaileekin.
- Kooperatibarentzat lan egiten duten hornitzaileek konpromisoa hartu beharko dute, kontratatuta dituzten langile guztien giza eskubideak eta lan-eskubideak errespetatzeko.
- Erosketa- eta hornikuntza-jarduera orotan, zorrotz beteko dira konpainian indarrean diren arauak eta prozedurak. Esparru horretan hartutako erabaki guztiak onetsi egin behar dira; hau da, justifikagarriak, frogagarriak eta egiaztagarriak izan beharko dute, hirugarrenek edo Kooperatibako kontrol-departamentuek berrikusten badituzte.
- Kooperatibako langileak behartuta daude konpainiak bere hornikuntza-katearen inguruan ezarritako baldintzei buruzko informazio komertzialki sentikorra babestera.
- Kooperatibako langileek ezin dute oparirik, hobaririk, mesederik edo ordainik eskaini, eman edo eskatu, edozein dela ere haien izaera, ez zuzenean ez zeharka, ez eskudirutan, ez gauzatan, baldin eta eragina izan badezakete beren karguaren eginkizunekin zerikusia duten erabakiak hartzeko prozesuan.
- Salbuespen gisa, opariak ematea eta onartzea baimenduko da, inguruabar hauek aldi berean gertatzen direnean:
- Balio ekonomiko txikia izatea.
- Legeak edo oro har onartuta dauden merkataritza-jarduerek debekatuta ez egotea.
- Kooperatibari eskainitako bidaiak, hitzaldiak, azoketara joateko aukera eta abar onartuko dira, baldin eta Kooperatibarekin merkataritza-harremana ezartzea edo hobetzea bada helburua.
Bezeroekiko harremanak
- Merkataritza-jarduerak garatzean, Kooperatibako langileek estandar objektiboetan oinarrituta sustatuko dituzte konpainiaren produktuak, haien baldintzak eta ezaugarriak faltsutu gabe. Sustapen-jarduerak argi eta garbi egingo dira, bezeroei edo hirugarrenei nahastea eragin diezaiekeen informazio faltsurik eta engainagarririk eman gabe.
- Kooperatibak marketin arduratsuaren irizpideen arabera egiten ditu sustapen- eta salmenta-ekintzak.
- Kooperatibak uneoro bermatu behar du bezeroen datuak isilpean eta babestuta gordeko direla. Kooperatibako langile guztiek bete behar dituzte indarreko legerian eta barne-araudian datu pertsonalei buruz ezarritako segurtasun-prozedurak. Ez zaie oparirik, gonbidapenik, hobaririk, zerbitzurik edo mesederik eskainiko ezein gizabanako edo erakunderi, baldin eta eragina izan badezakete haien merkataritza-harremanen edo harreman profesionalen objektibotasunean eta/edo inpartzialtasunean, Kooperatibaren eta haren inguruaren aldeko konpromiso bat edo mesede bat itzultzeko beharra sortzen badu, eta/edo iruzurra, legezkotasunik eza, jardunbide ez-etikoak edo hirugarrenentzako kaltea ekartzen badute.
- Bezeroekiko harreman guztietan gardentasun-, objektibotasun- eta profesionaltasun-baldintzak betetze aldera,
Agintariei laguntza ematea
- Kooperatibak (erakunde gisa) eta bertako langile, zuzendari eta administrazio-organoetako kide guztiek laguntza emango diete —behar bezala eta arduraz— agintariei, justiziari, erakunde publiko arautzaileei eta gainerako erakunde publikoei, eragozpenik eta trabarik jarri gabe, eta okerrik edo ez-egiterik sortu gabe. Gainera, dituzten harreman guztietan lana erraztuko diete, eta beharrezko eta/edo nahitaezko informazio guztiaren berri emango diete.
Interes-gatazkak
- Interes-gatazkak saihesteko, langileek, laguntzaileek, zuzendariek eta Kooperatibako administrazio-organoetako kideek ez dute interes ekonomikorik edo inolako interesik izango, eta ez dute jarduerarik egingo, Kooperatibarekin zerikusia duten enpresa edo erakundeekin. Halakorik gertatuz gero, Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio, lege-aholkulariarekin batera ebaluatu eta, egoki iritziz gero, beharrezko neurriak har ditzan.
- Debekatuta dago gizabanako batek, Kooperatiban duen posizioaz baliatuta, Kooperatibaren baliabideak, botereak, influentzia edo gainerako erraztasunak erabiltzea, bere onurarako edo bere ingurune hurbileko norbaiten onurarako. Halaber, guztiz debekatuta dago gizabanako edo erakunde batek Kooperatibaren izenean edo kontura jardutea, aldez aurretik baimena lortu gabe, eta Kooperatibaren izena, bitartekoak, hirugarrenekiko harremanak, posizioa edo influentzia erabiltzea, bere mesedetan edo bere ingurune hurbileko norbaiten mesedetan.
