HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (25.03.21)


IKASTOLA MAILAKOAK


IKT: hobekuntza nabarmenak hainbat dirulaguntzari esker

2024an hainbat IKT azpiegitura hobetu ditugu, SPRIren bi dirulaguntzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste bati esker. Guztira 114.915€-ko inbertsioa egin dugu; Ikastolaren ekarpena 11.923€-koa izango da.

Dirulaguntza horiei esker, Oiartzo eta DBH eta LHko eraikinak zuntz optikoz lotu ditugu, aurretik genituen konexioak hobetu eta bikoiztea bermatuz. Horrez gain, sarearen konfigurazioa erabat berritu dugu: segmentazioa egin, segurtasuna handitu eta erabilera ezberdinetarako sare bereiziak sortu ditugu. Zerbitzariak ere egokitu eta berritu ditugu, gure beharrizanei modu eraginkorragoan erantzuteko.

Aldaketa horiei esker, sarearen segurtasuna nabarmen hobetu da eta baliabideen banaketa eraginkorragoa lortu dugu.

Elkartasun lantaldea | “Haur bat, hartxintxar bat, euro bat” ekimena Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola laguntzeko

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola hainbat ekimen antolatzen ari da Eusko Jaurlaritzak jarri dion 140.000€ko isunari aurre egiteko. Horietako bat da “haur bat, hartxintxar bat, euro bat” egitasmoa: Euskal Herriko ikastoloi ikasgeletan itsulapikoak jarri eta haur bakoitzeko euro bat biltzeko erronka bota digute.

Orereta Ikastolan bat egingo dugu ekimenarekin. Ikasleekin gaia landu, eta beren itsulapikotik euro bat hartu eta Ikastolan jarriko ditugun itsulapikoetan botatzera gonbidatuko ditugu, elkartasun keinu gisa. Datorren astean (martxoaren 24tik 27ra) izango dugu martxan ekimena. Horretarako, aintzat hartu, mesedez, ondorengoak:

  • Martxoaren 24an, astelehenean, gaia ikasleekin lantzea da proposamena; eta osteguna bitartean (martxoak 27) euroak jasotzea.
  • Itsulapiko bat jarriko da ikasgela bakoitzean, euroa ekartzen duten ikasleek bertara botatzeko.
  • HH eta LH1-LH2n margotzeko moduko karteltxo bat banatuko zaie ikasleei etxera eraman dezaten. Karteltxoa hemen dago (LHn eta DBHn kopiak banatuko ditugu Elkartasun lantaldeko kideek).
  • Bideo hau ere badago gertatutakoa eta ekimena bera azaltzeko.
  • Ostegunean, martxoak 27, Elkartasun lantaldeko kideoi eman itsulapikoak, mesedez, jasotako euroak kontatu eta Zarauzko Ikastolara helarazteko.

Zuek ere anima zaitez ekimenean parte hartzera, zuen euroa ekartzera!

Zubiak Eraikiz | Biriatuko Ikastolaren aldeko bertso saioa apirilaren 5ean

Zubiak Eraikiz egitasmoan bidelagun dugun Biriatuko Ikastolaren aldeko bertso saioa izango da apirilaren 5ean 17:00etan, Biriatun bertan. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Aimar Karrika ariko dira kantari. Sarrerak (15€; haurrak, debalde) 688 769 907 / 647 642 393 telefono-zenbakietara whatsapp-a bidalita erosi behar dira.


ETAPA ARTEKOAK


DBH | “Prestatu zure jokoa!” boleibol txapelketa, ikasleek antolatua

DBHko ikasleek ilusioz eta gogoz antolatutako “Prestatu zure jokoa!” boleibol txapelketa handia martxan da; eta interesgarri dago kontua, jokaldi bero, publikoaren animo eta azken uneko erabakiak tarteko. Otsailaren erdialdean hasi ziren partidak, apirilaren lehen astean bukatuko dira eta apirilaren 7tik 11rako egunetan izango dira final laurdenak, final erdiak eta finala. Udaberriko oporretara kopa hartuta joango dira batzuk; eta gainontzekoak, ederki pasata! Irakurri gehiago langile atarian (albisteen sailean).


BESTELAKOAK


Euskal Herriko Ikastolak AskHezi-ren, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako euskarazko diktaketa-sistema berriaren, bultzatzaile

Haurren ahotsekin ongi dabilen euskarazko diktaketa-sistema berria garatu du Orai NLP adimen artifizialeko zentroak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta, Languneren aholkularitzarekin eta ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiko eta SPRIren dirulaguntzei esker. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso baliagarria da AskHezi, dibertsitate funtzionala duten haurrei euskaraz ikas dezaten laguntzeko tresna baliagarria. Irakurri albistea osorik hemen.

Herri Urrats: “izan zaitez erlezain” kanpaina

Herri Urratsek, Ipar Euskal Herriko Ikastolen festak, “Izan zaitez erlezain” kanpaina nazionala jarria du abian. 20.000 erle espezie omen daude munduan, eta horien artean gure-gurea dugu Erle Beltza. Erleek elkarrekin egiten dute lan, komunitatean bizi dira eta berebiziko garrantzia dute ekosisteman; esan ohi da erleak desagertuko balira, munduak lau urte gehiago baino ez lukeela iraungo. Seaskako (Ipar Euskal Herriko) komunitatearekin berdin gertatzen da: behar-beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Euskal Herriko txoko hartan, bai eta euskalduntzearekin jarraitzeko ere. Baina Seaska osatzen duten erleek (guraso, irakasle, langile, ume, gazte….) bizirik eta lanean jarraitzeko erlezainak behar dira. Erlezain horiek bildu nahi dira “Izan zaitez erlezain” kanpainarekin: 10€ko ekarpenaren truke erle pin-a jasoko dute parte-hartzaileek. Anima zaitezte kanpainan parte hartzera!

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omentzeko “Maite zaitut” festa maiatzaren 3an

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei herri omenaldia egiteko ikuskizun erraldoia antolatu du herritar talde batek. Talde honetako kideek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ibilbidea eta ekarpena aitortu nahi dituzte, euskal gizarteari egin dioten opari handiagatik eskerrak emanez. Pailazoen “Maite zaitut” abestiak 20 urte beteko ditu; 37 urteko ibilbidean, maitatzen zekien herriari maite zaitut esaten erakutsi digute; eta eskerrak emateko festa erraldoia antolatu da maiatzaren 3an Barakaldoko BECen.

Ikastolen Elkartea festaren laguntzaile eta babesle da eta ikastolakide oro gonbidatu nahi da bertan parte hartzera. Informazio gehiago | Sarrerak erosteko aukera: www.nikeremaitezaitut.eus

Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari berria

Elena Zabaletari hartu dio lekukoa San Fermin Ikastolako guraso den Oier Sanjurjok. Irakurri albistea osorik hemen.

Hainbat artikulu interesgarri