HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (24.10.18)


IKASTOLA MAILAKOAK


Administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako (tartean, Ikastoletako) irakasleen soldata-ekiparazioaz

Irailaren 2ko ikasturte hasierako langile batzarrean aipatu bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren asmoetako bat administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako (tartean, Ikastoletako) irakasleen soldata parekatzea da. Abuztuan eman zuen horren berri Begoña Pedrosa sailburuak eta horretarako, orain, aste honetan egin den Gobernu Batzordean, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontu Legea aldatzea onartu du; Eusko Legebiltzarrera igorriko dute lege proiektua eta haren onespena beharko da aurrera egiteko. Ekiparazio progresiboa egitea da asmoa: 2027rako nahi dute soldatak parekatzea, eta atzerako eragina izango du 2023tik.

Irakasleen soldata-ekiparazioaz ari gara, ez langile guztienaz. Ordainketa eskuordetuan dauden irakasleen parekatzea hartuko du bere gain Hezkuntza Sailak, ordainketa eskuordetutik jasoko duten nominan aplikatuz igoera zuzenean. Ordainketa eskuordetuan ez dauden irakasleen ekiparazioa Ikastolek beraiek hartuko dute beren gain (horretarako diru-sarrera gehigarririk izan gabe Hezkuntza Sailetik). Irakasleak ez diren langileen soldaten momentuan momentuko igoerak ere (ez ekiparaziorik), orain arte bezala, Ikastolek beraiek hartuko dituzte beren gain. Eta horrek guztiak, beraz, ez du doakotasunerako bidea errazten.

Gaiaren eta hainbat xehetasunen aipamena egin nahi izan dizuegu, batetik, gaia prentsan delako egun hauetan ere, eta bestetik, aste honetako Gobernu Batzordearen ostean Pedrosa Sailburuak egindako adierazpenen gaineko balorazioa egin duelako Ikastolen Elkarteak (hemen duzue irakurgai), eta uste dugulako emandako xehetasunek hori behar bezala ulertzen laguntzen dutela. EHIk norabide onean ikusten du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak hartutako erabakia eta, aldi berean, ezinbestekoa ikusten du gainerako langileen soldata-ekiparazioa eta ikasleen arretan beharrezkoa den bestelako finantziazioa ekarriko dituzten neurriei berehala ekitea.

Gaiari lotutako adierazpenak LAB sindikatuak ere egin ditu. Ikastolen Elkarteak LAB sindikatuaren prentsa oharra Ikastolen mugimendurako iraingarria eta oso mingarria dela adierazi du (irakurri EHIren adierazpena).

Gau Beltza: lanerako boluntarioak

Azken urteetako ohitura eutsiz, urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dugu. Datorren astean informazio gehiago emango badizuegu ere, jakin desfilearen aurretik eta desfilean zehar hainbat ardura bete beharko direla, eta horretarako, denon parte-hartzea ezinbestekoa dela. Hona hemen egun horretan bete beharko diren arduren zerrenda eta ardura bakoitza betetzeko behar den pertsona kopurua. Eman ezazue izena. Denon artean errazagoa izango da! Eskerrik asko, aldez aurretik!


ETAPA ARTEKOAK


Eskolaz kanpoko ekintzak | Urria heltzearekin batera, martxan da ikasturte berria!

Ikasgelek iraila izaten dute egutegian gorriz markatuta, eta eskolaz kanpoko ekintzek, berriz, urria. Elkarren lagun eta osagarri izanagatik, bakoitzak bere momentua, bakoitzak bere lekua. Orereta Ikastolaren aurtengo eskolaz kanpoko eskaintza bederatzi ekintzek osatzen dute eta 400 ikasle dabiltza batean ez bada bestean beren gozamena eta ikasketak osatzen. Informazio gehiago, langile atarian (albisteen atalean).


BESTELAKOAK


Araba Euskaraz 2025 aurkeztu dute

Orain egun gutxi aurkeztu dute Araba Euskaraz 2025. Bastida Ikastola laguntzeko xedea izango du datorren urteko edizioak. Azken aldietan bezala, Arabako Ikastola guztien artean antolatuko dute ekainaren 15ean eta “etengabe” lemapean Olarizun egingo den festa. Irakurri xehetasun gehiago.

Konfekoop aldizkariaren 102. zenbakia

Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Ikastolok Konfekoop Irakaskuntzako kide izanik, aproposa iruditzen zaigu, hemendik aurrera, aipamena egitea aldizkariaren ale berriak atera ahala. Hemen duzue irakurgai azken alea; tartean, hezkuntzari lotutako erreportaje bat ere bai.