HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (26.01.16)


ETAPA MAILAKOAK


Asteko ekintzak: Ikus Calendar

  • LH1: AGH formazioa
  • LH: Pedagogia IHMO
  • LH: Klaustroa

Practicum

Datorren astean, Iker Vicente hasiko da gurean praktiketan gorputz hezkuntzan. Imanol Mitxelena eta Oñatz Gonzalezekin arituko da..

Paperezko edukiontziak

Gogoratu mesedez, paperezko edukiontzi handiak betetzen direnean tapa itxi behar zaiela.

Eta bide batez, gogorarazi nahi dizuegu zuen geletako edukiontziak husteko ikasleek helduaren laguntzarekin egin behar dutela.

Santa Ageda

Aurten,  Santa Ageda bezpera, otsailaren 4an, asteazkena,  izanda, baserriz- baserri koplak kantatzera aterako gara. Pare bat aldaketa izango dira aurtengo antolaketan.

Alde batetik,  baserritar jantziarekin etortzeko gonbidapena luzatuko diegu ikasle zein irakasleei eta  bestetik, koplak kantatzera goizez aterako gara ( etxetik jada jantzita etor daitezen eta jangelako langileei lana ez ematearren). Eguneko antolaketa aurrerago adieraziko dizuegu.

Hurrengo astetako komunitate proiektuan lantzen hasteko:

  •  Koplen letrak ( oles olesen kasuan nahiz eta bideoan errepikapenekin abestu guk, paperan bezala, dena jarraian egingo dugu).
  • Entzutekoak: OLES OLES  eta KOPLAK
  • Egun horretan ikasleek ekarri beharrekoa: makila eta baserritar jantzia.
  • Akaso gelan izango duzue jantzirik ez duen edota eskuratzea zaila izango duen ikasleren bat. Horren aurrean, familia hauekin jarriko gara harremanetan laguntzarik behar duten galdetzeko eta laguntza behar izanez gero, geletako gainerako ikasleen bidez edota guraso ordezkariaren bitartez, jantziren bat eskuratzeko ahalegina egingo dugu.

Zubiak eraikiz 2.elkartrukea 

Aurreko hiruhileko bukaeran edota honen hasieran zuetako batzuk jaso duzue Ipar Euskal Herriko edo Nafarroako lagunen mezua. Badakigu, beste batzuk berriz esperoan zaudetela oraindik, azken hauen kasuan zuengana hurbilduko gara egoera nola bideratu dezakegun aztertzeko.

Jaso duzuen horiek behintzat, hurrengo mezu trukea prestatzen hasi beharko zenukete. Mezu hauek otsailaren azken asten Kepak edo Ainarak jasoko dituzte dagokion ikastolara bidaltzeko. Hala ere, zuzenean zuen gelak harremana duen gelako irakaslearekin harremanetan jarri nahiko bazenute, harremanen taula kontaktuekin estekatzen dugu.

Asteko kanta

Urtarrilaren 24an Hezkuntzaren nazioarteko eguna dela eta  datorren astean zehar jarraian dituzuen abestiak entzungo ditugu.


IKASTOLA MAILAKOAK


Solasean: norberaren hausnarketa egiteko eta bakarkako elkarrizketa eskatzeko EPEA LUZATZEA

Solasean-en epeak luzatu dira. Jende mordoa falta da norberaren hausnarketa egiteko eta eskatutako bakarkako elkarrizketak ere ez dira asko. Norberaren hausnarketa langile denek egitekoa da; elkarrizketa eskaera iaz egin ez zutenek eta iaz eginagatik aurten ere egin nahi dutenek egin behar dute. Mesedez, falta zaretenek egin eginbeharrak lehenbailehen. Langile atarian (azpimarren atalean) duzue horretarako aukera. Garrantzitsua da Solasean-etik ateratzen den informazioa prestakuntza planerako, plangintzarako… Aintzat har ezazue gaia, arren.

“Piztu itxaropena” kanpaina (Saharako errefuxiatuen aldeko janari eta baliabide bilketa): ikasgelako lanketa eta bilketa bera

Aurtengoan ere, “Piztu itxaropena” kanpainan parte hartzeko hautua egin du Elkartasun Batzordeak, ekimen honek gurean duen historia kontuan hartuz.

Geletan gaiaren inguruko lanketa espezifikoa egiteko proposamena luzatzen dizuegu.

