HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (24.12.13)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Ikastolen lan-hitzarmen berrirako aurreakordioa: soldata igoera

Ikastolen lan-hitzarmen berrirako 2024ko urtarrilean sinatu zen aurreakordioa oinarri, 2023 eta 2024 urteei dagozkien igoerak, orain, abenduan, aplikatuko dira (langile atariko informazio praktikoa atalean duzue ikusgai lansari taula eguneratua). Ikusi gaiari lotuta Ikastolen Elkarteak Ikastoletara bidali duen mezua.

Gaiari lotuta, aintzat hartzeko hainbat ohar:

  • 2024ko abenduko ordainsaria eta aparteko ordainsaria ohi bezala jasoko dira (hilaren 22rako) eta dagokien igoera aplikatuta izango dute.
  • Gainontzeko igoerei (2024ko azarora artekoei) dagokien zenbatekoa hilaren amaieran jasoko da.
  • Ordainketa eskuordetuan daudenentzako oharra: oraingo igoera ez du zuzenean ordainketa eskuordetuak aplikatuko, Ikastolaren bitartez egingo da.

Langileen hautaketa-prozesuari buruzkoak, langile atarian

Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak gaia landu eta adostu ostean, Ikastolako langileen hautaketa prozesuari buruzko informazio guztia langile atarian (informazio praktikoa atalean) jarri dugu, noiznahi eta nonahi eskura izateko. Gardentasunaren eta eskuragarritasunaren izenean eta mesedetan, informazioa “langile atariratzeko” pausoak ematen jarraitzen dugu.

Solasean: abenduak 20, norberaren hausnarketa egiteko eta bakarkako elkarrizketa eskatzeko azken eguna

Gogoratu nahi dizuegu Solasean-en epeak amaitzear direla. Abenduaren 20a da norberaren hausnarketa egiteko eta bakarkako elkarrizketa eskatzeko (iaz egin ez eta hala dagokienek edo iaz eginagatik aurten berriro egin nahi dutenek) azken eguna. Langile atarian (azpimarren atalean) duzue norberaren hausnarketa egiteko eta elkarrizketarako hitzordua eskatzeko aukera. Aintzat har ezazue gaia, mesedez.

IKT: Chromecast-ak

Aldaketa sakona egin dugu sare eta zerbitzarien segurtasun eta berritze prozesuan, ikasturte hasierako langile batzarrean eta UKPean azaldu bezala. Lan horiei esker, besteak beste, sarea segmentatu ahal izan dugu, hau da, sarea zatikatu eta baldintza ezberdinak ezarri segmentu bakoitzari. Sarearen konfigurazio berriak geletan Chromecast-ak berriro jartzea ahalbidetuko digu. Horretan hasiak gara DBHko eraikinean eta LHko gela batzuetan. Aldaketa modu mailakatuan egingo dugun arren, urtarrila amaitzerako moldaketak Ikastola guztian eginak egotea da asmoa. Hala, haririk gabeko proiekzioaren alde egin zen apustuan aurrerapausoa egingo dugu.

Blaitu – Euskaraz Bizi: Erronkak saioaren ikasturteko lehen hitzordua, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra

Iaz hasitako bideari jarraituz, Blaitu Klubeko Erronkak programaren ikasturte honetako lehen saioa abenduaren 16an estreinatuko da Blaitu Klubaren atarian (langile ataritik ere hel zaitezkete bertara). Urtarrilaren 7ra arte egongo da martxan eta, ohi bezala, saria duten lehiaketa zein txalentxa izango ditu. Txalentxeko saria Donostiako Mitologik ihes-gelarako bost pertsonentzako bonoa izango da; lehiaketakoa, berriz, Blaitu bisera. Txalentxean parte hartzeko gabon-kanten rap-bertsioak egin behar dira. Lehiaketan, berriz, iazko gisan, lau arrastoren laguntzaz ezkutuko hitza asmatu beharko dute parte-hartzaileek.

Datorren astean geletan lanketa egin eta ikasleak Erronkak-en parte hartzera bultzatzeko, unitate didaktiko hau prestatu dugu. Gogoratu, irakasleon esku-hartzea oso garrantzitsua dela ikasleak euskarara hurbiltzeko ahaleginean. Saia gaitezen ikasleak motibatzen eta parte hartzera animatzen, eta egin dezagun arraun norabide berean. Familiei datorren astean emango zaie honen guztiaren berri. Eta beti bezala… blaitu mingainak eta busti euskaraz!

Ikasturte honetan, DBHko ikasleek hartu dute Erronkak programa bideratzeko ardura, izan ere, nerabeengan eragitea eta beren parte-hartzea sustatzea da Blaitu Klubaren ikasturte honetako  helburu nagusietako bat.

Eguberri bezperako kalejira: anima zaitezte!

Abenduaren 24an, urtero bezala, Eguberri-kantak abesten ibiliko gara kalez kale, herriko txokoak alaitzeko gogoz. Langile atarian (azpimarren atalean) dituzue hitzorduaren xehetasunak. Esan gabe doa denok gonbidatuta zaudetela parte hartzera!

