HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (25.05.30)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Ikastolon agerraldia Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesuaren azken hiru urteetako kudeaketa deitoratzeko

Ikastolok agerraldia egin genuen atzo, maiatzak 29, Hezkuntza Sailaren azken hiru urteetako matrikulazioaren kudeaketak segregazioari aurre egiteko ez duela balio izan salatzeko. Proposamen zehatzak egin eta Ikastolok hartutako konpromisoak ere azaldu ditugu Gasteizen.

Proposatutako neurriak:

  • Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat garatzea
  • Herrietako eragin-eremuak modu orekatuan eta justuan berrikustea
  • Udal matrikulazio bulego neutroak sortzea
  • Matrikula bizia egoki baliatzea, modu gardenago, orekatuago eta bidezkoagoa izan dadin
  • Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea
  • Familien hautuaren askatasuna errespetatzea

Hartutako konpromisoak:

  • Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezartzea ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko
  • Datorren ikasturtetik aurrera herri mailako murgiltze guneak martxan jartzea. Egingo ez balitz, euskara etxetik ez dakarten ikasleak euskalduntzeko plan berri bat garatuko dute ikastolek, izan bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat
  • Ikastola hautatu duten familia guztiek ikastolan jarraitzeko aukera izan dezaten lan egitea.

Irakurri Gasteizko agerraldiko prentsa oharra osorik, hemen.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasunak EHUko eta UEUko udako ikastaroak dira. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Hezkuntza Batzordea: maiatzeko bileraren deskargua

Hilaren 21ean egin zen Hezkuntza Batzordearen maiatzeko bilera. Langile atarian duzue laburpena (gainaldean ezkerraldean dauden ikono-zerrendako “organoetako aktak” atalean).

Ekainak 30: ikasturte amaierako langile batzarra

Ekainean sartzear, gogoratu nahi dizuegu aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 30ean izango dela, 09:00etan hasita. Datozen asteetan helaraziko dizuegu gai-zerrenda.

2025-26 ikasturteko behin betiko eskola-egutegia

2025-26 ikasturteko Haur Eskola, HH, LH eta DBHko behin betiko eskola-egutegiak hemen dituzue ikusgai, Ikastolako Hezkuntza Batzordearen onarpenarekin eta Hezkuntza Sailaren oniritziarekin. Lan-egutegien berri hurrengo asteetan emango dizuegu.

Lan-egutegiak ixtean jarriko dugu guztia langile atarian (gainaldean ezkerrean dauden ikonoetan).

Ikastolaren Eguna 2025: egitaraua

Ekainaren 8an ospatuko dugun Ikastola Egunaren egitaraua ondu du festa antolatzen ari den lantaldeak. Langile atarian duzue ikusgai egitaraua, baita egunean bertan boluntario lanetan aritzeko izena emateko inprimakia eta goizeko ikuskizunean parte hartzekoa ere. Izan ere, azken urteetan bezala, hala nahi duten familiartekoek eta langileek aurten ere izango dute aukera Ikastolaren Eguneko goizeko ikuskizunean parte hartzeko. Apuntatzen direnei emailez emango zaie xehetasunen berri. Ahal izatera, kamiseta gorria edo laranja jantzita etorri behar dute familiarteko eta langileek ikuskizunean parte hartzera.

Ikastola Eguna antolatzen ari den lantaldeak ondorengo oharren berri eman du:

  • Norberak bere edalontzia. Azken urteetan egin gisan, norberak bere edalontzia ekartzea gomendatzen da. Salgai ere egongo dira 1€ren truke. Baserrian edaria erosteko aukera egongo da.
  • Añabitarte, zaindu behar dugun inguru paregabea. Gure inguru paregabea ahalik eta garbien eta ondoen zaintzea guztion ardura izango da.
  • Garraio-zerbitzua eta Tknika-ko aparkalekua. Ohi bezala, Ikastolak garraio-zerbitzua jarriko du Añabitartera igo eta bueltan herrira jaisteko, eta hori erabiltzeko gomendioa egiten du. Hainbatek kotxez igotzeko asmoa izango duzue. Hala bada, jakizue Ikastolaren inguruan eta Tknika-ko aparkalekuan (18:00ak arte) autoa uzteko aukera egongo dela.
  • Euria egingo balu, aldaketak egon daitezke egitarauan.

Blaitu Kluba – Euskaraz Bizi: ikasturteko 3. Blaitu-MHLZ lehiaketa eta 3. Busti! saioa

3. BLAITU-MHLZ LEHIAKETA EKAINAREN 2TIK 8RA (IKASTOLAREN EGUNA)

Pasa den abenduan Euskararen Egunaren bueltan eta otsaila-martxoan inauterien harira egin bezala, Blaitu Klubak Blaitu-MHLZ 3. lehiaketa (ikasturte honetako azkena) antolatu du ekainaren 2tik 8ra, Ikastolaren Eguna aitzakia hartuta.

Ekainaren 2tik 6ra bitartean, Blaitu MHLZ jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubeko atarian (langile ataritik ere sar zaitezkete bertara). Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira ekainaren 8an, Ikastolaren Eguna ospatuko dugun egunean, jokatuko den final handirako. Berezia izango da ekainaren 8ko final handia: online jokatuko da, 15:00etatik 16:00etara. Ikastolaren Egunean daudenek zein bertara joan ezin dutenek jokatu ahal izango dute, baina ordutegi horretan bakarrik. Irabazleak Sendaviva parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat. Anima itzazue ikasleak eta anima zaitezte zuek ere parte hartzera!

3. BUSTI! SAIOA

Astelehenetik (ekainak 2) aurrera, ikasturte honetako hirugarren eta azken Busti! saioa ere ikusgai izango da Blaitu Klubaren atarian. Geletan lantzeko unitate didaktikoa ere eskura duzue. Gogoratu, unitate didaktikoa nahieran erabil dezakezuela adinaren baitako egokitzapenak eginez. (LHn komunitate proiektuan landuko da).

Azken atal honetan, DBHko ikasleek hartu dute parte esketxean. Ea gustuko duzuen!

Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

HIZPRO | Ekaineko kalko okerra

Eskuragarri duzue ekaineko kalko okerra Blaitu Klubaren atariko Jantzi euskaraz atalean. Bideoa eta posterra topatuko dituzue bertan, geletan landu ahal izateko. Ohi bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.


ETAPA ARTEKOAK


LH6 | Madalenak 25 kartel lehiaketa: Ikastolako ikasle Ane Rodriguezen kartela izango da haurren programazioaren irudia

Pasa den astean esan bezala, LH 6. mailako ikasleak Madalenetako kartelak egiten aritu dira Plastikan, eta horietako mordoxka bat aukeratu dituzte festetako kartel lehiaketarako. Epaimahaiak maiatzaren 28an eman zuen XXXIX. Madalenetako Kartel Lehiaketaren irabazleen berri. Ikastolako ikasle den Ane Rodriguezen lana izango da aurtengo haurren programazioaren irudia. Bejondeiela parte-hartzaile guztiei! Eta zorionak Aneri!