ETAPA MAILAKOAK
Eskerrik asko!
Ate irekien bi saioak burutu ditugu aste honetan. Zuen prestutasuna eta parte hartzea eskertu nahi ditugu, bikain aritu zarete!
Bestalde, gogoan izan, guztia borobiltzeko, otsailaren 5ean “Ikastola kalera” saioa burutuko dugula.
Animo! gutxi falta da eta!!!
Kartelen pegada
Datorren astelehenean, hilaren 27an, matrikulazioko kartelen bigarren pegada egin behar dugu. Kasu honetan, Esmalteriako irakasleei dagokigu kartelak jartzea. Astelehen goizean Esmalteriara eramango ditugu eskura izan ditzazuen.
Klaustroa
Asteartean, hilaren 28an, klaustroa elkartuko gara ohiko leku eta orduan. LOMLOE-k ekarriko dizkigun berrikuntzak eta MOrereta On izango dira landuko ditugun gaiak.
Inauteriak
Gogoan izan, ostiralerako (hilak 31), inauterietako mozorroen inguruko gutunak prest utzi behar direla Leireri bidali ahal izateko.
IKASTOLA MAILAKOAK
Urtarrilak 22: ongietorri bilera familia etorri berriekin
Orain bi urtetik gaur arte Ikastolara iritsi diren jatorri atzerritarreko familiekin elkar ezagutzeko bilera egin zen atzo, urtarrilaren 22an. Badira bizpahiru ikasturte askari-bilera hau egiten hasi ginela. Jatorri, hizkuntza eta kultura desberdinak dakarzten familia horiei harrera abegikor eta goxoa eskaini nahi izaten diegu; eta bide batez, Ikastola zer den eta zerk ezaugarritzen gaituen azaldu ere bai, gehientsuenetan ikasturtea hasita etortzen baitira familia horiek gurera. Bide batez, zer egiten dugun egoki eta zer dugun hobetzeko ere galdetzen diegu.
Ikusmira etorkizunean jarrita, kulturartekotasuna sustatzeko bideak jorratzea dagokigu Ikastoloi ere, eta familia horiek horretarako aukera aparta eskaintzen digute. Beren izate eta sustraiei eutsiz gurea ezagutu, ikasi eta beren egiteko gogoa erakutsi zuten atzoko bileran. Beren seme-alaben integrazioa eta Euskal Herritar bilakatzeko gogoa azaldu zuten bidean izan dituzten zailtasun eta oztopo guztien gainetik.
Familia batek eskainitako Aljeriako te goxo, fruitu lehor eta galletekin aritu ginen berriketan. Giro atseginean, ezin hobeto!
BESTELAKOAK
Matrikulazioa 2025-26: herriko hezkuntza zinegotziaren agerraldia administraziopeko hiru ikastetxeekin
Urtero legez, herriko hezkuntza zinegotziak agerraldia egin du administraziopeko hiru ikastetxeetako zuzendariekin. Urtarrilaren 17an izan zen, hemen irakur dezakezue albistea. Aldiro adierazten dugu Ikastolak ere eskertuko lukeela babes hori, baina ezezko erantzuna jasotzen dugu.
Seaska Ikastolak: aldaketa lehendakaritzan
Peio Jorajuriak, 2019tik 2024ra arte Seaskako lehendakaria izan denak, kargua utzi berri du eta hiruren artean helduko diote orain erronkari. Erik Etxart izango da Ipar Euskal Herriko Ikastolen bozeramailea, eta alboan izango ditu Sophie Layus eta Antton Etxeberri. Irakurri albistea osorik.