HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (25.03.28)


IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: martxoko bileraren deskargua

Asteazkenean, martxoaren 26an, egin zen Artezkaritza Kontseiluaren martxoko bilera. Bertan landutako gairik aipagarrienak jada aitatuta daude lehenagoko asteko oharretan edo gaurkoetan bertan egingo zaie leku. Beraz, ez da deskargurik zintzilikatuko langile atarian.

Artezkaritza Kontseiluaren martxoko bileran landu eta gaurko asteko oharretan dauden gaiak: HH-LH-DBHko matrikulazioa 2025-26, Haur Eskolako matrikulazioa 2025-26 eta Aztikerrekin egiten ari garen merkatu azterketa.

Horiez gain, segidan Artezkaritza Kontseiluaren martxoko bileran landu den gai baten aipamen laburra: Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarra eta horren osteko EHIren plan estrategikoa 2025-29.

2024ko ekainaren 22an egin zen Iruñean Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarra, Ikastolen hurrengo zortzi-hamar urteetako erronkei aurre egin eta helburu nagusiak ezartzeko bilkura nazionala. Aurrez, Ikastolok proposamenari ekarpenak egiteko aukera izan genuen; eta orain, ekainean onartutako proposamena oinarri, 2025-29 plan estrategikoa egin du Ikastolen Elkarteak. Plan estrategiko hori Ikastoletara helarazi dute eta eskatu Ikastola bakoitzaren urteko kudeaketa planak eta plan estrategikoak horrekin lerrokatzen saiatzeko. Orereta Ikastolan zuzendaritza-taldeak hartuko du horren ardura.

HH-LH-DBH matrikulazioa 25-26: Hezkuntza Sailaren planifikazioa,  behin behineko zerrendak eta ondorengo urratsak

Hezkuntza Sailak planifikatutako ikaspostuak ofizioaz aldatu zizkigun matrikulazio-garaia hasi baino egun batzuk lehenago. HH 2 urte, HH 3 urte eta HH 4 urteko adinean 100etik 50era murriztu zizkigun ikaspostuak; eta HH 5 urteko adinean, 100dik 75era. Noski, helegiteak aurkeztu ditugu. Horrek bere bidea egingo du.

Matrikulazio-garaia otsailaren 3tik 14ra artekoa izan zen. Emaitzak ondorengoak izan ziren: 52 ikasle bi urteko geletan, 2 hiru urtekoetan, 2 bost urtekoetan, 4 LHn eta 6 DBHn. Denera, 66 ikasle.

2025eko martxoaren 18an argitaratu ziren behin-behineko zerrendak eta hauxe da egoera.

  • HH 2 urte: 52 haur matrikulatu ziren Ikastolan eta 49 izan dira onartuak behin-behinean: 46 gurean eskaera egin zutenak eta 3 Hezkuntza Sailak esleituak. Gurean izena eman zuten 6 familia itxaron-zerrendan daude.6 familia horiek ez dira zaurgarriak eta horien ordez zaurgarri bat eta bi ez-zaurgarri esleitu dizkigute. Berez, 6 mugitu beharrean 3 familia mugitzearekin aski zen. Ez dugu familia ez-zaurgarrien trukea bidezkoa denik uste. Zaurgarriena ulertzekoa da, besteena ez. Hurbiltasun puntuazioa erabili dute 6 aldaketa horiek justifikatzeko. Aldatu dituzten 2 familiak lehenengo eta bigarren aukera berberak dituzte lehentasunak alderantziz jarrita.
  • HH 3 urte: 2 haur matrikulatu ziren Ikastolan eta biak itxaron-zerrendan daude. Bi esleitu dizkigu Hezkuntza Sailak.
  • Gainerako mailetako (HH5-DBH4) eskaerak onartuak izan dira.

Apirilaren 15ean argitaratuko dira behin betiko zerrendak eta familiek maiatzaren 26ra arteko epea izango dute behin betiko zerrenda horiei errekurtsoak jartzeko.

Orereta Ikastolako lehendakariak bilera egin du HH2 eta HH3n behin-behineko zerrendetan kanpoan geratu diren familiekin. Artezkaritza Kontseiluak eta zuzendaritza-taldeak gaia lantzen jarraituko dute hurrengo asteetan, EHIrekin elkarlanean.

HH-LH-DBH matrikulazioa 2025-26: otsailean lortutako emaitzen balorazioa

Langile atarian duzue otsaileko matrikulazio kanpainan lortutako emaitzen azterketa eta balorazioa, Ikastolako datuekin soilik egindakoa (momentuz, beste daturik ez baitugu).

Haur Eskola matrikulazioa 2025-26: 2024-25 ikasturtean bezala, hiru ikasgela

2024-25 ikasturterako Ikastolako Haur Eskolak itunduta dituen hiru ikasgelak “aktibatzea” erabaki zuen Artezkaritza Kontseiluak. Ordura arte bi ikasgelarekin nahikoa izaten genuen, baina iaz lehenengoz hirugarrena ere aktibatzea erabaki zen eskaera kopuruagatik. Hala, HH1eko bi gela eta HH0eko gela bat ditu egun, ikasturte honetan, Ikastolako Haur Eskolak: HH1eko 20 ikasle eta HH0ko 2 ikaslerekin ekin genion kurtsoari 2024ko irailean eta gaur egun HH1eko 26 ikasle eta HH0ko 8 ditugu. Ez da haur gehiago kabitzen haur eskolan, HH1eko ratioa 13koa eta HH0koa 8koa direlako.