Kooperatibaren aktiboak erabiltzea
Kooperatibak langileen esku jartzen ditu jarduera profesionalerako behar dituzten baliabideak (eramangarria, Internet-konexioa, posta elektronikoa, eta abar). Hortaz, Kooperatibako langileek helburu profesionaletarako soilik erabiliko dituzte enpresaren baliabideak, eta egoki, arduraz eta efizientziaz.
Ildo horretan, Kooperatibako langileek ez dituzte, inola ere, konpainiak beren esku utzitako ekipamendu informatikoak honetarako erabiliko: legez kanpoko programak, aplikazioak edo edukiak instalatzeko edo deskargatzeko, konpainiaren arauak urratzen badituzte edo haren ospeari kalte egin badiezaiokete (ikus IKT erabiltzailearen kontratua).
Langileek jakin behar dute Kooperatibako unitate eskudunek edo Kooperatibak izendatutako hirugarrenek gainbegiratu egin ditzaketela konpainiaren informazioaren teknologien sistema eta ekipamenduetan dauden dokumentuak eta datuak, beharrezkotzat jotzen denean eta indarrean diren araudian baimenduta dagoenean.
Gainera, Kooperatibako langileen ardura da instalazioak eta ekipamenduak egoera onean izatea, haien balio-bizitza luzatzeko eta istripuak saihesteko.
-
3.4. Intimitatea, datuen babesa eta isilpeko informazioa
Langileen eta laguntzaileen intimitaterako eskubidea errespetatuko da. Datu pertsonalen eskaerari eta tratamenduari dagokienez, Kooperatibaren ohiko jarduerarako eta aplikatu beharreko araudia unean-unean betetzeko ezinbestekoa den informaziora mugatuko dira.
Kooperatibak beharrezko neurriak hartuko ditu, dauzkan datu pertsonalen konfidentzialtasuna zaintzeko, eta datu horien tratamendua eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko zein ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak arlo horretan indarrean dagoen legeriaren arabera gauzatzen direla bermatzeko. Kooperatibak konpromisoa hartzen du hirugarrenen jabetza intelektual eta industriala babesteko.
Kooperatibaren jardueran, ezagutza eta informazio komertzialak sor daitezke, eta horien balioa zuhurtzian datza, neurri handi batean. Kooperatibako langileek diskrezioz eta profesionaltasunez erabiliko dute eskura duten informazioa, eta isilpean gordeko dute beren lanaren edukia. Nolanahi ere, ez dituzte beren mesederako erabiliko beren jardueran lortutako informazioa, datuak edo dokumentuak.
-
3.5. Osasunarekiko, segurtasunarekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa
Kooperatibak beharrezkoak diren jarduketa-planak ezarriko ditu bere jarduerarekin lotutako arriskuak behar bezala kudeatzeko eta arintzeko. Plan horiek aldian-aldian berrikusiko ditu, eta mantentzeko eta hobetzeko behar diren baliabideak jarriko.
Istripuak prebenitzea eta jardueraren garapenean segurtasuna bermatzea ezinbestekoak dira, Kooperatibaren jarduerarekin batera. Langileei eta laguntzaileei prestakuntza emango zaie, beren zereginak behar bezala bete ditzaten, eta, arlo guztietan, segurtasunari emango zaio lehentasuna. Halaber, segurtasun hori bermatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak emango zaizkie.
Kooperatibak Lan-arriskuen prebentzio-plan bat du, Kooperatibarentzat eta mendeko eta partaidetzako sozietateentzat, osasunarekin eta segurtasunarekin duen konpromisoa betez.
Kooperatibak baliabide naturalak errespetatuz gauzatuko du bere jarduna, eta ingurumenaren, biodibertsitatearen eta interes ekologiko, zientifiko edo kultural berezia duten espazioen kontserbazioa sustatuko du.
Zorrotz errespetatuko da ingurumenaren arloko legeria, eta prozesurik eta teknikarik egokienak erabiliko dira jardueraren arriskuak identifikatzeko, jarduerarekin lotutako ingurumen-alderdiak (hondakinak, isurtzeak, atmosferarako emisioak…) kontrolatzeko eta txikitzeko, eta zerbitzua ematean sortzen den ingurumen-erantzukizuna bere gain hartzeko.
