HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.11.10)

 


ETAPA MAILAKOAK


Asteko ekintzak: Ikus Calendar

  • LH1: Baso eskola
  • LH2: Barandiaran museora irteera
  • LH3-4-5 ETA 6: Kirol ohituren galdetegia

Kirol ohituren galdetegia

Urtero bezala, ikasleek kirol ohituren galdetegia bete beharko dute. Heltzeneko ikasleek azaroaren 13an egingo dute eta Hazteneko 3. mailako ikasleek azaroaren 14an.

*Calendarren xehetasun gehiago

B1 ikastaroa

Urtarrilaren 10ean B1 ikastaroa hasiko dugu eta horretarako ordu hauek eskainiko zaizkigu:

  • Urtarrilak 31 (13:30-15:00)
  • Otsailak 7 (13:30-15:00)

Guztira 10 orduko ikastaroa denez, gainontzeko 7 orduak  lan egutegiko “Prestakuntza-jarduerak” ataletik hartuko ditugu.

Taldeko argazkiak

Klaustroan aipatu bezala, ikasturte amaieran 4-5 argazki bildu behar ditugu familiekin partekatzeko.

Calendarren ekainaren 14ko egunean duzue karpeta horren esteka. Hala ere, HEMEN ere utziko dizuegu karpeta horretarako sarbidea.

Practicum 

  • Amaiur Arizabalgo Hidalgo: Azaroaren 13tik otsailaren 16ra arituko da Maialen Gurrutxagarekin.
  • Amaiur Olaiz Ibarzabal: Azaroak 13tik martxoaren 1era arituko da Maialen Iribarrenekin.

OIKS

Hazten eta Heltzen karpetak proiektuetatik prozesuetara pasa ditugu. Karpeta hauek gogokoetan badituzue, ez duzue aldaketarik izango.

Jarraipen Batzordea

Astelehenean, azaroak 13, ikasturteko 1. Jarraipen Batzordea izango dugu.

Asteko kanta

Datorren astean, GO!azen telesaila hasiko denez, “Basakabitik mundura” kanta entzungo dugu.

https://www.youtube.com/watch?v=2UjhwlKCcpk


IKASTOLA MAILAKOAK


NextCloud – OIKS: hainbat karpeta, Proiektuen ataletik Prozesuenetara

NextCloud – OIKS berrantolatzen ari gara eta hainbat karpeta Proiektuen ataletik Prozesuenera pasa ditugu, proiektu (hasten ari dena edo hasiera eta amaiera jakina duena) izateari utzi eta prozesu (denboran iraunkorra dena) bihurtu direlako. HIZPRO karpeta da horietako bat.

Bila zabiltzaten karpeta topatzeko, jarraitu goian aipatutako jarraibidea. Horrela eginda ere ez baduzue aurkitzen, jar zaitezte zuzendaritza-taldeko kideekin harremanetan.

Osasun azterketa osagarriak: kobrantza

Pasa den ikasturtearen amaieran osasun azterketa osagarriak egin zenituzten langileei astelehenean, azaroak 13, kobratu zaizue azterketa horien kostuaren % 50a; langileari ordaintzea dagokiona, hain justu.

Gau Beltza: balorazio-inprimakia

Gau Beltzeko lantaldeak balorazio-inprimakia prestatu du urriaren 31n egiten dena baloratzeko eta etorkizunerako proposamenak jasotzeko. Langileek eta etapetako eta ikasgeletako guraso ordezkariek betetzea eskatu dute. Beraz, eskertuko genizueke erantzuteko tarte bat hartzea. Langile atarian topatuko duzue aipatu inprimakia.

Euskahalduntze tailerra, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topàgunearekin elkarlanean

Kilometroak 23 Urtea pasa berritan eta Euskararen Egunaren atarian, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean, euskara ahalduntze tailerra antolatu dugu. Euskal hiztunei zuzendutako saioa izango da, eta euskaraz gehiago eta erosoago egiten laguntzea izango du helburu.

2 orduko saioa (18:00-20:00) izango da; azaroaren 22an, Ikastolaren Esmalteriako egoitzan.

Parte hartu nahi baduzu, eman izena langile atarian. 12 pertsonako taldeak izango dira, gehienez ere. Haurrak zaintzeko zerbitzua eskainiko da, hala behar duenarentzako.

Esmalteriako Ostiralak 2023-24: otsailera bitarteko agenda

Orain bi ikasturte mamitzen hasitako ekimena da Esmalteriako Ostiralak. 0-6 urte bitarteko haur eta haien familientzako herriko euskarazko aisialdi-eskaintza osatzea da haren helburua, hileko azken ostiraletan, Esmalterian (normalean), eragile ezberdinen laguntzaz ondutako gisa ezberdinetako proposamenez gozatzeko aukera emanez. Ikastolako zein herriko hala nahi duten familiei zuzendutako saioak izaten dira.

