IKASTOLA MAILAKOAK
Prestakuntza eta jardunaldiak: Orereta-Oiartzoko ordezkariak Kutxa Fundazioaren Atenea proiektuaren talde-dinamikan
Kutxa Fundazioaren etorkizuneko Atenea proiektua irudikatzeko talde-dinamikan parte hartu berri dugu Orereta-Oiartzo Ikastolak. Han izan ziren Oñatz Gonzalez (Oreretako berrikuntza arduraduna) eta Ane Zubizarreta (Oiartzoko zientzietako mintegiko irakaslea), hezkuntza alorreko hainbat eragilerekin batera. Etorkizun hurbilean, Tabakalera gunean museo publiko eta bizi bat, Atenea, izango du Kutxa Fundazioak; eta museo hori irudikatzeko dinamikan parte hartu dute Oñatzek eta Anek.
Tabakalerako Atenea gunearen helburu nagusia pentsamendu kritikoa, hausnarketa, eztabaida eta ezagutza esanguratsuen elkartruke kolektiboa sustatzea izango da. Hala nahi izanez gero, hemen proiektuaren aurkezpen-bideoa: https://kutxafundazioa.eus/eu/kutxa-fundazioa-atenea
Blaitu – Euskaraz Bizi | Euskaraldia – Blaitu Erronkak saioak baditu irabazleak… eta bideoklipa!
Jada ikusgai duzue Blaitu Klubaren atarian ikasturteko bigarren Erronkak saioko sari-banaketaren bideoa. Euskaraldiari lotuta, euskararekin lotura duten gure herriko zazpi tokitan jarritako QRak topatu eta haiei jarraiki Euskaraldiaren “Gure bihotzaren taupadak” abestiaren bideoklip komunitarioa osatzea izan da txalentxa. Lehiaketa, berriz, orain arteko tankeran, lau arrastoren laguntzaz hitz ezkutua asmatzea. Sari-banaketaren bideoan, saridunak nor diren azaltzeaz gain, Euskaraldiko abestiaren bideoklip komunitarioa ere ikusgai duzue. Beraz, tutore bakoitzak jarri dezala bideoa gelan! Jarrai dezagun elkar mugituz eta bustiz egiten!
Erronkak saioko txalentxaren irabazleak Itsaso Lopez Martin eta Hegoa Lopez Emazabel izan dira, eta lehiaketako garailea, berriz, Aroa Redondo Araneta. Zorionak irabazle guztiei eta eskerrik asko parte-hartzaile denei!
ETAPA ARTEKOAK
LH6 | Madalenetako kartelak sortzen
LH 6. mailako ikasleak Madalenetako kartelak egiten aritu dira Plastikan, eta horietako mordoxka bat aukeratu dituzte festetako kartel lehiaketarako! Maiatzaren 27ra arteko epea dago gustukoena bozkatzeko, Xenpelar Etxeko erakusketan. Anima zaitezte!
DBH1 | Erasmus+: Brno-Orereta
Aurten lehen aldiz, Euskal Herritik haragoko zubiak eraikitzen saiatzen ari gara DBH1eko ikasleekin: Txekiar Errepublikako Brno hiriko ikasle batzuk gurean dira aste honetan. Ekimenaren helburu nagusia elkarlanean gure ondareaz dugun ezagutza aztertu, ikertu eta sakontzea da; UNESCO ondarearena, batik bat. Hauxe egun hauetako egitaraua:
- Maiatzak 20: harrera Añabitarten eta Albaola Itsas Kultur Faktoria
- Maiatza 21: Igartubeiti Baserri Museoa eta Ekainberri
- Maiatzak 22: Geoparkea eta Urederra (gaua Urbasan)
- Maiatzak 23: Guggenheim Museoa
Zubiak Eraikiz | Ziburu, Hendaia eta Biriatutarrak Oreretan, eta Oreretarrak Beran
Zubiak Eraikiz proiektuaren baitan, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako hainbat Ikastolekin dugun harremana estutu eta indartzeko asmoz, Ziburu, Hendaia eta Biriatuko lagunen bisita izan dugu aste honetan Añabitarten; eta LH5 eta LH6ko talde bana Berara joan dira gaur Labiaga Ikastolako lagunekin eguna pasatzera.
BESTELAKOAK
Maiatzak 25: Ibilaldia Galdakaon
Bizkaiko Ikastolen aurtengo festa Galdakaon ospatuko da igandean, maiatzaren 25ean. ibilaldia.eus-en duzue egitaraua. Anima zaitezte!
Bide batez, hemen irakurgai Ibilaldiaren harira eta Ikastolen izaerari erreferentzia eginez, Jon Feliz-ek Berria egunkarian idatzi duen “Emozioak, Ibilaldia eta Akilesen amorrua” iritzi artikulua.
Nafarroa Oinez 2025-ek baditu abestia eta bideoklipa
Pasa den astean aurkeztu zituzten urriaren 19an Atarrabian ospatuko den Nafarroa Oinezen abestia eta bideoklipa. Hemen ikusgai/entzungai.
“Cooperative Symphony” kontzertua maiatzaren 29an Kursaalean
Kooperatiben Nazioarteko Urtea dela eta, Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, “Cooperative Symphony” kontzertua antolatu du Kursaalean; maiatzaren 29an, 19:30ean.
Sarrera doakoa da. Pertsona bakoitzak bi sarrera eskura ditzake esteka honetan.