-
4. Onartzea eta betetzea
Kooperatiban sartzen diren edo Kooperatibako bazkide bihurtzen diren langileek kode hau jasoko dute eta informatuak izan direla eta kodea beteko dutela sinatu beharko dute (paperean edo digitalki).
Kode honetan jasotako jokabideak nahitaez bete beharrekoak dira langile guztientzat, Kooperatiban gauzatzen duten jarduera profesionalean. Gainera, betearazi egin beharko dira, eta, dagokionean, ez-betetzeak salatu. Kode hau bete ezean, indarrean den araudiaren araberako zehapenak ezarri ahal izango dira, arau-hauslearen gainerako erantzukizunak eskatzeko aukera baztertu gabe.
Kooperatibak Betearazpen Batzorde bat du, Kode Etikoa aplikatzean sortzen diren gertakariak izapidetu eta ebazteko, baita egindako salaketak bideratzeko ere. Orobat, kode honetako jarraibide guztiak betetzen direla ere zainduko du Betearazteko Batzordeak.
Kode hau haustea edo ez betetzea eragiten duten jokabideen berri duten langileek isilpean salatu ahal izango dute Ikastolako webgunean dagoen postontzi etikoa atalean.
Jasotako salaketa guztiak konfidentzialtasunez tratatuko dira.
Erosketak egiteko eta hornitzaileak hautatzeko prozedura
-
1. Xedea eta irismena
Prozedura honetan, Kooperatibak hornidurak eta zerbitzuak erosteko eta kontrolatzeko erabiltzen duen metodologia jaso da.
-
2. Erantzukizunak
Departamentu guztiek izango dute prozedura hau betetzeko erantzukizuna. Gainera, kudeaketa-arduraduna arduratuko da betetzen dela bermatzeaz.
-
3. Prozedura
100.000 eurotik gorako erosketak
100.0000 eurotik gorako erosketak politika honen arabera arautuko dira, 4.1. atalean (Eskaintza lehiakorrak eskatzea) ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta Artezkaritza Kontseiluak onartu beharko ditu.
100.000 eurotik beherako erosketak
100.000 eurotik beherako erosketetarako, ez da beharrezkoa izango 4.1. atalean eskaintza lehiakorrak hautatzeari buruz xedatutakoa betetzea. Hala ere, prozedura honen 4.2. atalean ezarritakoari jarraituz, erosketa homologatutako hornitzaileei egin beharko zaie. Kasu hauetan dagokion sailak egingo du hornitzailearen aukeraketaren azterketa eta aurkezpena, eta zuzendari gerenteak onartu beharko ditu.
-
4. Hornitzaileak hautatzea
4.1. Eskaintza lehiakorrak eskatzea
Ahal dela, kopuru handiko erosketetan hornitzaile bati baino gehiagori eskatuko zaizkie eskaintza lehiakorrak, eta idatziz egiaztatu beharko da jaso direla.
Hornitzaileak hautatzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:
- Tokiko hornitzaileak lehenetsiko dira.
- Ikastolako komunitatearekin lotura duten erakundeak lehenetsiko dira.
- Harremana euskaraz egiteko gaitasuna eta konpromisoa duten erakundeak lehenetsiko dira.
- Kooperatiba eta ekonomia sozialeko erakundeak lehenetsiko dira.
- Konfiantzazko hornitzaileak izango dira.
- Barnean gainbegiratutako hornitzaileak izango dira.
- Hornitzailea lehiakorra izango da kostuei dagokienez.
- Hornitzaileak zehaztapen zehatzei buruzko eskakizunak beteko ditu.
- Berehala erantzuteko gauza izango da.
Beharrezkoa da erosketa-erabaki guztiak baliorik handieneko alderdien konbinazio batean oinarritzea. Elementu horiek baloratu ostean, prezioaren arabera aukeratuko da hornitzailea.
Kasu batzuetan ezingo da eskaintza lehiakorrik eskatu, besteak beste hauetan: ondasunaren edo zerbitzuaren hornitzaile bat baino ez dagoenean, aldez aurretik egindako proiektuen fase berrien kasuan, hornitzailearekin lehendik sinatutako kontratuak daudenean, urtero kontratatzen diren mantenu edo zerbitzuetan (garraioa, IKT eta mantenu zerbitzuak…) eta abar.
4.2. Hornitzaileen alta- eta homologazio-prozedura
Zuzendari gerenteak onartuko ditu hornitzaileak, eta administrari buruak alta emango die sisteman.
Hona hemen hornitzaile bati alta emateko argudiatu beharrekoak:
- Hornitzaile-mota eta altaren arrazoia
Kontabilitate programan jaso eta eguneratuko da hornitzaileen datu-basea.
