ETAPA MAILAKOAK
hIZAN saioa
Datorren asteartean, azaroak 4, hIZAN saioa izango dugu. Linoko irakasle gelan elkartuko gara eguerdiko 12:35ean.
Ongi etorri Oreretara
Ongi etorri Oreretara lantaldeak, azken 2-3 urteetan herrira eta, beraz, Ikastolara iritsi berriak diren familiekin lehen meriendatxoa antolatu du azaroaren 5erako. Bertan, jasotako harreraz, izandako beharrez, bizitako esperientziez… aritzeko aukera izango dugu.
Horregatik, zuetako batzuek gonbidapen gutunak banatu dituzue. Astelehenerako adierazi behar dute parte hartu nahi duten ala ez; beraz, gonbidapena beteta ekartzen dutenean bulegoan utzi, mesedez.
Matrikulazioa
Urtero bezala, eta datorren matrikulazio garaiari begira, 2024an jaiotako anai-arrebak dituzten ikasleen zerrendak sortzen hasi beharra daukagu. Beraz, datorren ostiralerako zuen geletako zerrendak guri bidali, mesedez.
Familia Laguna
Irailaren 23ko klaustroan esan bezala, Familia Laguna programan parte hartu nahi duten familiek arduradunak beraiekin harremanetan jartzeko baimena sinatu behar zuten. Aste hau utziko dugu baimen orria hala dagokion familiei bidaltzeko. Hauek jasotzen dituzuenean, guri helarazi.
Azpeitiko tren museoa
Azaroaren 7an, ostirala, HH5eko taldeak Azpeitiko tren museora joango dira egun-pasa. Gozatu!!!
IKASTOLA MAILAKOAK
Lan-eskaintza DBHn: Matematika eta teknologiako irakaslea
Matematika eta teknologiako irakaslea (tutore lanak ere egingo dituena) behar da DBHn ordezkapen baterako. Matematikako gradua edota ingeniaritza ikasketak, EGA edo baliokidea, eta Bigarren Hezkuntzan irakasle izateko Unibertsitate Masterra edo baliokidea izatea dira bete beharreko baldintzak. %100eko lanaldia eta Lan Hitzarmenaren araberako lansaria eskaintzen dira.
Lan-eskaintzan izena emateko azaroaren 7ra arteko epea dago. Curriculum vitae-a www.oreretaikastola.eus webguneko “Gurekin lan” egin atalean erregistratu behar da.
Zuzendari nagusiaren hautaketa-prozesua: azken berriak
Ikasturtearen hasieratik hona hainbat kudeaketa-eredu eta -aukera posible aztertu eta jorratu ostean, Artezkaritza Kontseiluak zuzendari nagusiaren hautaketa-prozesua kanpo-hautaketa prozesuz egitea erabaki du, Ikastolaren orain arteko kudeaketa-eredua oinarri. Lan-eskaintza kanpoko aholkularitza-enpresa batek kudeatuko du eta egun gutxiren buruan publiko egitea aurreikusten da.
Artezkaritza Kontseiluak mezua bidaliko die Ikastolako familia eta langileei orain arte egindako bidearen, hartutako erabakiaren eta hemendik aurrerakoen berri emanez.
Artezkaritza Kontseilua: urriko bileraren deskargua
Asteazkenean, urriaren 29an, egin zen Artezkaritza Kontseiluaren 2025-26 ikasturteko urriko bilera. Bertan landutako gai nagusiei gaurko asteko oharretan egin zaie leku (gerente berriaren hautaketa-prozesua) edo aurrerago emango da beren berri (gaiak landuagoak/itxiagoak daudenean). Beraz, ez da deskargurik zintzilikatu langile atarian.
Horiek esanda, segidan Artezkaritza Kontseiluaren urriko bileran landu diren bi gairen aipamen laburra:
- Matrikulazioa 2025-26: helegiteak egiteko bide administratiboa amaituta eta itxita, EHIk eta hainbat Ikastolek (erakunde gisa), tartean Orereta Ikastolak, bide judizial arruntari ekitea erabaki dute. Erresoluzioa aldekoa izateko aukera egon daitekeela uste da. Bere bidea egingo du honek guztiak eta denborak esango du zertan bukatuko duen. Luze joko duela aurreikusten da.
- Udalarekin bilera: pasa den ikasturtean hasi zen Ikastola Udalarekin bilera sistematikoagoak eta jarraituagoak izaten. Bide horri jarraiki, bi erakundeen arteko hurrengo bilkura azaroaren 3an egingo da.
Berrikuntza: Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra (IHMO)
Urtarrilaren 12an abiatuko dugun Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrari buruzko ikastaroan parte hartzeko, irakasle bakoitzak esteka honetan izena eman behar du azaroaren 10a baino lehen. Liburua jaso duzuenak soilik matrikulatu behar zarete ikastaroan. Honen inguruko xehetasun gehiago etapa bakoitzeko klaustroetan helaraziko dira.
