HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (24.06.21)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Lino – eraberritze lanak: eraikina husteko laguntza-eskaera

Dakizuenez, udan hasiko dira Linoko eraikina berritzeko lanak. Lan horiei ekin aurretik, egungo eraikina hustu eta hainbat gauza Orereta Ttikira eraman behar ditugu (HH5eko ikasgelak han egongo baitira Linoko eraikina eraberritzen bukatu arte).

Horretarako lankideen laguntza ere behar dugu. Etapa/saileko arduradunek eman dizkizuete xehetasunak. Guztion borondatea eta laguntza zinez eskertuak izango dira; ahalegina egizue, arren.

2023-24 ikasturte amaierako langile batzarra: gai-zerrenda eta paella-jatea

Aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 28an izango da, 09:00etatik 13:00etara. Jarraian, gai-zerrenda:

  • Harrera
  • Ainhoa Beolaren (EHI) hitzaldia
  • Urteko Kudeaketa Plana
  • Atsedenaldia
  • Berrikuntza: ibilbidea eta praktika onak
  • Lantaldeak: egitura eta funtzionamendua
  • Prestakuntza
  • Agurra

Azken bi urteetan egin bezala, batzarra amaitzean paella-jatea egingo dugu; oporrak lankideekin Baserriaren bueltan bazkalduz eta kontu batzuk esanez hartzeko. Antolaketagatik, bazkaltzen gelditzeko asmoa izanez gero, bete langile atariko inprimakia. Asteazkena, ekainaren 26a, da horretarako azken eguna.

Langile ataria: balorazio-inkesta

Bada denbora pixka bat langile ataria martxan dugunetik eta aproposa iruditzen zaigu orain arteko bidea baloratzea. Batetik, esan bezala, denbora pixka bat badaramalako martxan, eta bestetik, hemendik aurrerako doitze edota berritasunetarako arrastoak ere eman diezazkigukelako.

Eskertuko genizueke, beraz, langile atariko hala dagokion inkesta betetzea. Ekainaren 28a da horretarako azken eguna. Mila esker, aldez aurretik!

Eskola-egutegiak 2024-25: badugu Haur Eskolakoa | egutegi guztiak langile atarian daude

2024-25 ikasturteko HH, LH eta DBHko behin betiko egutegien berri ekainaren 7an eman genizuen. Haur Eskolakoa aste honetan itxi dugu. Beraz, guztiak bildu eta langile atarian jarri dira (gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendan).

Lan-egutegien berri ahal bezain azkarren emango dizuegu. Langile atarian jarriko ditugu lan-egutegiak ere eskola-egutegiekin batera.


ETAPA ARTEKOAK


LH6 | “Gure ahotsak”, LH6ko ikasleen ekarpena herriko euskararen ahozko ondareari

Badira bi ikasturte, kurtsoaren 3. hiruhilekoan, ahozko literatura landuz, LH 6. mailako ikasleek guraso, aitona-amona eta herriko talde eta elkarteetan dabiltzan pertsonen ahozko testigantzak biltzen dituztela gure herriko euskararen ahozko ondarea biltzen laguntzeko xedez.

Harian-harian bilduma gizentzen ari delako eta plaza eskaintzea ere oso aproposa dela iritzita, “Gure ahotsak” ataria sortu berri da Ikastolaren webgunean. 40 hizlariren ehundik gora ahozko pasarte daude bertan. Bejondeiela LH 6. mailako ikasle eta irakasleei!

Eta zuk, entzule, gozatu “Gure ahotsak”eko historia eta istorioez! Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzu guztiak, proiektuaren sorreraren nondik norakoekin batera.