4.3. Erosketen eta kontratazioen jarraipena
Erositako materialak jaso eta egiaztatzean edo emandako zerbitzuak amaitzean, albarana emango dio administrari buruari eskaera egin duen langileak. Zerbitzuak eta/edo obrak emanez gero, emandako zerbitzuen jarraipena eta harrera egingo ditu eskatu dituen langileak. Kontratatutako obra edo zerbitzua amaitzean, eskatzaileak kontratuaren garapena ebaluatuko du.
4.4. Fakturak onartzea
Ondasun edo zerbitzuen erosketa edo kontratazioengatik hornitzaileek igorritako fakturak adostutako epeak errespetatuta ordainduko dira,
Erosketa eskatu duen departamentuko buruak fakturak egiaztatu eta, ados badago, oniritzia emango die. Ondoren, administrari buruari bidaliko dizkio.
4.5. Erregistroa eta artxibatzea
Kooperatibak artxibatu egingo ditu erosketa-prozesuan sortutako erregistro nagusiak, eta horien kopia bat gordeko du: hornitzaileen fakturak. 4.1. prozeduraren kasuan izan diren eskaintzak ere gordeko dira.
4.6. Prozedura ez betetzea
Erosketak egiteko eta hornitzaileak hautatzeko prozedura nahitaez bete behar dute langile guztiek.
Prozedura hau haustea edo ez betetzea eragiten duten jokabideen berri duten langileek isilpean salatu ahal izango dute, Ikastolako webgunean dagoen postontzi etikoa atalaren bitartez.
Jasotako salaketa guztiak konfidentzialtasunez tratatuko dira.
Barneko informazio-sistema
BARNEKO INFORMAZIO-SISTEMA: POLITIKA
-
1. Xedea
Barneko Informazio Sistemaren Politikaren xedea da ezarritako printzipio orokorrak eta Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteak hartutako konpromiso nagusiak zehaztea, 2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legea, arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzkoa, betetzeko. Horretarako, barne-antolamendua eta beharrezko sistemak ezarriko dira, zehapenen komunikazioa, izapidetzea, ikerketa eta, dagokionean, aplikazioa bermatzeko, egitez edo ez egitez Kode Etikoa, barne-araudia eta kanpo-araudia ez betetzeak dakarten jarduketetan, eta/edo delituak egiteko arriskua dutenetan (bereziki, delitua, arau-hauste administratibo larria edo oso larria eta Europar Batasuneko zuzenbidearen urraketa dakarren jokabide oro).
-
2. Aplikazio-eremua
Edozein pertsonak eman dezake arau-hauste penal edo administratibo larriak edo oso larriak izan daitezkeen egiteen edo ez egiteen berri, edo Kode Etikoa edo beste edozein barne- edo kanpo-araudi ez betetzearen berri.
-
3. Konpromisoak
Barneko Informazio Sistemaren Politikak eta gainerako barne-arauek betetze-, osotasun-, zintzotasun- eta arauekiko eta estandar etikoekiko errespetu-kultura korporatiboa eraikitzen laguntzen dute.
Politika honetan, konpromiso hauek ezarri ditu Sozietateak:
- Barne- eta kanpo-komunikaziorako sistema egokiak ezartzea.
- Komunikazioen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna bermatzea.
- Salaketa anonimoak izapidetzen direla bermatzea.
- Salatzaileak babestea, 2/2023 Legearen esparruan, haien kontrako errepresaliarik egiten ez dela bermatzeko.
- Barneko Informazio Sistemaren arduradun bat izendatzea, Legean eskatzen diren baldintza guztiak betez espedienteak izapidetzen direla bermatuko duena.
- Barneko Informazio Sistemaren nahiz barneko eta kanpoko komunikazio-kanalen berri ematea langile guztiei.
- Diziplina-sistema bat dagoela ziurtatzea, aplikatu beharreko araudiaren aurkako jokabideak zehatzeko.
- Barneko eta kanpoko komunikazio-prozedura zehaztea.
- Barneko Informazio Sistemaren funtzionamendua aldian-aldian ebaluatzea eta aldaketak egitea, behar izanez gero.
- Barneko Informazio Sisteman zereginak eta erantzukizunak zehaztea.
Kooperatibaren Artezkaritza Kontseilua arduratuko da Barneko Informazio Sistemaren Politika hau ezartzeko eta haren garapena kontrolatzeko beharrezko neurriak hartzeaz.
Barneko Informazio Sisteman, Betearazpen Batzordeak du espedienteak izapidetzen direla bermatzeko ardura.
