HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (24.10.04)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Urriak 5: Irakasleen Nazioarteko Eguna

Azken urteetako ohiturari jarraiki, aurten ere egingo diogu keinu Irakasleen Nazioarteko Egunari. Bihar (larunbata) izango denez, gaur “ospatuko” dugu. Norberak bere eraikineko irakasle edo kafe gelan sorpresa txiki bat du zain. Zerbitzuetako nahiz administrazio eta mantenuko langileak ere pasa ongien datorkizuen lekutik, zuentzako ere bada eta! Irakasleen Nazioarteko Egun on, denei!

Esaiozu bueltan da! (eta geratzeko asmoz dator…)

Orain ikasturte batzuk ekin genion Esaiozu ekimenari. Ezagutu ez zuenarentzako edota gogoratzen ez denarentzako, zer da Esaiozu? Norbait zoriontzea, zenbat lagundu dizun esatea, zuretzako zein garrantzitsua den aipatzea… Eta Esaiozu bat jasotzen baduzu, pertsona berari edo beste norbaiti zuk zerorrek egitea, katea eten ez dadin. Txartel, eskutitz, postal digital moduan egin daiteke.

Ekingo diogu berriro Esaiozuri? Hauspo pixka bat emango diogu? Asmo horrekin, berritasun gisa, batetik, Esaiozu txartel batzuk sortu ditugu, irakasle edota kafe geletan topatuko dituzue; ti-ta batean, nagirik gabe, erraz idatzi eta entregatzekoak (esan gabe doa, norbaitek txartel propio eta pertsonalizatua sortu nahi badu, oso ongi etorria izango dela :). Bestetik, langile atarian Esaiozu txartel digitalak bidaltzeko aukera ere jarri dugu: bete inprimaki bat eta hartzaileak emailez txartel digital polit bat jasoko du.

Animatu! Ziur baduzula zerbait norbaiti esateko; esaiozu!

Urriak 12 – Ikasturteari ongietorri festa: boluntario-eskaera eta egitaraua

Pasa den astean aipatu bezala, hona urriaren 12ko ikasturteari ongietorri festaren egitaraua (langile atarian ere baduzue, gainaldeko azpimarretan).

Gogoratu festa egin ahal izateko boluntarioak behar ditugula. Langileei tabernako txandetarako (16:30-18:30 edota 18:30-20:30) eta festa amaitzean hura desmuntatzeko laguntza eskatzen zaie. Animatzen zaretenok jarri mesedez harremanetan Garazi Otamendirekin (HHko lankidea). Aldez aurretik, eskerrik asko!

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Chillida Lekutik irakasleentzako jardunaldirako gonbidapena iritsi zaigu, hori da berritasuna. Museoaren aurtengo ikasturteko programazioa ezagutzeko irakasleentzako jardunaldi bat antolatu dute. Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atalean topatuko dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.


ETAPA ARTEKOAK


HH-LH-DBH | Blaitu Klubak ekin dio 2024-25 ikasturteari

Iazko lehen denboraldi eta loraldiaren ostean, ikasturte berriarekin batera, Blaitu Kluba hasi da berriz ere motorrak berotzen. Lehen Hezkuntzan, horma-irudi ederra sortu dute ikasle guztien artean eta DBHko eraikina ere koloretako tantez betetzeko asmoa dago. Ikusi LHko horma-irudia eta ezagutu Blaitu Klubaren aurtengo asmo eta helburuak langile atarian (albisteen atalean).

Jarrai dezagun mingainak blaitzen eta euskaraz bustitzen!