IKASTOLA MAILAKOAK
Urriak 14: Internetik ez 15:00etatik 17:00etara
Astelehenean, urriaren 14an, Ikastola guztiko internet sarea eta horri lotutako zerbitzuak (inprimagailuak..) moztuko dira 15:00etatik 17:00etara hobekuntza lanak egiteko. Aintzat har ezazue zuen jardunean, mesedez.
Urriaren 12ko ikasturteari ongietorri festa, bertan behera
Pasa den astean jakinarazi bagenizuen ere urriaren 12an ikasturteari ongietorri festa egingo geniola Añabitarten, jaia bertan behera uztea erabaki dugula adierazi nahi dizuegu gaur. Orain egun gutxi jakin genuen urriaren 12an bertan eta ordu bertsuan beste bi hitzordu ere badirela herrian (Juneren Hegoak Eguna eta Gu, Agustina! emankizuna), eta gaia berraztertu ondoren, Ikastolaren hitzordua bertan behera uztea erabaki dugu.
Izan ere, herriko beste bi hitzorduen antolatzaileak Juneren Hegoak elkartea, Ereintza dantza taldea, Herri Arte Eskola eta Xenpelar bertso eskola dira. Guztiekin dugu harremana eta aritzen gara elkarlanean ikasturtean zehar (azoka solidarioa, Gau Beltza…) eta ez zaigu egokia iruditzen Juneren Hegoak Egunarekin eta Gu, Agustina! ikuskizunarekin bat edota talka egin dezakeen beste hitzordu bat proposatzea Ikastolak; non eta Añabitarten, gainera, hirigunetik aparte.
Hortaz, datorren urteko urriaren 12rako utziko dugu ikasturteari ongietorria egiteko festa; ez baitu zertan berriz ere beste hitzorduren batekin talka egin.
EHI – lan eskaintza: Haur Hezkuntzako lantaldea osatzeko deialdia
Euskal Herriko Ikastolen Elkartetik lan eskaintza baten berri heldu zaigu. Ikastoletako Haur Hezkuntzako profesionalei zuzendutako eskaintza da.
Azken hilabeteetan Ikastolen Elkarteko zuzendaritzan izandako aldaketek hIZAN lantaldean hutsuneak ekarri dituzte. Lantaldea indartu eta Ikastoletako esperientzia Elkartera ekartzeko, EHIko Haur Hezkuntzako lantaldean lan jardun bat behar dela adierazi digute. Esan bezala, deialdia Ikastoletako profesionalei zuzenduta dago. Eskaintzaren gaineko xehetasun gehiago hemen topatuko dituzue.
Norbaitek interesik izango balu, jakin curriculum vitae-a ehi@ikastola.eus helbide eletronikora (erreferentzia: Haur Hezkuntza) bidali behar dela urriaren 18a baino lehen.
Orereta Ikastolako zerbitzu osagarrietako hezitzaileen lan poltsa 2024-25
Ikastolak zerbitzu osagarrietako (jangela, garraioa eta zaintza) hezitzaileen lan poltsa eguneratuko du 2024-25 ikasturtean sortzen ari diren eta sor daitezkeen beharrak asetzeko. Presa dago lan-poltsa osatzeko.
Zuen inguruko norbaitek aipatu lan poltsan egoteko interesik izango balu, erregistra dezala bere curriculum vitae-a www.oreretaikastola.eus webguneko “Gurekin lan” egin atalean.
Nafarroa Oinez 24: autobusa Ikastolatik
2024ko Nafarroa Oinez festa urriaren 20an ospatuko da Zangozan “Piztu” lemapean. Ikastolak hara joateko autobusa antolatu du, Zangozako eta Nafarroako Ikastolek guztion babesa eta ekarpena zinez eskertuko baitute.
Autobusa Niessengo geltokitik (Donostiarako noranzkoan) aterako da goizeko 9:00etan eta 18:30ean abiatuko da Zangozatik bueltan herrira. 13€ (helduak) eta 8€ (adin txikikoak) kostako da joan-etorria.
Nafarroa Oinezera Ikastolak antolatutako autobusean joan nahi izanez gero, Esmalteriako (15:30-17:30) edo Añabitarteko (08:00-16:30) bulegotik pasa zaitezkete txartelak erostera. Erosoagoa bazaizue, eskatu etapako zuzendaritza-taldeko kideren bati edo zuen saileko arduradunari eta haren bitartez helaraziko zaizkizue tiketak.
Esmalteriako Ostiralak 2024-25 martxan jartzear
Esmalteriako Ostiralak ekimenaren helburua da 0-6 urte bitarteko haur eta haien familientzako euskarazko aisialdi-eskaintza osatzea, eragile ezberdinen laguntzaz ondutako gisa ezberdinetako proposamenez gozatzeko aukera emanez; hilean behin, ostiralez eta Esmalterian (normalean). Ikastolako zein hala nahi duen familia ororentzako saioak izaten dira.
Esmalteriako Ostiralak 2024-25 martxan jartzear da. Atzo eman genien eskaintzaren berri eta ireki genuen izena emateko aukera Ikastolako familientzako; gaur, asteko oharretan, langileei horixe bera egitea zen asmoa. Kontua da atzo bertan ia plaza guztiak bete zirela ordu gutxian. Horiek horrela, eskaintza zabaltzeko aukerarik badagoen aztertzen ari gara.
Bien bitartean, langile atarian (gainaldeko azpimarretan) duzue gaur-gaurkoz dugun urritik ekainera bitarteko eskaintza. Izena emateko eta itxarote-zerrendan sartzeko aukera ere baduzue. Hala ere, esan bezala, eskaintza zabaltzeko ahalegina egingo dugu eta lortuko bagenu, emango genizueke horren berri.
Mari Domingiren Errepublika Magikoa 2024
Aurten, Mari Domingiren Errepublika Magikoa abenduaren 6tik 22ra egongo da zabalik asteburu eta jaiegunetan. Añabitarteren historia eta istorioak izango ditu oinarri aurtengo edizioak.
Aurtengo berritasuna: sarreretan %25eko deskontua Ikastolako familia eta langileentzako
Mari Domingiren Errepublika Magikora bisitan etorri nahi izanez gero, aurrez sarrera erosi behar da www.maridomingi.eus webgunean (langile atarian ere baduzue aukera). Aurten %25eko deskontua izango dute Ikastolako familiek eta langileek: 2€ko deskontua sarrera bakoitzean (bost sarrerara arte). Hala nahi izanez gero, eskatu deskontu-txartela zuen ikas-etapako zuzendaritza-taldeko kideren bati edo saileko arduradunari. Sarrerak erostean kode hori sartzeko aukera izango duzue eta webguneak berak aplikatuko dizue deskontua automatikoki.
Sarrerak salgai daude jada. Anima zaitezte eta anima itzazue zuen ingurukoak ere Mari Domingiren Errepublika Magikora! Eskutitzak jasotzeko zain izango duzue Mari Domingi, salda bero eta guzti!