-
4. Barneko informazio-kanalak
Sozietateak barneko informazio-kanalak prestatu ditu, bazkideei, administratzaileei, langileei, hornitzaileei eta legeak zehaztutako beste hirugarren batzuei jokabide oro jakinarazteko aukera emateko. Nolanahi ere, Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteari (IBAIri) edo beste edozein erakunde, organo edo organismo eskuduni bidali ahal izango dizkiote salaketak edo informazioak.
Sozietateak bazkideen, administratzaileen, profesionalen, hornitzaileen eta legeak zehazten dituen beste hirugarren batzuen jokabideei buruzko salaketen edo informazioen berri emateko prestatutako barneko informazio-kanal guztiak sartzen dira Barneko Informazio Sisteman.
Barneko informazio-kanalak dira araudiaren aurkako jokabideei buruzko informazioa emateko lehentasunezko bidea.
Barneko informazio-kanaletan, komunikazioak anonimotasunez egin daitezke, betiere egiazkotasun- eta proportzionaltasun-irizpideei jarraituta. Bestalde, kanalak ezin dira erabili araudia betetzen laguntzea ez den beste ezein helburutarako. Komunikazioak idatziz zein ahoz aurkez daitezke, eta Barneko Informazio Sistemaren prozeduraren arabera izapidetuko dira.
Sozietateak konpromisoa hartzen du errepresaliarik ez hartzeko Barneko Informazio Kanalaren bidez jokabideren baten berri ematen duten pertsonen aurka, salbu eta salaketa edo informazioa faltsua bada edo pertsona horrek fede txarrez jokatu badu.
-
5. Onarpena
Barneko Informazio Sistemaren Politika Artezkaritza Kontseiluak bultzatu eta onartu zuen 20xx(e)ko xx(a)ren xx(e)ko bileran, araudia betetzeari buruz hartutako neurriekin bat etorriz, eta araudia eta legeria betetzeko duen konpromiso osoa bultzatzeko, sustatzeko eta zabaltzeko xedea indartzeko asmoz.
BARNEKO INFORMAZIO-SISTEMA: PROZEDURA
-
1. Xedea
Prozedura honen xedea da Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteak (aurrerantzean, Kooperatiba) ezarritako barneko informazio-sistemaren funtzionamendua zehaztea.
Prozedura honetan, Kooperatiban ezarritako sistematika zehazten da, egite edo ez egiteen ondorioz delitu-egintza bat egitea, barne-araudia eta kanpo-araudia urratzea eta/edo erakundean delituak egiteko arriskua sortzea dakarten jarduketen aurrean zehapenak jakinarazteko, izapidetzeko, ikertzeko eta, dagokionean, aplikatzeko, baita salatzaileak babesteko ere, erabiliko dena, 2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legea, arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzkoa, betez.
-
2. Zereginak eta erantzukizunak
Kooperatibak Betearazpen Batzorde bat du, Compliance Penaleko Sistema ezartzeko izendatua. Arrisku penalak prebenitzeko ezarritako neurriak betetzen direla bermatzea da, besteak beste, batzorde horren eginkizuna. Berori arduratzen da Ikastolako webgunean dagoen postontzi etikoa atalaren bidez jasotako salaketak izapidetzeaz.
2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legea betetzeko, Betearazpen Batzordeak bere gain hartu ditu Barneko Informazio Sistemaren arduradunaren —aurrerantzean, BISA— eginkizunak, 8. artikuluko 6. apartatuarekin bat etorriz. Atal horrek hauxe ezartzen du:
«6. Araudia betearazteko funtzioaren edo integritate-politiken —edozein dela ere izena— ardura duen pertsona bat lehendik duten erakunde edo organismoek pertsona hori izendatu ahal izango dute BISA izan dadin, betiere lege honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu».
Orobat, 8. artikuluko 2. apartatuaren ildotik:
«2. Sistemaren Arduraduna kide anitzeko organo bat izatea erabakitzen bada, organo horrek bere kideetako baten esku utziko ditu Barneko Informazio Sistema kudeatzeko eta ikerketa-espedienteak izapidetzeko ahalmenak».
Betearazpen Batzordeak eginkizun hori Zuzendari Nagusiaren esku utzi du, eta Barneko Informazio Sistemaren Arduradun (BISA) izendatzen du.
-
3. Sistemaren egitura
Komunikazio-sistemak informatzailearen, komunikazioan aipatzen den edozein hirugarrenen eta komunikazioa kudeatu eta izapidetzeko garatzen diren jardueren konfidentzialtasuna bermatuko du, baita datuen babesa ere, eta baimenik gabeko langileei sarbidea galaraziko die.
