ETAPA MAILAKOAK
MILA KILO ZORION!
Mila kilo zorion
dizugu eskaintzen,
beste urte berri bat
duzulako hasten.
Baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen,
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen?
23: Eli Olasagasti
Asteko ekintzak: ikus Calendar
- LH: Zubiak Eraikiz topaketak
- Hazten: Musikasteko saioak
- LH3: Jaizkibelera irteera
- LH: Lantaldeak
- LH: Lantaldeen balorazioak
- LH: HEMEN DA Euskaraldia
Hutsuneak
Datozen asteetan, hainbat irteera eta egonaldi izango ditugunez (Zubiak Eraikiz topaketak, egonaldiak, txangoak…), Calendarren sortzen diren hutsuneak adierazi dizkizuegu astez aste, baita hutsune horiek beteko dituzten irakasleak zeintzuk izango diren ere. Edozein zalantza baldin baduzue, galdetu lasai.
Ikastolaren Eguna
Badator Ikastolaren Eguna! Hasi gorputza berotzen. Hemen dituzue aurrerapen gisa dantzaren bideoak. Ikuskizun osoa egituratzen dugunean, xehetasun gehiago bidaliko dizkizuegu.
Calendarren ikusgai dituzue entsegu orokorrak:
- Maiatzaren 28an 11:00etan futbol zelai berrian.
- Ekainaren 3an 12:00etan futbol zelai berrian.
Animo azken txanparekin!
Gernu eta odol analisiak
Maiatzaren 26an, gernu eta odol analisiak egingo ditugu, zuzendaritzatik pasa eguna eta ordua jakiteko.
Udako lanen proposamenak
Urtero egiten dugun bezala, Ikastolako familiei udako lanen proposamenak bidaliko dizkiegu. Horretarako, proposamen horiek eguneratzea komeni zaigu; beraz, datozen asteetan, maila bakoitzean egokitu beharrekoak egokitzeko eta aldatzeko eskatzen dizuegu.
Bestetik, jarriak ditugun estekak ongi daudela ziurtatzea komeni zaigu. Aldaketa hauek ekainaren 13rako egin behar ditugu.
Jarraian duzue familiei bidaliko diegun dokumentua:
Ibilaldia
Datorren igandean, maiatzaren 25ean, Ibilaldia ospatuko da Galdakaon. Hona hemen eguna iragartzeko lanketa proposamena.
ETN!
Datorren ikasturtean, ETN! saioak martxan jartzea gustatuko litzaiguke. Horretarako, zuen iritzia beharrezkoa zaigu. Galdetegi honetan, saio hauek noiz burutu nahiko zenituzkET(e)N eta nolakoak izatea gustatuko litzaizuekeen galdetuko dizuegu. Aldez aurretik eskerrik asko.
Auzolan egunak
Azken urteetan zuzendaritzatik bideratu baditugu ere lan hauek, proposamenen bat jaso dugu eta, beraz, egin beharrekoen zerrenda denon artean osatuko bagenu eremu gehiagotara iritsiko ginatekeela sinistuta gaude. Hori dela eta, egin hemen zuen proposamenak, mesedez.
Asteko kanta
Maiatzak 25ean Getxon Ibilaldia ospatuko denez, aste osoan zehar aurtengo Ibilaldiko kanta entzungo dugu (Megafoniak funtzionatuz gero).
IKASTOLA MAILAKOAK
Prestakuntza eta jardunaldiak: Ikastolako berrikuntza arduraduna Estonian
HikHasik bidaia pedagogikoa egin zuen Estoniara pasa den apirilaren 21etik 26ra. Bertan izan zen Ikastolako berrikuntza arduraduna, Oñatz Gonzalez. Estoniako hezkuntza-sistema berritzailea eta kultura eta historia aberatsa ezagutzea izan da bidaiaren helburua. Irakurri egonaldiaren kronika.
Lan-eskaintza DBHn: euskara eta literaturako irakaslea
DBHn euskara eta literatura irakaslea (tutore lanak ere egingo dituena) behar dugu ordezkapen baterako (%95eko lanaldia). Euskal ikasketetan gradua, EGA edo baliokidea eta Bigarren Hezkuntzan irakaslea izateko Unibertsitate Masterra edo baliokidea izatea dira bete beharreko baldintzak. Maiatzaren 18ra bitarteko epea dago curriculum vitae-a www.oreretaikastola.eus webguneko “Gurekin lan” egin atalean erregistratzeko.
Ikastolaren Eguna 2025: lehen xehetasunak
Ekainaren 8an ospatuko dugu Ikastolaren Eguna. Denok gonbidatuta gaude, apuntatu hitzordua agendan.
BOLUNTARIOAK
Urtero egutegian gorriz azpimarratuta izaten dugun eguna antolatzen ari da Ikastolaren Eguneko lantaldea, eta egitaraua eta festa aurrera atera ahal izateko, boluntario gisa lanean aritzeko jendea behar da. Bete langile atarian topatuko duzuen inprimakia zertan laguntzeko prest zaudeten adieraziz.
