IKASTOLA MAILAKOAK
Prestakuntza eta jardunaldiak: Ikastolako berrikuntza arduraduna Estonian
HikHasik bidaia pedagogikoa egin zuen Estoniara pasa den apirilaren 21etik 26ra. Bertan izan zen Ikastolako berrikuntza arduraduna, Oñatz Gonzalez. Estoniako hezkuntza-sistema berritzailea eta kultura eta historia aberatsa ezagutzea izan da bidaiaren helburua. Irakurri egonaldiaren kronika.
Lan-eskaintza DBHn: euskara eta literaturako irakaslea
DBHn euskara eta literatura irakaslea (tutore lanak ere egingo dituena) behar dugu ordezkapen baterako (%95eko lanaldia). Euskal ikasketetan gradua, EGA edo baliokidea eta Bigarren Hezkuntzan irakaslea izateko Unibertsitate Masterra edo baliokidea izatea dira bete beharreko baldintzak. Maiatzaren 18ra bitarteko epea dago curriculum vitae-a www.oreretaikastola.eus webguneko “Gurekin lan” egin atalean erregistratzeko.
Ikastolaren Eguna 2025: lehen xehetasunak
Ekainaren 8an ospatuko dugu Ikastolaren Eguna. Denok gonbidatuta gaude, apuntatu hitzordua agendan.
BOLUNTARIOAK
Urtero egutegian gorriz azpimarratuta izaten dugun eguna antolatzen ari da Ikastolaren Eguneko lantaldea, eta egitaraua eta festa aurrera atera ahal izateko, boluntario gisa lanean aritzeko jendea behar da. Bete langile atarian topatuko duzuen inprimakia zertan laguntzeko prest zaudeten adieraziz.
BAZKARIA ETA EDALONTZIAK
Azken urteetako bideari jarraiki, esperientzia atsegina eta ona dela baloratuta, bazkaria autogestionatua izango da: norberak ekarriko du jatekoa eta Ikastolak Baserriaren inguruan horretarako aulkiak eta mahaiak jarriko ditu. Norberak ere ekar ditzake bere aulki eta mahaiak. Edalontziak ere norberak ekartzea gomendatzen da. Salgai ere egongo dira 1€ren truke.
Ikastolaren izaera eta jardun publikoaz: Artezkaritza Kontseiluaren adierazpena Udalari
Orereta Ikastolak urtero berritzen den hitzarmen ekonomikoa du Udalarekin (22.500€) 90. hamarkadatik. Hitzarmen ekonomiko hori gastu errealen gaineko diru-itzultzea da (hau da, gasturik ez bada justifikatzen ez da dirulaguntzarik iristen) eta hezkuntza formalaz haragoko ekimenetarako da soilik. Beraz, hitzarmen ekonomiko honek ez du hezkuntzari lotutako gasturik estaltzen; Orereta Ikastolak dirulaguntza hori Gau Beltza, Mari Domingiren Errepubika Magikoa, Esmalteriako Ostiralak… egiteko erabiltzen du.
90. hamarkadatik indarrean den dirulaguntza askoz ere handiago zen kopuruz hasieran, denborarekin gutxitzen joan da eta azken hamarkadan izoztuta dago.
Aipatu dirulaguntza dirulaguntza izenduna da. Udalaren irizpidea omen da dirulaguntza izenduna duen erakundeak ezin duela Udalaren beste dirulaguntza eskaerarik egin.
Udalarekin hala adostuta, Guraso Elkartearen bitartez eskatu zuen Erriolaguneak Madalenetarako dirulaguntza iaz aurrenekoz, beste erakunde bat izanik eskubide hori baduela adostuta bi aldeen partetik.
Aurten, Ikastolako Guraso Elkarteak Hezkuntzako Guraso Elkarteek antolatzen dituzten prestakuntzetarako dagoen dirulaguntza eskatu du, herriko guraso elkarte guztiek eska dezaketen udal dirulaguntza hain justu.
Udalak adierazi dio Orereta Ikastolari, legez, eskubidea duela eskaera hori egiteko; baina dirulaguntza horri uko egiteko eskatu dio Ikastolari hezkuntza-zentroen arteko bizikidetza arazoak sor ditzakeelakoan.
Egoera eta testuinguru horretan, 2025eko maiatzaren 12an Udalak eta Orereta Ikastolak egin duten bileran, Artezkaritza Kontseiluak 2025eko maiatzaren 7an idatzitako adierazpena aurkeztu eta izaera publikoa aitortzeko eskaera esplizitua egin dio Ikastolak Udalari. Izan ere, Ikastolak erabaki du ez duela Udalak markatu nahi duen joko-zelaian (dirulaguntzaren sokatiran) jokatu nahi, ez dela hori oinarrian dagoen afera. Ikastolak argi du zer den, zer ekarpen egin diezaiokeen herriari eta zer eskatzen dion Udalari; eta Udalarekin horretaz hitz egin nahi du: bere izaera eta jardun publikoaren aitortzaz.
Hemen irakur dezakezue Artezkaritza Kontseiluak Udalari helarazitako adierazpena. Langile atariko informazio praktikoan (bestelakoen atalean) ere baduzue, eskura hala behar/nahi duzuen aldiro.
BESTELAKOAK
Errenterian 11 Kolore jardunaldien X. edizioa, herrian
Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 21a, eta horri lotuta, azken urteetako ohiturari jarraikiz, Errenterian 11 Kolore jardunaldiak antolatu ditu Udalak maiatzaren 21etik 25era. Ikastolako hainbat ikaslek parte hartzen dute egitasmoan, herriko beste ikastetxeetakoekin batera. Ekimeneko hitzorduetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dizuegu denei. Hemen duzue ikusgai Errenterian 11 Kolore jardunaldien programa.
Konfekoop-en Batzar Nagusia
Maiatzaren14an egin zen Konfekoop-en, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren, Batzar Nagusia. Irabazi asmorik gabeko herri onurako kooperatiba da Orereta Ikastola eta han izan zen zuzendari nagusia, Anartz. Muxika. Irakurri Konfekoop-en Batzar Nagusiaren kronika.
Administraziopeko ikastetxeak: akordioa sinatu dute Hezkuntza Sailak eta sindikatuen gehiengoak
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta sindikatuen gehiengoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administraziopeko ikastetxeetako irakasleentzat lan itun berria adostu zuten pasa den maiatzaren 9an. Hemen akordioaren azpimarrak biltzen dituen Berria egunkariko albistea.