Halaber, informazioaren osotasuna, benetakotasuna eta trazabilitatea bermatuko dira.
Barneko komunikazio-kanalek komunikazio anonimoak aurkezteko eta ondoren izapidetzeko aukera emango dute.
Barne-kanalak datu pertsonalak babesteari buruzko xedapenak betetzen direla bermatuko du, legean aurreikusitakoaren arabera. Ez da bilduko informazio espezifiko bat tratatzeko beharrezkoa ez den datu pertsonalik, edo, nahi gabe biltzen bada, bidegabeko luzamenik gabe ezabatuko da.
-
4. Komunikazio-moduak
4.1. Barne kanala
Barne-prozedura arrazoi hauengatik hasi ahal izango da:
- BISAk edozein bitartekoren bidez ez-betetze baten berri izateagatik.
- Salaketa-postontzian komunikazio formalaren bidez salaketa jasotzeagatik.
- BISAri idatzizko salaketa iristeagatik, posta arruntez, ahoz edo horretarako prestatutako edozein baliabide elektronikoz, telefonoz edo ahots-mezularitzako sistema baten bidez. Dagokionean, komunikazioa grabatu edo transkribatu egingo dela adieraziko zaio informatzaileari, eta bere datuen tratamenduaren berri emango zaio, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
- Informatzaileak eskatuta, bilera presentzial baten bidez ere aurkeztu ahal izango da, gehienez ere zazpi (7) eguneko epean.
Ahozko komunikazioak —aurrez aurreko bileretan, telefonoz edo ahots-mezularitzako sistema baten bidez egiten direnak barne— modu hauetako bat erabiliz dokumentatu beharko dira, informatzailearen aurretiko baimenarekin:
- Elkarrizketaren grabazioa, formatu iraunkor, seguru eta irisgarri batean.
- Elkarrizketaren transkripzio oso eta zehatza, elkarrizketa tratatzeko arduradunak egina.
Datuen babesari buruzko araudiaren arabera dagozkion eskubideei kalterik egin gabe, informatzaileari aukera emango zaio elkarrizketaren transkripzioa egiaztatzeko, zuzentzeko eta onartzeko, sinaduraren bidez.
4.2. Kanpo kanala
Kasu guztietan, komunikazioa barne-kanalen bidez egiten dutenei modu argi eta irisgarrian jakinaraziko zaie kanpo-kanalak ere badaudela, informazioak eta salaketak agintari eskudunei eta, behar denean, Europar Batasuneko erakunde, organo edo organismoei helarazteko.
-
5. Salaketen tratamendua
Beren beregi jarritako postontzietako batean salaketa jasotzen denean hasiko da epea zenbatzen. Salaketarekin batera, hura justifikatzen duen dokumentazio guztia ere sartu beharko du informatzaileak.
Idatziz, ahoz edo aurrez aurreko bilera batean jasotako komunikazio guztiak konfidentzialtasunez tratatuko dira.
Jasotako komunikazioak BISAri helaraziko zaizkio, eta hark jakinarazpenaren hartu-agiria bidaliko dio informatzaileari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zazpi (7) egun naturaleko epean, salbu eta horrek komunikazioaren konfidentzialtasuna arriskuan jar badezake.
Salaketa jasotakoan, edozein modutan jaso dela ere, idatziz erregistratuko da, eta berehala aztertu eta egiaztatuko da ez-betetzea izan daitekeen edo den jarduketaren bat ote dagoen.
BISAk azalpen edo zehaztapen gehigarriren bat eskatu ahal izango die salatzaileari eta/edo inplikatutako pertsonei. Hori egin behar izanez gero, atzeratu egingo da epe osoaren data.
Azterketa eta egiaztapen horien ondoren, hauek egingo ditu BISAk:
- Aurkeztutako salaketa onartu eta espedienteari hasiera eman.
- Salaketa ez onartu, deskribatutako ez-betetzeekin bat datorren jarduketarik ez ikusteagatik edo haiek zorroztasunik eta/edo objektibotasunik ez izateagatik.
- Ez-betetzea berriro ebaluatu, deskribatutako gertakariak edo jokabideak aintzat hartuta, eta behar bezala kalifikatu, dagokion moduan izapidetzeko.
Aurkeztutako salaketa onartu edo ez-betetzea berriro ebaluatu ondoren, BISAk zehaztuko du, gaia kontuan hartuta, zer organok ikertuko duen gertakaria eta aterako dituen ondorioak. Horrenbestez, honako hauei transferituko dizkie komunikazioa eta dokumentazioa:
- Datuak babesteko arduradunari, datuak babesteko araudiari buruzko salaketen kasuan.
