HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (25.06.27)


ETAPA MAILAKOAK


MILA KILO ZORION!

Mila kilo zorion
dizugu eskaintzen,
beste urte berri bat
duzulako hasten.
Baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen,
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen?
https://youtu.be/cCqS1IVX5ko

29: Onintza Zabala

Udako urtebetetzeak

  • Uztailak 12: Kepa Goikoetxea
  • Uztailak 14: Imanol Mitxelena
  • Uztailak 22: Maialen Iribarren
  • Uztailak 27: Gema Ines
  • Uztailak 31: Jon Alustiza

Calendar berria

Datozen egunetan Calendar berria partekatuko dizuegu. Iaz bezala, emailera iritsiko zaizue
gonbidapena eta zuek “LH 25-26” egutegia zuen Calendarrera inportatu beharko duzue.


IKASTOLA MAILAKOAK


Langile batzarra: azken orduko oharra

Ordenagailua eraman, mesedez, asteleheneko (ekainak 30) langile batzarrera.

Artezkaritza Kontseilua eta Oiartzoko Patronatua: ekaineko bileren deskargua

ARTEZKARITZA KONTSEILUA

Atzo, ekainaren 26an, egin zen Artezkaritza Kontseiluaren 2024-25 ikasturteko ekaineko bilera. Landu ziren gai nagusiak 2025-26 ikasturteko plangintza eta Aztikerren laguntzaz egin den merkatu azterketa izan ziren. Lehenaren berri beherago duzue; bigarrena asteleheneko, ekainak 30, langile batzarrean landuko da.

OIARTZOKO PATRONATUA

Ekainaren 24an egin zen Oiartzoko Patronatuaren ikasturte honetako hirugarren bilera. Langile atarian duzue laburpena (gainaldean ezkerraldean dauden ikono-zerrendako “organoetako aktak” atalean).

Eskola- eta lan-egutegia 2025-26

Behin betiko eskola-egutegiaren berri maiatzaren 30eko asteko oharretan eman zen, lan-egutegiak orain zehaztu dira. Biak langile atarian dituzue ikusgai, gainaldean ezkerrean dagoen ikono-zerrendan.

Plangintza 2025-26: azpimarra nagusiak

  • Haur Eskola: 0 urteko gela bat eta urtebeteko bi gela izango ditu Ikastolak. 0 urteko gelan 6 haurrekin eta urtebeteko gelan 18rekin ekingo zaio 2025-26 ikasturteari.
  • HH: 2 eta 5 urteko hiru gela izango ditu Ikastolak, 3 eta 4 urteko bi gela.
  • LH: 1., 2. eta 3. mailetan hiruna gela izango ditu Ikastolak; 4., 5. eta 6. mailetan launa.
  • DBH: launa gela maila bakoitzean.
  • Batxilergoa: hiruna gela maila bakoitzean. 1. mailako matrikulazio-epea ekainaren 30ean itxiko da. Aurrematrikulazio-garaian 109 eskaera jaso baziren ere (lau lerro), matrikulazioa 100 batekin ixtea aurreikusten da.
  • Aniztasunari erantzuteko baliabideak: 3,5 PT irakasle (iaz baino erdi bat gehiago), HBSP programa erdia eta CAko 2 gela. Aurrekoaz gain, HPBko 3,5 laguntzaile ere izango ditu Ikastolak.
  • Ikasgelen ituntzea: 2025-26 ikasturtean bost ikasgelaren ituna galduko du Ikastolak. Orain arte egindako kudeaketari esker (gelak aurrez itxi izana, erretiroak, etapa arteko irakasle mugimenduak) ez da irakasle soberakinik izango.
  • Etapa arteko mugimenduak: irakasle bat pasako da HHtik LHra eta hiru LHtik DBHra.

Bi lan-eskaintza: gizarte zientzietako irakaslea DBHn eta historiakoa batxilergoan

DBH | GIZARTE ZIENTZIETAKO IRAKASLEA

Gizarte zientzietako irakaslea (tutore lanak ere egingo dituena) behar da ikasturte osoko ordezkapen baterako. Giza Zientziak, Historia edo Artearen Historiarekin lotura duten unibertsitateko ikasketak (baldin eta ofizialki gizarte zientziak irakasteko egokiak badira), EGA edo baliokidea, ingeleseko C1 titulua eta Bigarren Hezkuntzan irakasle izateko Unibertsitate Masterra edo baliokidea izatea dira bete beharreko baldintzak. %100eko lanaldia eta Lan Hitzarmenaren araberako lansaria eskaintzen dira.

BATXILERGOA – OIARTZO: HISTORIAKO IRAKASLEA

Historiako irakaslea behar da amatasun baimen baten ordezkapenerako. Historiako gradua, EGA edo baliokidea eta Bigarren Hezkuntzan irakasle izateko Unibertsitate Masterra edo baliokidea izatea dira bete beharreko baldintzak. %100eko lanaldia eta Lan Hitzarmenaren araberako lansaria eskaintzen dira.

Bi lan-eskaintzetan izena emateko ekainaren 30era arteko epea dago. Curriculum vitae-a www.oreretaikastola.eus webguneko “Gurekin lan” egin atalean erregistratu (DBHko lan-eskaintza) edo oiartzo@ikastola.eus helbide elektronikora bidali (batxilergoko lan-eskaintza) behar da.


ETAPA ARTEKOAK


HH3 | Baziren behin hogeita hamabi beldar zuri

HH3n Baserria gaia lantzen aritu dira ikasturtearen azken asteetan eta gaian sakontzeko beldarrak izan dituzte gelan, beren metamorfosi prozesua ikusi eta ezagutzeko. Eguneroko txiki bat idatzi dute, langile atarian (albisteen atalean) duzue irakurgai.


BESTELAKOAK


Beskoitzeko Ikastola eraikitzeko lurra lortu du Seaskak

Beskoitzek (Lapurdi) baldintza onetako Ikastola eraikitzeko lurra lortu berri du. Dozena bat urte ditu Beskoitzeko Ikastolak eta orain artean prefabrikatuetan egon dira hango 50 ikasleak. Azken urteetan Udalarekin oso harreman gorabeheratsua izan eta traba ugariri aurre egin behar izan ostean, harreman hori hobetzea eta Ikastola eraikitzeko lurrak esleitzea lortu da. Irakurri albistea Berria egunkarian.

ESKERRIK ASKO AURTENGOAN EGINDAKO LANAGATIK ERE! DESKANTSATU ETA GOZATU MEREZITAKO OPORREZ!

UDA ON, DENEI!