  • HHn, ipuin-kontaketa egiteko eta bertako irudiak ikusteko aukera izateko tartetxo bat hartzea eskatuko zaizue.
  • LHn, Komunitate Proiektua irakasgaian, ipuinaz gainera, bideo baten bidez, saharar herriaren egoeraz hitz egin eta hausnarketa bultzatzea da proposamena.
  • DBH eta Batxilergoa. Zarauzko ikastetxe batzuetan egindako proiektu baten berri ematen duen bideoa pasa ziguten orain denbora pixka bat; ikasleek errefuxiatu sahararrei egindako bisita baten bideoa, hain justu. Hori lantzea da proposamena.

Hemen, etapaka banatuta duzue proposamen osoa. Besteentzat prestatutakoa ere egokia iruditzen bazaizue, AURRERA! Helburua, esan bezala, ikasleengan enpatia piztu eta janari bilketan emozionalki inplikatzea da eta!

Ondoren, ohiko janari bilketa egingo dugu: urtarrilaren 22an eta 23an izango dugu aukera etxetik gauzak ekartzeko. Urtarrilaren 26 goizean etorriko dira jasotakoaren bila. Bilduko direnak ondorengoak dira: hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, lekaleak eta konpresak.

Ikasleak eta familiak bezalaxe, zuek ere gonbidatu nahi zaituztegu ekimenean parte hartzera.

Mila esker guztiagatik!

Elkartasun Batzordea

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Ndank Ndank elkartearen “Hezkuntza antiarrazistaz hausnartzen” jardunaldia gehitu dugu. Langile atariko prestakuntza eta jardunaldien atalean topatuko dituzue ikastaroaren gaineko xehetasunak.

Lilaton 2026: emakumeok, anima zaitezte! [GOGORATZEA]

Eguberriko oporren aurretik esan genizuen eta orain gogoratu nahi dizuegu, Ikastolako hainbat emakumek “Lilaton”en parte hartzeari ekin ziotela orain urte batzuk eta aurten ere jarraipena eman nahi zaiola orduan hasitako bideari. Martxoaren 1ean egingo den “Lilaton”en izena ematera animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu zuek ere, Ikastolako emakume langileak.  

Langile atarian topatuko dituzue Ikastolako talde-argazkira batzeko xehetasunak (aurrez www.lilaton.eus-en izena eman behar da, norbanako gisa). Anima zaitezte!

Ikastolak egiten dituen aitorpen eta oparien kudeaketarako marko orokorra langile atarian

Ikastolak egiten dituen aitorpen eta oparien kudeaketarako marko orokorra onartu zuen Artezkaritza Kontseiluak, 2025eko abenduan egindako bileran. Honen helburua, hala dagokien kasuetan, irizpide eta funtzionatzeko modu komunak ezartzea da.

Langile atarian (informazioa praktikoaren atalean, bestelakoen sailean) duzue dokumentua eskura, hala behar duzuenerako.

Sare sozialetarako bideo laburrak grabatzeko irizpide-sorta langile atarian

Argazkiez gain, Ikastolan gertatzen dena, Ikastolako “bizia”, bideo laburren bitartez ere kontatzeak Ikastolako sare sozialetako jardunari ekarpen esanguratsua egingo liokeela uste da. Horiek horrela, bideo labur horiek osatzeko “korteak” grabatzeko irizpideak idatzi dira; dena delakoa ere hitzordua, proiektua edo ekimena, argazkiez gain, irakasle, tutore eta langileek bideo “korteak” ere graba ditzaten. “Korte” horiekin bideo laburrak osatzeaz ez dute “korteen” grabatzaileek arduratu behar.

Langile atarian (informazioa praktikoaren atalean, bestelakoen sailean) duzue grabazioetarako irizpide-sorta eskura, hala behar duzuenerako.


BESTELAKOAK


Ikusgela.eus webgunea

ikusgela.eus webgunearen berri izan dugu. Mundua ulertzeko azalpen bideoen (diziplinaka sailkatuta eta erregistro freskoan) proiektua da Ikusgela. Helburu didaktikoa duten bideoak egitea da asmoa, euskarazko jakintza librea sortzeko eta jendarteratzeko. Bideo pedagogikoak, euskaraz eta libreak.

Ikasgelako jardunerako baliabide interesgarria izan daitekeelakoan ematen dizuegu honen berri.

Konfekoop aldizkariaren 107. zenbakia

Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Hemen duzue irakurgai azken alea, tartean irakaskuntzaren atala ere bada: hainbat irakaskuntza-kooperatibetako ordezkariek ikasturte hasieran Herbehereetara egindako bisitaz dihardu.