ETAPA MAILAKOAK
Asteko ekintzak: Ikus Calendar
- Bakarkako guraso bilera: 1. eta 4.mailako bakarkako guraso bilerak HASI
- LH1: Hondartzara
- HELTZEN: Guraso bilera orokorrak
- LANTALDEAK: Lehenengo bilera, urriaren 2an
- Lan erregistroak: Irailak 30
HAZTEN: Kirol hastapenak
Urriaren 7tik 31ra, 2. eta 3. mailakoak kirol hastapeneko saioak egingo dituzte: kirol egokitua eta irristaketa.
Saio horietan goiko eremua erabiliko dute, beraz, gainontzekoek kontuan hartu beharko dute eta espazioa partekatu.
Calendarren xehetasun gehiago dituzue (ordutegiak, taldeak…)
Ikasleak gaixorik
Goizean zehar gure tutoretzapeko ikasleren batek gaizki sentitzen dela esaten badigu (buruko mina, tripako mina, gaizki egotea…) gurasoei deitu eta autobusean bidaliko ditugu.
Kilometroak 2024
Datorren asteburuan, urriaren 6an, Kilometroak 2024 ospatuko dugu Azpeitin. Hori dela eta, dokumentu honetan ikasleekin Ikastolen jai hau lantzeko proposamena duzue.
Asteko kanta
Urriaren 6an, KILOMETROAK 2024 ospatuko dugu Azpeitin. Hori dela eta, datorren astean Izpiz-izpi kanta entzungo dugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
ZOZKETA: GUGGENHEIM MUSEORAKO SARRERA BIKOITZA
Ikastola Berrialaguna denez, eta horrek ematen dituen aukerei esker, Bilboko Guggenheim Museorako sarrera bikoitza dugu hala nahi duten lankideen artean zozkatzeko. 2025eko abenduaren 31n iraungitzen dira sarrerak; ordura arte, hala nahi denean erabil daitezke.
Sarrerak lortzeko zozketan parte hartu nahi izanez gero, bete langile atariko hala dagokion inprimakia. Urriaren 4a da formularioa betetzeko azken eguna.
Osasun plana: aurten ikastaroa berritzea tokatzen da
Bi urtez behin, Ikastolako langile guztiek egiten dugu sorospen-ikastaroa eta aurten berritzea tokatzen da. Aurrerago emango dizkizuegu xehetasunak; besterik gabe, ikasturte hasieran egonik, aurreratu egin nahi izan dizuegu gaia.
Lantaldeak martxan urritik aurrera: hasierako oharrak
Klaustroetan eta ikasturte hasierako langile batzarrean aipatu bezala, ikasturte honetan lantaldeen funtzionamendua ezberdina izango da. Lantaldeak bideratu eta gauzatu nahi diren proiektu eta ideia guztiei leku egiteko espazioak izatea nahi da.
Urritik aurrera lantaldeak abian jartzekotan geratu ginen; datorren astean ekingo diogu, beraz, martxari. Langile atarian (gainaldeko ikono-zerrenda beltzeko lantaldeen botoian) duzue taldeen eta partaideen zerrenda, hala behar duzuenean, kontsultarako. Animo, goazen aurrera denok elkarrekin, elkar lagunduz eta elkarrengandik ikasiz!
Artezkaritza Kontseilua: iraileko bileraren deskargua
Irailaren 25ean egin zen Artezkaritza Kontseiluaren ikasturte honetako lehen bilera.
Langileen eta Artezkaritzako kontseilukideen ekarpenak jasotzeko epea amaituta, 2024-25 ikasturteko urteko kudeaketa plana behin-betikoa da jada. Hori da Artezkaritza Kontseiluaren iraileko bileraren azpimarra nagusia.
Artezkaritza Kontseiluaren iraileko bileran landutako gainontzeko gai esanguratsuenen berri eman da jada klaustroetan, langile batzarretan.. Beraz, ez da Artezkaritza Kontseiluaren 2024ko iraileko bileraren deskargurik zintzilikatu langile atarian.
Urriak 12 – Ikasturteari ongietorri festa: boluntario-eskaera
Iaz Kilometroak Egunarekin bat egin eta ospatu ez bagenuen ere, aurten berriz helduko diogu ikasturtearen ongietorri festari. Ohi bezala, urriaren 12an, arratsaldez, ospatuko dugu. Datorren astean emango dizkizuegu jaiaren xehetasun gehiago.