Blaitu Kluba – Euskaraz Bizi: ikasturteko 1. Busti! saioa
Astelehenetik (azaroak 3) aurrera, ikasturte honetako lehen Busti! saioa ikusgai izango da Blaitu Klubaren atarian. Geletan lantzeko unitate didaktikoa ere eskura duzue. Gogoratu, unitate didaktikoa nahieran erabil dezakezuela adinaren baitako egokitzapenak eginez. (LHn komunitate proiektuan landuko da).
HIZPRO | Azaroko kalko okerra
Eskuragarri duzue azaroko kalko okerra (aurtengo lehena) Blaitu Klubaren atariko Jantzi euskaraz atalean. Posterra topatuko duzue bertan (aurten ez da bideorik izango), geletan landu ahal izateko. Ohi bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.
Gau Beltza – Euskararen Eguna: VII. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa
Gau Beltza eta Euskararen Eguna lotzeko asmoz, DBHtik VII. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa antolatu da. Herriko DBHko ikasleek eta 16 urtetik gorako beste edozein herritarrek ere parte hartu ahal izango dute ekimenean. Abenduaren 3ra arteko epea dago lanak aurkezteko. Irabazleen izenak abenduaren 19an jakinaraziko dira. Langile atariko azpimarretan topatuko dituzue xehetasun gehiago eta lanak aurkezteko oinarriak. Anima zaitezte!
Bide batez, gogoratu gaur, urriak 31, Gau Beltza ospatuko dugula, herrian barrena Kalabazaren Ibilbidea eginez. Anima zaitezte mozorrotu eta festan parte hartzera.
Zubiak Eraikiz: Hainbat ekimen/eskaintza Ipar Euskal Herriko Ikastolen alde
HENDAIAKO GURE IKASTOLA: EGUBERRIKO TXOKOLATEZKO EGUTEGIA
Zubiak Eraikiz egitasmoan bidelagun dugun Hendaiako Gure Ikastolak aurten ere egin du Eguberriko txokolatezko egutegia. 24 txokolatez osatutako egutegia da, abenduaren lehenetik Gabon-egunera bitartekoa; bertako txokolategile eta papergileekin egina.
Hendaiako Ikastola aurrera ateratzeko pentsatutako ekimena denez, egutegia eskatzera gonbidatzen zaituztegu. 12 € balio ditu eta azaroaren 9a da eskatzeko azken eguna. Langile atarian eska dezakezue egutegia.
ZIBURUKO KASKAROTENEA IKASTOLA: KIROL-JERTSEAK, ELASTIKOAK eta TELAZKO POLTSA
Zubiak Eraikiz egitasmoan bidaide dugun Ziburuko Kaskarotenea Ikastolak kirol-jertseak, elastikoak eta telazko poltsak egin ditu.
Kaskarotenea Ikastola aurrera ateratzeko pentsatutako ekimena denez, kirol-jertseak, elastikoak edota telazko poltsa erostera gonbidatu nahi zaituztegu. Langile atarian dituzue xehetasunak eta eskaera egiteko aukera. Azaroaren 9a da eskariak egiteko azken eguna.
SEASKA EGUTEGIA 2026
Seaska egutegia (4€) langile ataritik eska dezakezue azaroaren 9ra arte. Eskura emango zaizue ondoren eta momentuan ordaindu beharko da eskudirutan.
IKASKOLI: XIBEROKO IKASTOLEN ALDEKO SASKIAK
Xiberoan dauden bi Ikastolek Ikaskoli kanpaina egiten dute urtero. Eguberriko otarreak eskaintzen dituzte Zuberoako Ikastolak beraiek aurrera atera ahal izateko, eta bertako ekoizle eta produktuak ezagutzera eman eta laguntzeko. Informazio gehiago eta otarreak erosteko aukera (azaroaren 1etik 23ra) www.ikaskoli.eus webgunean topatuko dituzue. Hala nahi izanez gero, saskiak Ikastolaren Añabitarteko bulegoan jasotzeko aukera dago (eskaera egitean adierazi behar da hori). Saskiak abenduaren erdialdean iristea aurreikusten da.
ETAPA ARTEKOAK
DBH4 | (App)hustua programan parte hartzen, genero- eta sexu-aniztasuna lantzen
DBH 4. mailako ikasleek Deseraikiz entitatearen (App)hustua programan parte hartu dute urrian zehar. Programa honen helburu nagusiak dira, batetik, genero eta aniztasunaren ikuspegitik hausnarketarako espazioa sortzea, eta bestetik, hegemonikoak diren harremanak eta jokaerak zein eredu anitzak lantzea. Helburu espezifikoa sare sozialetan “normaltzat” hartzen diren jokabideen gainean hausnartzea eta horiek deseraikitzea da.
Urriaren 1ean eta 3an ikasgelaka egindako tailerraren ondoren, gaur, urriaren 31n, programari bukaera emango diote Sex-sua antzezlana ikusiz (Andoni Mutiloaren eskutik). Ligatzeko aplikazioen ondorioz, gure gizartean sortzen ari diren harreman mota berriei buruzko hausnarketa egiten du obrak.