HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (25.12.12)


ETAPA MAILAKOAK


 MILA KILO ZORION!

Mila kilo zorion

dizugu eskaintzen,

beste urte berri bat

duzulako hasten.

Baietz asmatu zenbat

dituzun betetzen,

zergatik ez ditugu

txaloka kontatzen?

https://youtu.be/cCqS1IVX5ko

17: Eneka Arratibel

Asteko ekintzak: Ikus Calendar

  • Heltzen: Ebaluazioa eta buletina
  • LH: Klaustroa
  • LH1-2: Elkarkidetza saioak (Mari Domingi, baserrian)
  • LH: Gabonetako abestien entseguak
  • LH: San Tomas ospakizuna
  • LH: Bakarkako guraso bilerak AMAITU

San Tomas

Aurten San Tomas egunean oporretan egongo garen arren, abenduaren 19an ospatuko dugu azken eguneko festa. Ikastolako irakasleekin batera, gurasoen ordezkaritza batekin osatu dugu talde eragilea. Gauza gehiago antolatu/aldatu nahi izan baditugu ere, aurtengoan, jarraikoa izango da proposamena.

Hiru berrikuntza nagusi izango ditu aurtengo festak:

  • Heltzeneko ikasleentzat, azoka oso ikusia dutela eta, “Baserritar jantzien tailerra” antolatu dugu. Beste modu batera egiteko asmoa bagenuen ere, azkenean, azalpena Ikastolako langile batek emango du, eta aurtengo helburua gerrikoa eta buruko zapia modu egokian janzten ikastea izango da. Era berean, baserritar jantziaren bitxikeria batzuk ere kontatuko dizkiegu.
  • Bestetik, ikasleen ekintzailetza sustatze aldera, eta ikasle batzuen zaletasunak kontuan hartuz, “herri kirol egokitu” saio bat egitea pentsatu zen lantaldean. Egokitua esango diogu, baserritar jantziari lotutako jolasak izango direlako. Horren antolaketa eta prestaketa lanetan, LH6Bko ikasleak ari dira.
  • Azkenik, gurasoen partaidetza pixka bat gehiago sustatzeko, ogitartekoak prestatzeko 23 gurasoko taldea osatzea lortu dute. Horrela, gela bakoitzera igoko dizkigute ogitartekoak, eta kasu gehienetan, gela bereko guraso bat izango da etorriko dena. Guraso horiek jolasetan eta erromerian ere parte hartzera gonbidatu ditugu.

Aurreko urteetan bezala, ikasleak baserritarrez jantzita etortzera animatuko ditugu, eta Inikatik bidali zaie familiei honen berri.

Hona hemen eguneko egitarau laburtua.

  • 9:00 > Goizean zehar gelan egongo gara
  • 9:30-10:30 > Azoka (Hazten) / Jantziak (Heltzen) eta argazkiak
  • 10:30-11:00 > Hamaiketakoa
  • 11:00-12:00 > Herri kirol “egokituak”
  • 12:00-12:30 > Erromeria
  • 12:30 > Txerriaren zozketa
  • 12:45 > Denak gelara eta AGURRA

Informazio guztia jasotzen duen dokumentua, hemen.

Irakasleak ere baserritarrez jantzita etortzera animatu nahi zaituztegu; honetan ere eredu izan gaitezen.

Abenduaren 19ko lantaldea

San Tomas eguneko jantziak

San Tomas eguneko baserritar jantziak direla eta, akaso gelan izango duzue jantzirik ez duen edota eskuratzea zaila izango duen ikasleren bat. Horren aurrean, familia horiekin jarriko gara harremanetan laguntzarik behar duten galdetzeko. Laguntza behar izanez gero, geletako gainerako ikasleen bidez edota guraso ordezkariaren bitartez, jantziren bat eskuratzeko ahalegina egingo dugu.

Lanaldi amaiera

Datorren ostiralean, gurekin lanean ari diren Axier Luluaga eta Amaia Zamoraren azken eguna izango da. Mila esker, bikote!

Buletinen errebisioa

Behin ebaluazio bilerak amaitutakoan, mesedez, xehe-xehe egin buletinaren errebisioa akatsik ez dagoela ziurtatzeko. Gogoratu, akatsak identifikatuko bazenituzte, dokumentu honetan lehenbailehen erregistratzea, horiek kudeatu ahal izateko.

Asteko kanta

Gabonak gerturatzen ari direnez, abenduaren 9tik aurrera, Gabonetako abestiak entzungo ditugu.


IKASTOLA MAILAKOAK


Blaitu – Euskaraz Bizi: Erronkak saioaren ikasturteko lehen hitzordua, abenduaren 17tik urtarrilaren 7ra

Pasa den urteetan bezala, aurten ere Blaitu Klubak Erronkak saioa jarri du martxan.