BAZKARIA ETA EDALONTZIAK
Azken urteetako bideari jarraiki, esperientzia atsegina eta ona dela baloratuta, bazkaria autogestionatua izango da: norberak ekarriko du jatekoa eta Ikastolak Baserriaren inguruan horretarako aulkiak eta mahaiak jarriko ditu. Norberak ere ekar ditzake bere aulki eta mahaiak. Edalontziak ere norberak ekartzea gomendatzen da. Salgai ere egongo dira 1€ren truke.
Ikastolaren izaera eta jardun publikoaz: Artezkaritza Kontseiluaren adierazpena Udalari
Orereta Ikastolak urtero berritzen den hitzarmen ekonomikoa du Udalarekin (22.500€) 90. hamarkadatik. Hitzarmen ekonomiko hori gastu errealen gaineko diru-itzultzea da (hau da, gasturik ez bada justifikatzen ez da dirulaguntzarik iristen) eta hezkuntza formalaz haragoko ekimenetarako da soilik. Beraz, hitzarmen ekonomiko honek ez du hezkuntzari lotutako gasturik estaltzen; Orereta Ikastolak dirulaguntza hori Gau Beltza, Mari Domingiren Errepubika Magikoa, Esmalteriako Ostiralak… egiteko erabiltzen du.
90. hamarkadatik indarrean den dirulaguntza askoz ere handiago zen kopuruz hasieran, denborarekin gutxitzen joan da eta azken hamarkadan izoztuta dago.
Aipatu dirulaguntza dirulaguntza izenduna da. Udalaren irizpidea omen da dirulaguntza izenduna duen erakundeak ezin duela Udalaren beste dirulaguntza eskaerarik egin.
Udalarekin hala adostuta, Guraso Elkartearen bitartez eskatu zuen Erriolaguneak Madalenetarako dirulaguntza iaz aurrenekoz, beste erakunde bat izanik eskubide hori baduela adostuta bi aldeen partetik.
Aurten, Ikastolako Guraso Elkarteak Hezkuntzako Guraso Elkarteek antolatzen dituzten prestakuntzetarako dagoen dirulaguntza eskatu du, herriko guraso elkarte guztiek eska dezaketen udal dirulaguntza hain justu.
Udalak adierazi dio Orereta Ikastolari, legez, eskubidea duela eskaera hori egiteko; baina dirulaguntza horri uko egiteko eskatu dio Ikastolari hezkuntza-zentroen arteko bizikidetza arazoak sor ditzakeelakoan.
Egoera eta testuinguru horretan, 2025eko maiatzaren 12an Udalak eta Orereta Ikastolak egin duten bileran, Artezkaritza Kontseiluak 2025eko maiatzaren 7an idatzitako adierazpena aurkeztu eta izaera publikoa aitortzeko eskaera esplizitua egin dio Ikastolak Udalari. Izan ere, Ikastolak erabaki du ez duela Udalak markatu nahi duen joko-zelaian (dirulaguntzaren sokatiran) jokatu nahi, ez dela hori oinarrian dagoen afera. Ikastolak argi du zer den, zer ekarpen egin diezaiokeen herriari eta zer eskatzen dion Udalari; eta Udalarekin horretaz hitz egin nahi du: bere izaera eta jardun publikoaren aitortzaz.
Hemen irakur dezakezue Artezkaritza Kontseiluak Udalari helarazitako adierazpena. Langile atariko informazio praktikoan (bestelakoen atalean) ere baduzue, eskura hala behar/nahi duzuen aldiro.
BESTELAKOAK
Errenterian 11 Kolore jardunaldien X. edizioa, herrian
Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 21a, eta horri lotuta, azken urteetako ohiturari jarraikiz, Errenterian 11 Kolore jardunaldiak antolatu ditu Udalak maiatzaren 21etik 25era. Ikastolako hainbat ikaslek parte hartzen dute egitasmoan, herriko beste ikastetxeetakoekin batera. Ekimeneko hitzorduetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dizuegu denei. Hemen duzue ikusgai Errenterian 11 Kolore jardunaldien programa.
Konfekoop-en Batzar Nagusia
Maiatzaren14an egin zen Konfekoop-en, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren, Batzar Nagusia. Irabazi asmorik gabeko herri onurako kooperatiba da Orereta Ikastola eta han izan zen zuzendari nagusia, Anartz. Muxika. Irakurri Konfekoop-en Batzar Nagusiaren kronika.
Administraziopeko ikastetxeak: akordioa sinatu dute Hezkuntza Sailak eta sindikatuen gehiengoak
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta sindikatuen gehiengoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administraziopeko ikastetxeetako irakasleentzat lan itun berria adostu zuten pasa den maiatzaren 9an. Hemen akordioaren azpimarrak biltzen dituen Berria egunkariko albistea.