HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (24.05.31)


ETAPA MAILAKOAK


MILA KILO ZORION!

Mila kilo zorion

dizugu eskaintzen,

beste urte berri bat

duzulako hasten.

Baietz asmatu zenbat

dituzun betetzen,

zergatik ez ditugu

txaloka kontatzen?

https://youtu.be/cCqS1IVX5ko

*Barkamenak Asier Arrietari aipatu gabe joan zelako lehengo astean!

3 Naroa Otamendi

1. Asteko ekintzak: ikus Calendar

  • Hazten: Ebaluazioa
  • LH1: Arritxulo
  • LH3-4: Bertso eskolako aurkezpena
  • LH3: Igeldo Orio egun-pasa
  • LH4: Lizarra
  • LH5: Zuhatza
  • LH6: DBHra bisita
  • LH2: Planetariumera irteera

Ebaluazio bileren ordena

Irakasle taldearen artean adostuko ditugu zein izango diren bileren ordenak. Kontuan izan ditzagun gainontzeko ebaluazioetan adostutako ordenak, mesedez.

HIPI saioak

Asteartean ez da HIPI saiorik egongo.

Familia laguna

Familia laguna programatik galdetegi hau betetzeko eskatu digute.

EmanTIK

Iazko ikasturtean bezala, aurtengoan ere EmanTIKeko balorazioa egin behar dugu. Galdetegia LH5 eta LH6ko mailetan sartzen diren irakasle guztiek bete behar dute. Balorazioa ekainaren 10erako egitea eskatzen dizuegu.

Blaitu Kluba: Busti! 3. saioa

Datorren astean argitaratuko da Busti! programako 3. saioa. Aurrekoetan bezala, programa ikusi eta atxikita bidaltzen dizuegun unitate didaktiko xumea jarraituz, geletan lanketa egitea proposatzen dizuegu. Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

Bakarkako txostenak

LH1-3-5 mailetan ez dugu bakarkako txostenik bete behar, nonbait ziklo bakoitzaren amaieretan bete behar dira. Beraz LH 2-4-6 mailetako tutoreek soilik bete beharko dituzte.

Ekaineko egunak

Dokumentu honetan, ekaineko egunen antolaketa duzue. Behin behinekoa da, beraz, aldaketak egon daitezke. Hala balitz, ahal bezain laster jakinaraziko dizuegu.

Argazkiak

Jarraian dituzue Euskararen Eguneko, San Tomas eguneko eta inauterietako taldekako argazkiak. OIKSen karpeta desberdinetan gordeta daudenez, zuek ez erotzeko, Calendarren “Ekainak 14” egunean dituzue eskuragarri. Bertatik kopiatu eta gela bakoitzeko karpetan sartzea dagokizue.

Asteko kanta

Ekainaren 5an ingurugiroaren nazioarteko eguna dela eta, datorren astean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Largabista kanta entzungo dugu.


IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: maiatzeko bileraren deskargua

Maiatzaren 29an egin zen Artezkaritza Kontseiluaren hil honetako bilera. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna EHUren unibertsitatez kanpoko irakasleentzako udako ikastaroen eskaintza da. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Ekainak 28: ikasturte amaierako langile batzarra

Ekainean sartzear, gogoratu nahi dizuegu aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 28an izango dela, 09:00etatik 14:00etara. Laster helaraziko dizuegu gai-zerrenda.

Lino Berria: obrak udan hasiko dira

2019an Esmalterian egindakoei jarraipena emanez, Ikastolaren Linoko eraikinaren eraberritze-lanak udan hasiko dira. Proiektua eginda eta erabakia hartuta dago, lanen-esleipena ere eginda dago. Ikasturte amaierako langile batzarrean hitz egingo dugu gaiaz.

Nahita eragindako kalte materialak DBHko eraikinean

Nahita eragindako kalte material esanguratsuak izan ziren pasa den asteburuan Ikastolaren DBHko eraikinean, ostiraletik larunbaterako goizeko 03:00etan. Hainbat leiho erabat txikitu zituzten, obrako materiala lardaskatu zuten (DBHko fatxadaren zati bat konpontzen ari gara) eta zakarrontzietako zakarra estalpean zabalduta utzi zuten.

Zoritxarrez, tarteka-marteka izaten dira gisa horretako gertakariak Ikastolaren eraikin eta inguruetan. Oso noizbehinkakoak izan direnez, orain arte ez zaie horien berri ofizialki eman izan Ikastolako familiei eta langileei. Oraingoa, ordea, Aste Santuko oporretatik hona gertatu den bigarrena da eta kalteei dagokienez, larria, gainera.

Horiek horrela, Ikastolak hartu beharreko neurriak hartu eta eman beharreko pausoak eman ditu oraingo gertakaria bideratzeko eta etorkizuneko balizkoak ekiditeko.


ETAPA ARTEKOAK


LH-DBH | Madalenak 24 kartel lehiaketa: Ikastolako bi ikasle, sarituak

Epaimahaiak maiatzaren 29an eman zuen XXXVIII. Madalenetako Kartel Lehiaketaren irabazleen berri. Ikastolako ikasle diren Egoitz Nogueiraren eta Libe Agirreren lanak sarituak izan dira. Haurren programazioaren irudia izango da Egoitzena. Liberen kartelak herritarren saria irabazi du. Bejondeiela parte-hartzaile guztiei! Eta zorionak Egoitzi eta Liberi!

Batxilergoa-Oiartzo | Saria Etorkizuna Sortzen programan parte hartzeagatik

Batxilergoko 1. mailako ikasleek Feel My Way kooperatiba zestoarraren Etorkizuna Sortzen programan parte hartu dute otsailetik maiatzera. Etorkizuna Sortzen DBH3 eta BATX1 arteko gazteei etorkizuneko euren biderako orientazioarekin laguntzeko modu berritzailea da, plataforma digital batean dagoen lau saioko programazio bat. Autoezagutza, errealitate eta esperientziak ezagutzea, erabakitzea eta esperimentatzea ditu oinarri.

Programan parte hartu eta proiektuak entregatu dituzten taldeen artean 300€ko bost sari banatu berri dira eta horietako bat Oiartzoko 1. mailako gazteei tokatu zaie! Maila guztiaren orientazio lanetarako erabiliko da dirua, datorren ikasturtean.