HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (25.11.14)


IKASTOLA MAILAKOAK


Ikasleen (eta lankideen) izen-abizenen erabilera idatziaz

  1. Ikasleen izen-abizenak osorik idatzi (ez siglaz) lankideen arteko barne mailako mezuetan (Inika, emaila).
  2. Ikasleen zein lankideen zerrendak egin behar direnean, “abizena1 abizena2, izena” formatua erabili; eta zerrenda alfabetikoki ordenatu.

Har itzazue, mesedez, aipatutako bi kontuak aintzat. Hala jarduteak asko errazten eta azkartzen du lan administratiboa.

Eguberri bezperako kalejira: musikarien taldean parte hartzeko gonbita

Ohiturari jarraiki, aurten ere aterako gara herriko kaleetara gabon-kantak abestera Eguberri bezperan. Musikariak (trikitilariak eta txarangilla) izaten ditugu lagun egun horretan eta talde eragiletik Ikastolako komunitate guztiari (ikasle, ikasle ohi, langile, familia, aitona-amona…) egin nahi diote bertan parte hartzeko gonbita.

Horiek horrela, zuek edota zuen inguruko norbaitek musika-tresna bat (txistua, tronpeta, tronboia, tuba, dultzaina, flauta, klarinetea, saxoa, eskusoinua…) jotzen baduzue eta trikitilarien taldean edo txarangillan parte hartu nahi izango bazenute, bete, mesedez, langile atarian topatuko duzuen inprimakia. Azaroaren 23a da horretarako azken eguna. Izena emateko inprimakian bertan daude entseguaren eta abenduaren 24ko kalejiren ordutegi eta lekuen xehetasunak ere.

Joko diren kantuak Agur Zuberoa, Atiarno, Errenteriako Diana, Euskaldunak gara, Ikusi Mendizaleak, Segurako Alborada eta Lesakako Inauteria izango dira. Kantu horiek instrumentu ezberdinentzako partiturak dituzte. Izena ematen dutenei hala dagokien partitura helaraziko zaie emailez (izen-emate inprimakian adierazten duten instrumentuaren partitura, hain justu).

Azken urteetan, Ikastolako goizeko Eguberri bezperako kalejiran parte hartzen duten musikari askok Ereintzak ilunabarrean antolatzen duenean ere parte hartzen dute. Beraz, aurten ere bietarako deialdia eta gonbita egiten da hemendik. Bietan parte hartzera animatzea bada ere Ikastolaren nahia, batean ala bietan parte har daiteke, hori norberaren esku. Ahal dela, kalejiretara euskal jantzi tradizionalak jantzita joatea asko eskertuko da.


ETAPA ARTEKOAK


DBH3 | Garabide. Bide gara?

Geroz eta homogeneoagoa den gizarte globalean, haren parte, geroz eta anitzagoak diren tokian tokiko testuinguruek erronka berriak sortzen dituzte. Euskal Herriko hezkuntza komunitatean ere, aniztasun kultural eta linguistikoaren areagotzeak erronka eta aukera berriak ekarri ditu mahai gainera. Herriko Udalak eta Garabide Elkarteak hizkuntza eta kultura aniztasuna zein kulturen arteko elkarbizitzaren sustapenean sakontzeko programa bat eskaintzen digute herriko ikastetxeei: Garabide programa.

Garabide, bide gara? Bide izan nahi dugu, baita ongietorri ate edota leiho ere. Orereta Ikastolan DBH 3. mailako ikasleekin egiten dugu lanketa, ikasleei zuzendutako lau sentsibilizazio-saio eta irakasleentzako den beste bat eginez. Irakurri xehetasun gehiago langile atarian (albisteen atalean).


BESTELAKOAK


Sokatira herrikoia: parte hartzeko gonbita

Azaroaren 30erako, Zumardian (euriarekin, Agustina Otaola pilotalekuan), sokatira herrikoia antolatu da.

Festa giroan ongi pasatzea da helburua eta antolatzaileek (Udala eta PUMP sistema) taldeak sortu eta parte hartzera animatu nahi dituzte kirol elkarteak, auzo elkarteak, ikastetxeak, lagun taldeak… Taldeek 6 pertsonakoak izan behar dute: 3 emakume eta 3 gizonezko, guztiak ere 18 urtetik gorakoak. Partaideen pisua ez da kontuan hartuko, helburua goiz dibertigarri eta atsegina pasatzea izango baita.

Parte hartzen duten talde guztien artean Gaztelu jatetxean egiteko bazkari/afaria zozkatuko da.

Seikoteek izena sokatiratxapelketa@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz eman behar dute (taldeko erreferentziazko pertsonaren izena eta telefono-zenbakia emanez). Azaroaren 18a da izena emateko azken eguna.

24. Korrikaren aurkezpena

24. Korrika 2026ko martxoaren 19tik 29ra artean egingo da, Atharratzetik Bilbora. “Euskara gara” lelopean egingo da eta Errigora izango da omendua. Atzo aurkeztu zen 24. edizioa.

www.korrika.eus webgunean jada ikusgai dago Korrika Kulturalako agenda, Korrika Laguntzailea izateko bideen eta denden berri ere topatuko duzue. Anima zaitezte kuxkuxeatzera eta zuen ekarpentxoa egitera!