Partzuergoko Haur Eskolak doakoak izango zirela jakin zenean Ikastolak bere Haur Eskolako kuotak ere doitzea erabaki zuen, eta azken bi ikasturteetako aipatu gorakadan horrek (ere) eragina izan dezakeela uste da. Partzuergokoen ondoren, Ikastolako Haur Eskola da herriko haur eskolarik merkeena.

Datorren ikasturtean ere berdin jarraitzea erabaki du Artezkaritza Kontseiluak: HH1eko bi eta HH0ko gela batekin. Haur Eskola defizitarioa bada ere:

  • batetik, jada jaso ditugu hiru gela izateko adina eskaera. Momentuz, 2025-26an 5 haur izango ditugu HH0n eta 14 HH1en. Haur Eskolako matrikulazio kanpaina oraindik ez da hasi, maiatzean izaten da.
  • bestetik, 2024-25 ikasturtean Ikastolako Haur Eskolan HH1en dauden 22 ikaslek 2025-26 ikasturtean HH2n Ikastolan jarraitzeko matrikula egin dute. Beraz, ihesa ez da handia eta kopuru horiek HH2ko matrikulazioari beste “puntu” batetik hasteko aukera ematen digute.

Merkatu azterketa Aztikerren laguntzaz

Azaroko Artezkaritza Kontseiluaren bileran merkatu azterketa egiteari oniritzia eman zitzaion. Ordutik hona egin direnak eta hemendik aurrera egingo direnak ondorengoak dira:

  • Abendua-otsaila: azterketa kuantitatiboa, Ikastolak berak emandako informaziotik eta beste hainbat estatistika eta informazio-iturritatik abiatuta.
  • Otsaila-apirila: azterketa kualitatiboa, 15 profil ezberdinetako pertsonekin elkarrizketak.
  • Maiatza-ekaina: datuen ustiatzea eta emaitzen aurkezpena.

Lana aurreikusitako epeak betetzen ari da. Ustekabekorik ezean, azterketaren emaitzen txostena 2024-25 ikasturtearen amaierarako aurkeztu eta entregatuko du Aztikerrek.

HIZPRO | Apirileko kalko okerra

Eskuragarri duzue apirileko kalko okerra Blaitu Klubaren atariko Jantzi euskaraz atalean. Bideoa eta posterra topatuko dituzue bertan, geletan landu ahal izateko. Ohi bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.

Euskaraldia: izen-ematea – estatistikak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia. Orereta Ikastolak entitate gisa parte hartuko du eta eskatuta daude jada langileentzako txapak, entitate horretako partaide izango baitira. Ikastolako langileentzako txapak Ikastolak eskatu ditu eta txapa Ikastolan jasoko dugu, beraz.

Horiek esanda, Euskaralditik norberak www.euskaraldia.eus webgunean ere izena emateko eskatu digute, datu eta estatistika iturri izango direlako beraientzat erregistro horiek. Erregistro horri lotutako ohar bat: “herria” atalean nongoak zareten jarri, ez txapa non jasoko duzuen. Dagoeneko izena eman baduzue, listo, egin dituzue etxeko lanak 🙂


ETAPA ARTEKOAK


DBH1 | “Jolastokiko zakarrekin atzealdean fabrikak eta mahai gainean hondakinak dituen “Azken afaria” sortu dugu”

DBH 1. mailako Sormen Tailerreko taldeak Leonardo Da Vinciren “Azken afaria” obraren erreplika bat sortu du jolastokian eta Ikastolako zakarrontzietan topatutako zakar eta hondakinekin. Atzealdean fabrikak eta mahai gainean hondakinak dituen “Azken afaria”, munduaren akabera. Badu honek mamia eta elkarrizketa egin diegu gure artistei. Irakurri elkarrizketa langile atarian (albisteen atalean).

LH6 | Arnasa elkartearen aldeko azoka solidarioa martxoaren 31n

LH 6. mailako ikasleek Arnasa elkartearen (Euskadiko Fibrosi Kistikoaren elkartea) aldeko merkatu solidarioa antolatu dute martxoaren 31n. 09:30etik 13:00etara. Agirren Lehendakariaren eta Niessengo plazetan egongo dira 2. eskuko jostailu eta jolasak, eskuz egindako gauzak eta arnasa elkartearen hainbat osagarri saltzen.

Arnasa elkartearen aldeko merkatu solidarioa diziplina arteko proiektu baten fruitua da. Ingurunea arloan, gobernuz kanpoko erakundeak lantzen aritu dira: zer diren, zer egiten duten… Beren inguruan gisa horretako erakunderik ba ote den bilatzen hastean egin dute topo Arnasarekin, eta antolatu dute merkatu solidarioa ingurunea ez beste hainbat arlotako edukiak nahiz lanketak txertatuz eta antolaketarako ikasgela arteko hainbat lan-batzorde osatuz.


BESTELAKOAK


Apirilak 6: manifestazioa Baionan “Justizia euskararentzat” lelopean

Euskal Herrian Euskaraz-ek manifestazioa deitu du Baionan. Apirilaren 6an izango da, goizeko 11:30ean aterako da justizia jauregitik “Justizia euskararentzat” lelopean. Euskararentzat nahiz euskaldunontzat justizia exijitzeaz gain, abenduaren 3an Baionako justizia jauregian egindako desobedientziagatik apirilaren 11n epaituko dituzten Euskal Herrian Euskarazeko bi ekintzaileekiko elkartasun ekimena ere izango da manifestazioa.

Euskal Herrian Euskaraz, Ikastolok bezala, euskalgintzako eragile izanik, Ikastolakide oro gonbidatu nahi da apirilaren 6ko Baionako manifestaziora. Hemen manifestazioari buruz xehetasun gehiago.