- Giza Baliabideen departamentuari, lan-araudiaren arau-hausteekin lotutako gaietarako.
- Salatutako gertakariek eragindako beste edozein atali.
Salaketa izapidetzeko beharrezkoak diren datuak soilik transferituko dira, eta salatzailearen babesa bermatuko da beti.
Honako hauek soilik izango dute Barneko Informazio Sisteman dauden datu pertsonaletarako sarbidea, beren eskumen eta eginkizunen esparruan:
- BISAk eta sistema zuzenean kudeatzen duenak.
- Giza baliabideen arduradunak edo behar bezala izendatutako organo eskudunak, baina langile baten aurkako diziplina-neurriak hartu behar direnean.
- Erakundeko edo organismoko zerbitzu juridikoen arduradunak, baldin eta komunikazioan adierazitako gertakariekin lotuta legezko neurriak hartu behar badira.
- Tratamenduaz arduratzeko izendatutako pertsonak.
- Datuak babesteko ordezkariak.
5.1. Interesdunari entzutea
Salatutako gertakariei buruzko ondorioak atera ondoren, interesdunari eta/edo ukitutako pertsonari entzungo zaie, alegazioen izapidea egin dezaten 3 egun naturaleko epean (epe hori ezin da luzatu).
Salaketak lan-araudiari eragiten badio, langileen legezko ordezkariari ere entzungo zaio aldi berean.
Ateratako ondorioek agerian jartzen badute beste ez-betetze batzuk egin daitezkeela edo langileentzat edo instalazioentzat arriskutsuak izan daitezkeen egoerak sor daitezkeela, horren berri eman ahal izango zaio Zuzendaritzari. Batzordeari, behin-behineko neurriak har ditzan.
5.2. Ikerketa
Ikerketa-prozesuan parte hartzen duten organoek eta pertsonek printzipio gidari hauek bete beharko dituzte:
- Bizkortasuna: prozedurak arina behar du izan, izapidetzean justifikaziorik gabeko atzerapenak saihestuta.
- Konfidentzialtasuna: konfidentzialtasuna bermatu behar da, inplikatutako pertsonen ohoreari, intimitateari, irudiari eta duintasunari kalte egiten dien edo egin diezaiekeen filtraziorik gabe.
Prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiek isilpean gorde behar dituzte prozesuan eskura izaten dituzten datuak eta informazioak. Betebehar hori urratzea zehagarria izango da.
- Inplikatutako pertsona ororen errugabetasun-presuntzioa.
- Prozeduraren objektibotasuna, inpartzialtasuna, autonomia eta independentzia. Hori bermatzeko, sakon eta zorrotz ikertuko dira jakinarazitako gertakariak, eta bidezko tratamendua emango zaie eragindako pertsona guztiei, Kooperatibako beste departamentu edo gobernu-organo batzuen inolako esku-sartzerik onartu gabe.
Ikerketa-jarduketei erantzuteko gehieneko epea ezin izango da hiru hilabetetik gorakoa izan, komunikazioa jasotzen denetik zenbatzen hasita, edo, informatzaileari hartu-agiririk bidali ez bazitzaion, komunikazioa egin eta zazpi eguneko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Dena den, salbuespen bat dago: konplexutasun bereziko kasuetan, epea luzatzea beharrezkoa izan daiteke, eta beste hiru hilabetez luzatu ahal izango da, gehienez.
5.3. BISAren ikerketa-prozedura
BISAk eskumena izango du delitu-egintzei, barne- nahiz kanpo-araudien urraketei eta betetzeko arriskuari buruzko salaketak izapidetzeko eta ikertzeko.
Halaber, informazioa eskatuko die hirugarrenei, baldin eta beharrezkoa bada:
- Informazio gehiago lortzea.
- Salaketa edo komunikazioa argitzeko dokumentu gehigarriak ekartzea.
BISAk, proposatutako erabakia behar bezala arrazoitu beharko du ondorio-dokumentuan —jarduera-proposamen bat ere izango du—. Dokumentu horrek jarduketa hauetakoren bat ekarriko du berekin:
- Arau-hauslearen kontrako diziplina-espedienteari hasiera ematea, aplikagarri zaion hitzarmen kolektiboaren babesean, baldin eta ondorioztatzen bada jokabide hori laneko arau-haustea izan daitekeela.
- Neurri zuzentzaileak hartzea, gertakariak edo jokabideak Kooperatibaren barruan berriro gerta ez daitezen.
