HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (25.06.20)


ETAPA MAILAKOAK


hIZAN saioa

Datorren astelehenean, ekainak 23, hIZAN saioa izango dugu, eguerdiko 12:45ean, Linoko irakasle gelan. HH2ko ahozkotasunaren inguruan arituko gara.

Klaustroa

Asteazkenean, hilak 25, ikasturte amaierako klaustroa izango dugu eguerdiko 12:00etan, Esmalterian. Pentsaera Konputazionalaren inguruko saioa izango dugu 12:00etatik 13:00etara, eta ondoren gainerako gaiak landuko ditugu. Gai-zerrenda astelehenean izango duzue ikusgai.

Guraso bilera orokorra

Datorren ekainaren 26an (osteguna), Haur Eskolako guraso bilera izango da Esmalterian, arratsaldeko 17:30ean.

Garbiketak

Lino eta Esmalteriako garbiketa orokorrekin hasiak dira dagoeneko. Espazio zabaletan lan egiten dugunez, horrela antolatzeko eskatu digute: eta erraza jarri digute!!!

  • Aulkiak dorreetan pilatuko ditugu bazter batean.
  • Altzarietan dugun material guztia armairuetan jasoko dugu.

Materialaren garbiketa irailean egingo da HH3, HH4 eta HH5en. Aldiz, HH2koek orain, ekainean, egingo dute, irailean egokitzapenak, bilerak… egin behar direlako.


IKASTOLA MAILAKOAK


2024-25 ikasturte amaierako langile batzarra: gai-zerrenda

Aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 30ean izango da, 09:00etatik 14:00etara. Jarraian, gai-zerrenda:

  • Harrera
  • Berrikuntza eta Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra
  • Onki: Ikastolen tutoretza marko berrian oinarritutako plan integrala
  • Hizkuntza Proiektua: Blaitu Kluba
  • Komunikazio asertiboa: Gardene
  • Atsedenaldia: eskertzak eta agurrak
  • Merkatu azterketa: deskargua eta talde dinamikak
  • Bazkaria, oporrak lankideekin mokadua eginez eta kontu batzuk esanez hartzeko

Oharra: aurten bazkaria lan-ordutegian sartuta dago.

Euskaraz Bizi – Blaitu Kluba: Txis pun…! Blaitu Klubak amaiera eman dio 2024-25 ikasturteari

Blaitu Klubak bigarren ikasturtea egin du ikasleak, familiak eta langileak euskaraz eta euskal kulturaz bustitzen. Iaz hasitako bideari jarraipena emateaz gain, bigarren denboraldi honek “lehen aldi” batzuk ere izan ditu. Ezagutu eta ikusi langile atarian (albisteen atalean) ikasturte honek eman duena.

Madalenak 25 – Erriola Gunea: egitaraua labetik atera berria!

Laster Madalenetan izango gara eta, urtero bezala, hor izango da Koldo Mitxelena plazan Orereta Ikastolaren gunea: Erriola Gunea, gastronomiaz gain, kultur eskaintza zabalarekin. Eta egitaraua hemen da, labetik atera berria! Ikusi | Deskargatu Erriola Guneko egitaraua 2025 (langile atarian ere baduzue).

Izan boluntario!

Hori guztia, Erriola Guneko eskaintza gastronomikoa eta kulturala, txukun eta mimoz prestatu ahal izateko, ezinbestekoa da Ikastolako familia, guraso ohi, langile, ikasle ohien… laguntza. Beraz, Erriola Gunean parte hartu eta txosnako txandaren bat edo batzuk egiteko prest baldin bazaude, bete langile atariko inprimakia. Boluntario lanetan aritzen direnek kamiseta polit-polita ere jasoko dute trukean. Anima zaitezte!

Horrez gain, aurten ere bada erronka: ahal beste ikasle ohi aritzea boluntario lanetan Erriola Gunean. Ikastolako ikasle ohia bazara, aitzakia bikoitza duzu: eman izena eta elkartu aspaldiko lagun zaharrekin Erriola Guneko txosnan!

Zalantzarik, proposamenik edo iradokizunik izanez gero, idatzi mezua erriolagunea@oreretaikastola.eus helbide elektronikora. Aldez aurretik, eskerrik asko!


BESTELAKOAK


Tanta zozketa txartela: gaur jakingo da nor den 60.000€en irabazlea

Ikastolen festen diru-iturri nagusietakoa den Tanta boletoen zozketa gaur, ekainak 20, egingo da. ikastola.eus-en emango dute zenbaki sarituaren berri. Zorte on, denei!

Gogoratuko zaretenez, martxoan banatu genituen Ikastolako familien eta langileen artean Tanta zozketa txartelak.

Zumaiako Zumaiena, Euskal Herriko 115. Ikastola

Ikastolen Mugimenduko 115. Ikastola da, ekainaren 12tik, Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Urteko Ohiko Batzar Nagusian aho batez onartua izan zenetik, Zumaiako Zumaiena Ikastola. Irakurri albistea osorik ikastola.eus webgunean.

Zumaienako ordezkariak izanak dira Lino Berria ezagutzen eta Orereta Ikastolako irakasle eta zuzendaritza-taldeko kide batzuk ere egonak dira Zumaian beren eraikinak eta proiektua ezagutzen.