Lino Berriak urtarrilean irekiko ditu ateak

Linoko eraikinaren eraberritze-lanak aurreikusitako epe barruan ari dira egiten eta beraz, Eguberriko oporren bueltan, bertan ekingo diete 2. hiruhilekoari HH4ko eta HH5eko ikasleek.

Lino Berria ordurako prest-prest izateko, Orereta Ttikitik eta Ikastolako biltegitik materiala hara eraman eta eraikina antolatu eta atontzeko auzolanerako hitzorduak jarriko dira. Adi egon, beraz, laster helduko dira eta deialdiak. Denon artean errazago egingo dugu. Eskerrik asko, aldez aurretik!

Lehen sorospenerako arreta: eskolak herriko kirol elkarteentzat gure ikasleen eskutik

Orain sei urte lehen sorospena eskola-curriculum-ean txertatu eta geroztik Ikastolako bertako langileekin eta eskualdeko zein Euskal Herriko hainbat Ikastola eta ikastetxetan ere formazio-saioak egin ondoren, herriko kirol elkarteekin hastea izan da hurrengo pausoa. DBHko eta batxilergoko ikasleak beraiek dira saio horiek gidatzen dituztenak Ikastolan jasotzen duten formazioa oinarri. Guztiari buruzko xehetasun gehiago, langile atariko albisteen atalean.


ETAPA ARTEKOAK


HH-LH-DBH | Eguberriko elkarkidetza saioak

Abenduaren 16an eta 17an, urtero Eguberri garaian DBHko ikasleekin egiten dituzten elkarkidetza saioak izango dituzte HH3tik LH2ra arteko ikasleek. Baserrira joango dira magiaz Mari Domingiren laguntzaile bihurtzen diren DBHko ikaskideekin egotera. Ikasturtean zehar, bizpahiru elkarkidetza saio egiten dira eta adin ezberdinetako ikasleen arteko topagune izatea da helburua.

LH1 | Dinosauroen proiektuaren aurkezpena familiei

Ikasturtearen lehen hiruhilekoan landu duten gaia, dinosauroena, aurkeztuko diete LH 1. mailako ikasleek beren familiei gaur arratsaldean.

LH6 | Taupadak diziplina arteko proiektua

Gaur arratsaldean da LH 6. mailako ikasleek urtero egutegian gorriz markatuta izaten duten hitzordua: ikasturtearen lehen hiruhilekoan Euskara, IKT eta Gorputz Hezkuntzako arloetan landutako eduki nahiz jakintzak biltzen dituen diziplina arteko Taupadak proiektua. Behin ikasgelan sakondu beharrekoak sakonduta, ikasleek gurasoak gonbidatzen dituzte Ikastolara elkarrekin arratsalde polit eta osasuntsua pasatzera. Aerobik saioa, kilometro bateko krosa eta mokadu goxo bat arratsaldea borobiltzeko. Horixe izaten da plana.

LH | Oarsoaldeko Hitzaren I Komiki Sariketako bi sari Ikastolako bi ikaslerentzat

LHn Oarsoaldeko Hitzak antolatutako I. Komiki Sariketa landu dute ikasgelan eta sarituen artean dira bi ikasle: LH2ko Maren Munarriz eta LH5eko Elaia Zabalo. Zorionak biei eta eskerrik asko ikasgelan ekimen honekin lanean aritu zareten lankideei!

LH-Batx | Zientzia jardunaldiak

Batxilergoko Kultura Zientifikoa irakasgaiko ikasleek esperimentu batzuk prestatu dituzte LH1 eta LH2ko ikertzaile txikientzako. Erakustaldiak izan zituzten pasa den astean.

DBH | Booktuberboom lehiaketako publikoaren saria Ikastolako talde batentzat

DBHko (komunikazio tailerra irakasgaia) Gari Gartziak eta bere taldeak (Goiatz Tolosa, Maialen Garro eta Emilia Reyes) VIII Booktuberboom lehiaketako publikoaren saria lortu du Azken dantza New Yorken-i buruz egindako booktubeagatik. Abentura txango bat irabazi dute (parapentea, scaperoom-a, abentura parkea…). Zorionak eta gozatu sariaz, kuadrilla! Eta mila esker ikasgelan ekimena lantzen aritu zareten lankideei!

Batx | Herriko merkataritza txikia sustatzeko bideo lehiaketako bi sari Oiartzoko bi ikasle-talderentzat

Gazteak tokiko merkataritzara hurbiltzeko asmoz eta bertako merkataritzak udalerriko hiri-bizitzan eta -ekonomian duen balioaz jabetzeko, bideo lehiaketa antolatu du aurten lehen aldiz Errenkoaldek udalaren laguntzarekin. Banatu berri dira sariak eta batxilergoko kategoriari dagokiona eta publikoarena Oiartzoko bi ikasle-talderentzat izan dira. Bejondeizuela, gazteak!