IKASTOLA MAILAKOAK
HIZPRO: otsaileko euskararen zuzentasun saioaren balorazioa
Otsailean euskararen zuzentasunaren inguruko frexkatze saioa egin genuen langileok. Saioaren balorazioa egin ahal izateko, galdetegi hau betetzea eskertuko genizueke.
Mila esker,
Miren Usabiaga, Sara Aramendi eta Hizpro taldea
Ikas-etapetako helbide elektroniko korporatiboak
Ikas-etapetako zuzendaritza-taldeek Ikastolaz kanpoko eragile, elkarte, hornitzaileekin… duten harremana optimizatzeko helburuz helbide elektroniko korporatiboak bultzatzea erabaki da. Hala, emailezko harreman hori ez zaio pertsona jakinari lotuko eta hurrengo zuzendaria heltzean ez da, batetik, harremana eteteko arriskurik izango, eta, bestetik, ordura arteko informazioa eskura izango du.
Horiek esanda, ondorengoa eskatzen da: Ikastolako langile gisa etapako zuzendaritza-taldearentzako izan behar lukeen e-mailik jasoz gero, birbidali eta esan hala dagokion eragile, elkarte, hornitzaileari… mezu hori eta hurrengoak, mesedez, helbide elektroniko korporatibora bidaltzeko.
Ikas-etapetako helbide elektroniko korporatiboak ondorengoak dira (langile atariaren gainaldean dagoen ezkerraldeko ikono-zerrendako “telefono zerrenda” botoira gehitu ditugu): hhzuzendaria@oreretaikastola.eus | lhzuzendaria@oreretaikastola.eus | dbhzuzendaria@oreretaikastola.eus
Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2025: langileei zuzenean eragiten dietenak
BARNE ARAUDIA
Ikastolako barne-araudia hainbat dokumentutan banatuta egon da eta zuzendaritza-taldeak eta Artezkaritza Kontseiluak guztia bateratu eta eguneratu dute. Batzar Nagusiak azken onarpena eman dio barne-araudi bakar eta eguneratuari, eta beraz, indarrean da jada. Langileon betebeharra da barne araudia ezagutzea eta betetzea, egunerokoan presente izatea eta aintzat hartzea eskatzen dizuegu. Langile atariko informazio praktikoa atalean duzue eskura.
DELITUAK PREBENITZEKO MARKOA
Delituak Prebenitzeko Markoa (Compliance izenez ere ezagutzen dena) kooperatiben lege berriaren testuinguruan kokatu behar dugu. Ikastolaren jardunerako kode etikoa ezartzen du, etikaz jokatzeko bete beharreko irizpideak ezartzen ditu. Langileon betebeharra da compliance-a ezagutzea eta betetzea, egunerokoan presente izatea eta aintzat hartzea eskatzen dizuegu. Langile atariko informazio praktikoa atalean duzue eskura.
Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2025: deskargua eta hainbat euskarri
2025eko otsailaren 26an egin zen Orereta Ikastola Koop. E.-ko Urteko Ohiko Batzar Nagusia. Langile atarian duzue deskargua, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian. Laburpen horrez gain, Ikastolako webguneko bazkideen atarian (Aurrera! memoriaren atalean) jarri dira publiko Batzar Nagusiari lotutako hainbat euskarri.
ETAPA ARTEKOAK
BATX | Haurrentzako ipuinak lokutatzen Lekuona Fabrikan
Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 2a eta eguna aste bihurtu dugu Ikastolan: hainbat ekintza izan dira aste guztian zehar. Besteak beste, “Bineten artean” solasaldi ilustratua egin zuten DBHn astelehenean; elkarkidetzako “Irakurriz gozatu” saio bateratua LH eta DBHn asteartean; Juul kanpainako bozketa eguna LHn asteazkenean; elkarkidetzako ipuin-kontaketak (batxilergoa-LH1, L4-LH1, LH3-LH2 eta LH5-HH4-HH5) eta ilustrazio-komiki master class-a DBHn ostegunean.
Denak ezin dira hemen xehe-xehe kontatu eta hona bat: batxilergoko Ahozko Komunikazioa irakasgaiko ikasleak Lekuona Fabrikako haur literaturako liburu batzuk aukeratu, irakurketa dramatizatua landu, ikasleen ahotsak eta hotsak grabatu eta grabaketa horiek QR bidez liburuetan txertatzen ari dira, Ereiten Kultur Zerbitzuak elkartearen laguntzaz. Hartara, liburutegira joaten diren haurrek landutako liburuetako bat aukeratzen badute, ipuina kontatutako dien norbait izango dute klik batera. Irakurri erreportaje laburra langile atarian (albisteen atalean).
BESTELAKOAK
Landarbaso Trail: bi dortsal langileen artean zozkatzeko
Landarbaso Trail lasterketaren babesle dira Orereta eta Oiartzo Ikastolak eta bi dortsal oparitu dizkigute antolatzaileek. Langileen artean zozkatuko ditugu. Zozketan parte hartu nahi duenak bete dezala langile atariko hala dagokion inprimakia. Apirilaren 10ean amaituko da horretarako epea. (Erosteko dortsalak agortuta daude).
Araba Euskaraz 2025ek badu abestia
Pasa den astean aurkeztu zuten 2025eko Araba Euskaraz jaiaren abestia. Mikel Urdangarinek egin du “Arbasoen su txikian” kanta, beste zenbait artistarekin elkarlanean. Hemen duzue entzungai/ikusgai.
Ikastolak Herriari – Non eta Mugan 2025
“Ikastolak Herriari” jaialdiaren seigarren ekitaldia Bastidan egingo da gaur, apirilak 4, “Non eta Mugan” lemapean. Gazte topaketa bat izango da aurten. Ikastola eta probintzia desberdinetako 14 eta 16 urte bitarteko ikasleak bilduko dituen eguna izango da, Euskal Herriko mugetan/periferian dauden Ikastoletako gazteek eta aurten Ikastolen Jaiak antolatuko dituzten Ikastoletakoek hartuko dute parte topaketan. Euskararen egoera soziolinguistikoa ezagutu, euskalki desberdinen arteko harremanak estutu, Ikastolak Bastidan eta Arabar Errioxan duen eraginaren berri izan eta gazteen arteko harremanak estutzea dira helburu nagusiak.
Lehen, orain eta gero ere, Ikastolek misio bera izan eta izango dute toki guztietan: jendartea euskalduntzeaz gain, euskalduntasun horren bitartez euskal kultura indartzea. Hori baita euskal identitatea garatzeko bide sendoena. Ez da erraza izan (eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du) periferiako Ikastolek pairatzen duten egoera sozio-politikoari aurre egitea: aurrera egiteko dedikazio eta militantzia handia behar izan eta izaten dute. Horregatik, beharrezkoa da Euskal Herriaren periferian euskararen alde lan egin eta egiten duten eragile eta Ikastolei aitortza egitea. Eta helburu horixe du “Non eta Mugan” ekimenak.