Festa egin ahal izateko boluntarioak ere behar ditugu. Langileei tabernako txandetarako (16:30-18:30 edota 18:30-20:30) eta festa amaitzean hura desmuntatzeko laguntza eskatzen zaie. Animatzen zaretenok jarri mesedez harremanetan Garazi Otamendirekin (HHko lankidea). Aldez aurretik, eskerrik asko!
Kilometroak 24: autobusa Ikastolatik | boluntario-eskaera
2024ko Kilometroak festa urriaren 6an ospatuko da Azpeitin, Ikasberri Ikastolak antolatuta eta “Izpiz izpi” lemapean. Ikastolak hara joateko autobusa antolatu du, Azpeitiko eta Gipuzkoako Ikastolek guztion babesa eta ekarpena zinez eskertuko baitute.
Autobusa Niessengo geltokitik (Donostiarako noranzkoan) aterako da goizeko 9:00etan eta 19:00etan abiatuko da Azpeititik bueltan herrira. 13€ (helduak) eta 8€ (adin txikikoak) kostako da joan-etorria.
Kilometroetara Ikastolak antolatutako autobusean joan nahi izanez gero, Esmalteriako (15:30-17:30) edo Añabitarteko (08:00-16:30) bulegotik pasa zaitezkete txartelak erostera. Erosoagoa bazaizue, eskatu etapako zuzendaritza-taldeko kideren bati edo zuen saileko arduradunari eta haren bitartez helaraziko zaizkizue tiketak.
Bide batez, gogoratu Orereta Ikastolako komunitatekideoi txosna- eta garbiketa-lanetarako (goizeko txandetan) laguntza eskatu digutela azpeitiarrek. Iaz guk bezala, Azpeitin boluntarioak behar dituzte Kilometroak Eguna nahi eta behar bezala antolatzeko. Eta iaz guk bezala, zinez eskertuko dute Gipuzkoako gainontzeko Ikastoletako kideen laguntza. Beraz, urriaren 6ko Kilometroak Egunean boluntario lanean aritzeko prest baldin bazaude, bete, mesedez, langile atariko hala dagokion inprimakia. Laster jarriko gara izena eman dutenekin harremanetan, informazio xeheagoa helarazteko.
ETAPA ARTEKOAK
Zerbitzuak | Jolasetik jolasetara Añabitarteko jangela-garaian
Zerbitzu osagarriak hezkuntza-proiektuan erabat integratzeko bide eta xedean, ikasturte honetako berrikuntzetako bat Añabitarteko jangela-garaikoa da. Lankide batzuek, begirale izateaz gain, dinamizatzaile funtzioa ere badute aurten: bazkaldu aurretik edota ondoren, ikasleentzako hainbat jolas prestatu eta proposatzen hasi dira; jolas libreaz gain, ikasleei ikasten eta garatzen jarraitzeko beste aukera batzuk ere eskainiz. Jolasetik jolasetara: antzara batetik bestera, gu, badaezpada ere, aurrera!
BESTELAKOAK
Euskal Herriko Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia
Euskal Herriko Ikastolok pasa den irailaren 21ean egin genuen ikasturte hasierako ekitaldia Senperen, Kattalin Elizalde kolegioan, agintari, hautetsi eta alderdi, sindikatu, gizarte eragile eta hezkuntza, euskalgintza eta kulturgintzako hainbat ordezkari bertan zirela.
Udazken amaierarako prest izango da pasa den ekainean egin zen Ikastolen VII. Batzarretik eratorritako hurrengo bost urteetarako plan estrategikoa eta horri lotuta, Ikastolon aurtengo helburu komun eta nagusiak dira Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra geletara eramatea, ikasleen euskararen ezagutzan eta erabileran eragitea, Ikastolak herritar guztientzako aukera erreal bilakatzea, nazio ikuspegia sakontzea eta Ikastola Eredua indartzea.
Ekitaldia bertan egin zela probestuta, Kattalin Elizalde kolegioaren, Ikastolen mugimenduaren 114. Ikastolaren, inaugurazio ofiziala ere egin genuen pasa den larunbatean.
Ikastolon ikasturte hasierako ekitaldiaren xehetasun gehiago, www.ikastola.eus webgunean.
Herriko Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen Mintzalaguna kanpaina
2024-25 ikasturteko jardunari ekitera doa herriko Mintzalaguna egitasmoa, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta. Interesik izanez gero, hemen topatuko dituzue xehetasun gehiago eta izena emateko aukera.
Hainbat irakurgai interesgarri