- Gertakariak edo jokabideak dagozkien agintari judizial edo administratiboei jakinaraztea.
- Kooperatibak edo hartako kideren batek egozpen penala jasotzeko arriskua sortzen duen jokabiderik gauzatu ez dela egiaztatzea.
Jakinarazitako gertakariak argitzeko jarduketak egin ostean, Betearazpen Organoak ikerketa-prozedura amaituko du, eta ondorio formalak emango ditu. Horiek kontuan hartuta, erabaki hauetako bat hartuko du:
- Delitu penalen eta arauen ez-betetzeen kasuan, ateratako ondorioa Artezkaritza Kontseiluari helaraztea, baldin eta zehapena jartzea haren erantzukizun-eremuaren barruan badago.
- Gainerako ez-betetzeen kasuan, ateratako ondorioa Zuzendaritza Batzordeari helaraztea.
- Ikerketa-prozedurari itxiera ematea, ez-betetzerik gertatu ez bada.
Ikerketaren emaitzatik ondorioztatzen bada delituren bat egon dela, Artezkaritza Kontseiluari jakinaraziko zaio, eta salaketa aurkeztuko da, dagokion organismoan, alde batera utzita organismo horrek espedientea izapidetzean parte hartu duen ala ez. Orobat, neurri zuzentzaileak hartuko dira, ahal izanez gero, hurrengo ez-betetzeak prebenitzeko.
Artezkaritza Konseiluak ebatziko ditu bere erantzukizunaren esparruan hartu beharreko neurriak. Kasu horietan, BISAk salaketen izapidetze-egoeraren jarraipena egingo du, tratamendurako eta ondorioak proposatzeko aurreikusitako epeak betetzeari dagokionez.
Nahitaezko organoak, ikerketa egin ondoren, emaitzaren berri emango dio BISAri. Hark, jasotako dokumentazioa aztertu eta dagokion espedientean sartu ondoren, itxi egingo du espedientea, azken kudeaketa egiteko eta dokumentuak artxibatzeko.
5.4. Zehapen-prozedura
Kooperatiban, diziplina-ahala, arau-hausteen edo hutsegiteen araubideari eta haien zehapenei dagokienez, Langileen Estatutuan eta aplikagarri den hitzarmenean ezarritakoaren arabera dago araututa.
Kooperatibako langile batek delitu izan daitezkeen edo barne- eta kanpo-araudiak urratzen dituzten gertakariak edo jokabideak jakinarazten edo salatzen baditu, ez zaio diziplina-prozedura edo errepresaliako beste neurririk aplikatuko, betiere pertsona horrek gertakariak edo jokabideak egiazkoak direla uste badu.
Erakundeko pertsonaren batek komunikazio faltsua egin duela egiaztatuz gero, diziplina-prozedurara jo ahal izango da, aplikagarri den araudiaren arabera, gainerako erantzukizun guztiak, penala barne, alde batera utzi gabe.
Zehapen-prozedura BISAk jarriko du martxan, hamar (10) egun balioduneko epean, eta Artezkarita Kontseiluak aplikatuko du.
Ebazpena arduradunari (edo arduradunei) jakinaraziko zaio, eta zehapen-neurria gehienez ere hogeita hamar (30) eguneko epean betearaziko da, interesdunak (edo interesdunek) ebazpena jasotzen duenetik zenbatzen hasita, salbu eta enpresaren iritziz antolaketa- edo ekoizpen-arrazoiak edo arrazoi teknikoak badaude eta, horien ondorioz, zehapenaren betearazpena atzeratu behar bada; kasu horretan, gehienez ere bi hilabeteko epean betearaziko da.
Prozedura amaitutakoan, espedientea itxi eta betetze-direktorioan artxibatuko da.
5.5. Betetze-direktorioa eta dokumentazioaren kontserbazioa
BISAk jasotako salaketa guztiak korrelatiboki erregistratu eta behar bezala artxibatuko dira.
Nahitaezkoa izango da komunikazioan jakinarazitako jokabidearen edo gertakariaren euskarri izan daitezkeen dokumentu guztiak gordetzea, efektu penalak dituen intzidentzia-arriskuak irauten duen bitartean edo dokumentu horiek gordetzeko legezko betebeharra dagoen bitartean.
Dokumentuak plataformetan edo euskarri optiko, magnetiko edo elektronikoetan gordeko dira, haien osotasuna, konfidentzialtasuna, datuen irakurketa zuzena, manipulaziorik eza eta kontserbazio eta kokapen egokia bermatzeko. Dena den, paperean ere gorde ahal izango dira.