HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (24.11.29)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Artekaritza Kontseilua: azaroko bileraren deskargua

Asteazkenean, azaroaren27an, egin zen Artezkaritza Kontseiluaren azaroko bilera. Bertan landutako gairik aipagarrienak jada aitatuta daude lehenagoko asteko oharretan edo gaurkoetan bertan egingo zaie leku. Beraz, ez da deskargurik zintzilikatuko langile atarian.

Horiek esanda, azaroko Artezkaritza Kontseiluan landu ziren bi gairen aipamen laburra, segidan:

  • DBHko Hedatze eskaintza: zuzendaritza-taldearen eta familien artean, familiek ere parte hartuz, eskaintza zabaltzeko proposamena dago mahai gainean. Gauzatu ahala, emango da xehetasunen berri.
  • Merkatu azterketa: matrikulazioaren eta etorkizuneko aurreikuspenen karietara, Artezkaritza Kontseiluak merkatu azterketa bat egitea erabaki du. Lanak aurreratu ahala emango da honen berri ere.

Naroa Susperregiren agurra

Naroa Susperregi, Ikastolako pertsonen-arduraduna, amatasun-baimenarekin dago eta hura bukatzean ez da Ikastolara itzuliko. Zoritxarrez, bizi dugun egoera zailak lan-harremana etetera behartzen gaitu. Horiek esanda, eskerrak eman nahi zaizkio Naroari azken hiru ikasturteetan egin duen lanagatik, bere ekarpen eta ahaleginagatik, eta lankidetza zein lan-giroa hobetzeko egin duen guztiagatik. Hemendik aurrerako ibilbide on, Naroa!

HH3ko irakasle osagarriaren galera

2023-24 ikasturtearen amaieran, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ofiziozko proposamenak bi ikasgela/kontzertu eta irakasle osagarri bat esleitu zizkion Ikastolari HH3n (51 ikaslerekin). 2024-25 ikasturtean, bi lekualdaketa izan ditugu HH3n eta 49 ikaslerekin gaudela, Hezkuntza Sailak, urrian egin ohi duen errebisioan, irakasle osagarria ez dagokigula eta horri dagokion diru-sarrerarik ez dugula izango jakinarazi digu. Jada ikasturtea hasita HH3ko ikasleak bi geletan banatzeko zailtasunak ikusita eta langile mugimenduak egiteko ere oztopoak egonik, Artezkaritza Kontseiluak erabaki du 2024-25 ikasturtea hiru tutorerekin egitea HH3n, eta doitzeak hurrengo ikasturterako uztea. Dena den, Ikastolak hala dagokion alegazioa aurkeztuko du.

Abenduak 6: euskal egutegia – lanera etortzeko aukera

Orereta Ikastolako langileoi urriaren 12an (ikasturte honetan, larunbata) eta abenduaren 6an lanera etortzeko eskubidea aitortzen zaigu, jaiegun hori ekainaren amaieran hartzeko aukera eskainiz. Aurten, abenduaren 6an lanera etortzen direnek ekainaren 27a izango dute jaiegun. Antolaketa eta funtzionamendu motiboengatik, zuzendaritzak Ikastolako langile guztientzako ekaineko jaieguna aurrez jarria eta guztientzako berbera izatea erabaki du.

Abenduaren 6a datorren astean da, eta Ikastolako komiteak eta zuzendaritza-taldeak lanera etortzeko gonbita egiten dute, ez baitugu ezer ospatzeko. Abenduaren 6an lanera etortzeko asmoa izanez gero, adierazi norberak bere ikas-etapako zuzendaritzari edo saileko arduradunari.

HIZPRO | Kalko okerrak

Astelehenetik aurrera eskuragarri izango duzue abenduko kalko okerra, Blaitu Klubaren atarian sortu dugun Jantzi euskaraz atal berrian. Bertara euskara ikasteko eta zuzentasuna hobetzeko edukia gehitzen joatea da asmoa. Gaur gaurkoz, kalko okerrekin hornituko dugu Jantzi euskaraz atala, baina etorkizunean bestelako edukiak ere sartu nahi dira.

Abenduko kalko okerrari dagokionez, bideoa eta posterra topatuko dituzue, geletan landu ahal izateko. Pasa den hilabetean bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.

Blaitu – Euskaraz Bizi | Euskararen eguneko pregoia eta Tanta berria

Abenduaren 3a ate joka dugunez, Blaitu Klubak Euskararen Eguneko pregoia prestatu du, geletan egunari hasiera emateko ikus dezazuen. Blaitu Klubaren atarian (emisio berezietan) topatuko duzue bideoa.

Bestalde, Durangoko Azokaren harira, DBHkoek Tanta berria prestatu dute azokara joateko gonbita eginez. Datorren astean zehar, bideoa geletan ikusi eta gaiaz hitz egitera gonbidatzen zaituztegu.