Ikasturte honetako lehen saioa abenduaren 17an estreinatuko da Blaitu Klubaren atarian (langile ataritik ere hel zaitezkete aurkezpen-bideora, eskura duzue jada ikasgelan lantzen joateko). Urtarrilaren 7ra arte egongo da martxan eta, ohi bezala, saria duten lehiaketa zein txalentxa izango ditu. Txalentxeko saria Donostiako Mitologik ihes-gelarako bost pertsonentzako bonoa izango da, lagun artean zein familian gozatzeko sari egokia; lehiaketakoa, berriz, Blaitu kantinplora.

Blaitukideen aurkezpen-bideoaz gain, geletan lanketa egiteko unitate didaktiko hau duzue eskura (hau LHrako eta hau DBHrako), datorren astean, lanketa egin eta ikasleak parte hartzera bultzatzeko.

Familiei datorren astean emango zaie honen guztiaren berri.

Iazkoan bezala, ikasturte honetan ere, DBHko ikasleek hartu dute saioa bideratzeko ardura, izan ere, nerabeengan eragitea eta hauen parte hartzea sustatzea da Blaitu Klubak ikasturte honetarako daukan helburu nagusietako bat.

Gogoratu, irakasleon esku-hartzea oso garrantzitsua dela ikasleak euskarara hurbiltzeko bidean! Ahalegindu gaitezen ikasleak motibatzen eta egin dezagun arraun norabide berean!

Eguberri bezperako kalejira: anima zaitezte!

Abenduaren 24an, urtero bezala, Eguberri-kantak abesten ibiliko gara kalez kale, herriko txokoak alaitzeko gogoz. Langile atarian (azpimarren atalean) dituzue hitzorduaren xehetasunak. Esan gabe doa denok gonbidatuta zaudetela parte hartzera!

Oiartzoko Eguberriko topaketa: joateko gonbidapena

Abenduaren 23an (arratsaldeko 18:00etan, Niessen Kulturgunean) izango da Oiartzoren urteroko Eguberriko Topaketa. Oiartzoren urteko hitzordu nagusi eta berezienetakoa da, aurreko ikasturtean batxilergoa bukatu zuten ikasleak elkartu eta omenaldi txikia egiteko eguna, eta zitara gonbidatu nahi zaituztegu. Anima zaitezte!


ETAPA ARTEKOAK


DBH | Irakasleok ere irakurle

Orain denbora pixka bat martxan jarri zen “Irakurriz gozatu” egitasmoaren parte, hasitako bidean aurrerapausoak txertatzeko asmoz, “Irakasleok ere irakurle” lehen saioa egin berri dute pasa den astean DBHko lau mailetan.

Ikasleak beren kabuz irakurketara hurbiltzearen eta irakurketaz gozatzearen zailtasunaz jakitun, irakasleak erreferente eta eredu papera hartu eta ikasleen artean irakurtzeko interesa pizteko edota sustatzeko ahalegina egin da; irakurketa bizitzaren parte dela eta pertsona bakoitzak historia eta istorioekin lotura pertsonala duela erakutsiz. Inor irakurtzera behartu ordez, irakurketaren esperientziarekin emozionalki konektatzeko saiakera da.

Hori guztia praktikara eramateko asmoz, esan bezala, pasa den astean egin ziren “Irakasleok ere irakurle” lehen saioak. Kasu bakoitzean hala zegokion irakaslea momentu hartan zegokion ikasgelaren gidari bihurtu zen. Berak irakurketarekin duen harremanaz aritu zen ikasleekin, gai hauek jorratuz: bere hasierako esperientziak, gehien eragin dioten liburuak, bere irakurketa lehentasunak (generoa, hizkuntza, irakurtzeko lekua eta momentua, papera edo digitala), irakurri duen azken liburua… Azkenik, galderak: eta zu(ek)? (ikasleei beren esperientziez galdegitea), zergatik da garrantzitsua irakurtzea?

Kuriositatez edota inspirazio-iturri gisa norbaitek ekimenaren gaineko xehetasunik edo bestelakorik nahi balu, DBHko irakurketa lantaldeko kideengana jo dezake.


BESTELAKOAK


KORRIKA 24ren abestia aurkeztu berri dute

Atzo aurkeztu zuten datorren urtean Euskal Herrian barrena ibiliko den KORRIKA 24ren abestia. Zetak taldearena da, Pello Reparaz bera, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena ari dira kantuan “Xiberutikan mendebaldera” izena jarri dioten abestian.

Gogoratu www.korrika.eus webgunean jada ikusgai dela Korrika Kulturalako agenda, Korrika Laguntzailea izateko bideen eta denden berri ere topatuko duzue. Anima zaitezte kuxkuxeatzera eta zuen ekarpentxoa egitera!

Hainbat artikulu interesgarri