2023-24 ikasturteko Esmalteriako Ostiralak abian jartzear dira. Eta ekimena bera indartze eta sendotze aldera, aurten lehenengoz, jada zehaztuta dago otsailera bitarteko agenda. Ondorengoak dira hitzorduak:

  • Azaroak 24 | 17:00 | Esmalteria: haur masaje tailerra (0-2 urte)
  • Abenduak 15 | 17:30 | Añabitarteko sukaldea: sukaldaritza tailerra (3-6 urte)
  • Urtarrilak 26 | 17:00 | Esmalteria: musikoterapia saioa (0-2 urte)
  • Otsailak 23 | 17:00 | Esmalteria: haur kanten Landarbaso tailerra (2-6 urte)

AZAROAK 24: HAUR MASAJE TAILERRA (0-2 URTE)

Haur masajearen onuren jakitun (atxikimendu eta lotura afektiboa indartzen ditu, erlaxatzen eta tentsioa askatzen laguntzen du, minak arintzen ditu…), saio bat antolatu dugu datorren azaroaren 24an, 17:00etan, Esmalterian; eta bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu adin horretako haurrak dituzuen langileak. Saioan parte hartu nahi duen familiarik edo ezagunik izanez gero zuen inguruan, eman diezaiokezue ekintzaren berri.

Ana Conde diziplina anitzeko terapeutak zuzenduko du jarduna. 2021 eta 2023 urteen artean jaiotako haurrei eta euren familiei zuzendutako saioa izango da. Haur bakoitzarentzat etxetik eskuoihal eta manta txiki bat eramatea eskatzen da. Olioa terapeutak ekarriko du.

Interesik izanez gero, bete langile atariko hala dagokion inprimakia azaroaren 22a baino lehen. Plazak mugatuak izango dira: 12 haur eta haien laguntzaileentzako lekua egongo da.

Zubiak Eraikiz: Seaskako egutegia eta Xibeoko Ikastolen aldeko otarreak

Ikastolak Euskal Herri osoko eragile izanik eta Orereta Ikastolak hareman zuzena izanik Ipar Euskal Herriko hainbat Ikastolarekin Zubiak Eraikiz egitasmoari esker, ekimen hauek aintzat hartzera eta haien alde zuen hondar aletxoa jartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Seaskako egutegia (4€) langile ataritik eska dezakezue azaroaren 30era arte; eskura emango zaizue, ondoren. Xiberoko Ikastolen aldeko saskien gaineko xehetasunak eta eskaera egiteko aukera www.ikastola.eus webgunean duzue azaroaren 26ra arte; nahi izanez gero, otarreak Ikastolan bertan jasotzeko aukera egon badago (eskaera egitean adierazi behar duzue hori).


ETAPA ARTEKOAK


LH5-DBH2 | EmanTik, ikasleen alderdi emozionalari arreta jartzen

LH 5. mailatik DBH 2. mailara arteko ikasleekin EmanTik programa berritzailea jarri dugu martxan aurten, iaz proba pilotua egin ostean.

EmanTik haurren eta gaztetxoen ondoeza eta adin txikikoek jasan ditzaketen hainbat indarkeria mota goiz detektatzeko programa berritzailea da. Tutoretza saioetan, ikasleek emozioak ezagutu eta horien ezaugarriak lantzen dituzte, eta ondoren, erabilera oso errazekoa den Kanjo aplikazio informatikoaren bidez, autopertzepziotik, beren egoera emozionala klikatzen dute bakarka eta egunean bitan: goizean goiz Ikastolara sartu bezain laister eta jolasgaraiaren ondoren. Ondoeza hautemanez gero, modu goiztiarrean laguntza eskaintzeko aukera du Ikastolak.

Emozioak irensten dituena ito egiten omen da; saia gaitezen itsaso horretan igerian egiten irakasten eta igerian aritzen.Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue EmanTik proiektuaren gaineko xehetasun gehiago.


BESTELAKOAK


Azaroak 18: Beskoitzeko Ikastolaren aldeko manifestazioa

Herriko etxeak behin eta berriro Ikastola handitzeko proiektuari oztopoak jartzen dizkiola ikusita, mobilizaziorako deia egin dute Seaskak eta Beskoitzeko (Lapurdi) Ikastolak. Izan ere, duela hamar urte sortu zenetik, Ikastola eraikin prefabrikatuetan dago. Iaztik, txiki gelditu dira prefabrikatu horiek, 50 ikasle baino gehiago baitira. Horregatik, Seaskak eraikuntza baimen bat eskatu zuen, eta, geroztik, hainbat gorabehera izan dituzte herriko etxearekin, baiezkoa eman ostean atzera egin baitu berriz.

Egoera hori izanik, Seaskak manifestazioa deitu du Beskoitzen azaroaren 18an, goizeko 11:00etan. Euskaltzale oro bertan parte hartzera gonbidatu du Seaskak, eta guk ere, Orereta Ikastolak, bat egiten dugu deialdiarekin: Ikastolako langileak, familiak eta gainontzeko komunitatekideak manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.