Matrikulazioa 2025-26: testuinguruaren azterketa

Urtero matrikulazio-garaia heldu aurretik egin ohi dugun azterketa (herriko jaiotza kopuruari eta haien jatorriari buruzkoa) hemen duzue ikusgai. Aurtengo kanpainaren nondik norako orokorrak ere txosten horretan bertan topatuko dituzue.

EHI: 28. Jardunaldi Pedagogikoak

Pasa den azaroaren 21ean eta 22an, EHIren Jardunaldi Pedagogikoen 28. edizioa egin zen Donostiako Carlos Santamaria zentroan. Orereta Ikastolako hainbat irakasle bertan izan ziren.

Etorkizunari begira jarrita, nondik gatozen ahaztu gabe, hobekuntza eta berrikuntza denok ditugu ahotan, eta aurtengo jardunaldien funtsa ere hortik joan da, aurreko urtekoari jarraiki.

Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta Lucia Torrealdayk, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuordeak, eman zioten hasiera instituzionala ekitaldiari. Hezkuntzaren oraingo eta etorkizuneko erronkez aritu ziren, hala nola, digitalizazioaz, hizkuntz eta kultura aniztasunaz, klima aldaketaz, eta eguneroko ziurgabetasun egoerak kudeatzeko beharraz eta prebentzioaz.

Bestetik,  Bazatoz? Ikastolen Hezkuntza Marko Berria jasotzen duen liburuaren bi bereizgarri xehatu ziren: erabakitzaile-ekintzaile eta barne-sendotasuna duenaren bereizgarrian sakondu zen, hainbat elkarrizketa eta hitzaldiren bitartez. Carlos Magro, Iñigo Martinez, Arantzazu Loidi eta Maitane Ormazabal izan ziren bidelagunak pasa den asteko ekitaldi jendetsuan.

Bukatzeko, gogora ekarri nahi dugu, ikasturte honen bigarren erdian, hainbat langilek arestian aipatutako Pertsona Ereduaren/Ikastolen Hezkuntza Marko Berriaren gaineko formazioa egingo dutela.


ETAPA ARTEKOAK


DBH4 | “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna, euskaratik aitona-amonekin harremanak josten

DBH 4. mailako ikasleek euskal ahozkotasuna eta kultura lantzen dituzte ikasgelan lehenengo ebaluazioan. Euskararen Egunaren bueltan (aurten, abenduaren 5ean), ahoz aho jaso eta mendeetan zehar euskaldunok memorian gordeta izan duguna Niessen Kulturguneko oholtza gainera eramaten dute. Horratx “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna. Dena bikain atera dadila!


BESTELAKOAK


[Herrikoa bazara eta 30 urte baino gutxiago badituzu]
Gazteen egungo egoera ezagutzeko udal inkesta

Udalak inkesta bat jarri du abian 18-30 urte arteko herriko gazteen egungo egoeraren gaineko diagnosia egiteko asmoz. Abenduaren 9ra arteko epea dago betetzeko.

Adin tarte horretako herritarren egungo egoera aztertu nahi da zenbait eremutan: ikasketak, lana, emantzipazioa, aisialdia, osasuna… Gazteen osasun mentalaren eta menpekotasunen eremuak sakonago aztertu nahi dira. Prozesuan bildutako datuak gazteei begirako udal zerbitzuak eta politika berriak diseinatzera bideratuko dira.

Lesboserako elikagai-bilketa egingo dute Oarsoaldeko AEKko euskaltegiek

Hamabost egun barru, Lesbosgo errefuxiatu-kanpamentuetarako elikagai-bilketa egingo dute Oarsoaldeko AEKko euskaltegiek. Lekaleak, pasta, arroza, arrain, barazki eta lekale kontserbak, eta olioa bilduko dituzte.

Herriko Xenpelar AEKn, abenduaren 9tik 12ra jasoko dituzte elikagaiak (08:00-13:30 | 15:30-20:00).

“Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” manifestazio nazionala abenduaren 7an, Durangon

Euskal Herrian Euskaraz-ek “Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” manifestazio nazionala deitu du abenduaren 7an, Durangon (18:00etan, Landako Gunetik abiatuta). Ikusi hemen deialdia.

Euskal Herrian Euskaraz euskalgintzako eragile izanik eta Ikastolokin helburu askotan bat egiten duelako, anima zaitezte abenduaren 7ko manifestazioan parte hartzera.

Katalogoa.eus: Euskarazko Produktuen Katalogoa

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998an Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena da, egun ehundik gora toki-entitatek baino gehiagok sustatzen dutena. Besteak beste, 16 urte bitarteko gazteentzako euskarazko kultur produktuen bilduma eguneratua egitea da helburua. Eguberriak ate joka ditugunez, interesgarria izan daitekeelakoan, www.katalogoa.eus webgunean hainbat eta hainbat opari-aukera topatuko dituzue.