HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (25.01.17)


ETAPA MAILAKOAK


Matrikulazioa

Matrikulazio garaiari lotutako ekintzekin hastera bagoaz ere, dakizuen bezala, bakarkako bisitei ere ekin diegu. Urtero bezala, bulegoko ordutegitik kanpo interesdunak galdezka etortzen badira, datuak (izena eta kontaktua) hartzea eskatzen dizuegu, ondoren, haiekin harremanetan jarri ahal izateko.

Inauterietako koordinazioa

Inauteriak prestatzen hasteko, datorren asteazkenean, hilaren 22an, Linon elkartuko gara eguerdiko 12:30ean. Bi gai landuko ditugu: Agate Deuna eta Inauteriak.

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Lino Berriaren inaugurazioa: xehetasunak

Eguberriko oporren aurretik esan eta pasa den astean gogoratu bezala, Lino Berria urtarrilaren 24an, Hezkuntzaren Nazioarteko Egunean, inauguratuko dugu hala nahi duen Ikastolakide zein herritar orok ikusi eta ezagutu dezan.

18:00etatik 20:00etara jarri dugu hitzordua (aurrez ekitaldi instituzional txiki bat egingo da; pertsona eta ordezkari jakinek hartuko dute parte, ez da ekitaldi irekia izango). Hauxe egitaraua:

  • 18:00-20:00: Lino Berria nor bere kabuz ikusi eta ezagutzeko tartea
  • 18:15-18:30: obra gidatu duen arkitektoaren hitzaldia
  • 19:00-19:30: “Pirata garrapataren abenturak” antzezlana Patata Tropikala konpainiaren eskutik
  • 19:30-20:00: Añabitarteko sukaldean prestatuko mokadua

Anima zaitezte!

Lilaton 2025: emakumeok, anima zaitezte!

Ziurrenik askok jakingo duzuenez, DBHko hainbat ikasle zein irakaslek “Lilaton”en parte hartzeari ekin zioten orain bost urte, elkarrekin igande goiza kirola eginez pasa eta aldarrikapenez betetzeko asmoz.

Orain arteko esperientzia oso atsegina eta asegarria izan denez, aurten ere, jarraipena eman nahi zaio. Eta hala, otsailaren 23an egingo den “Lilaton”en izena eman eta Ikastolako emakume taldera batzera animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu zuek ere, Ikastolako emakumezko langileak.

Langile atarian topatuko dituzue Ikastolako taldera batzeko xehetasunak (aurrez www.lilaton.eus-en izena eman behar da, norbanako gisa). Anima zaitezte!

“Piztu Itxaropena” kanpaina (Saharako errefuxiatuen aldeko janari eta baliabide bilketa): ikasgelako lanketa eta bilketa bera

Urtero legez, Ikastolak aurten ere parte hartuko du “Piztu Itxaropena” kanpainan, Saharako errefuxiatuentzako janari eta baliabide bilketan. Orain arte egin denari berrikuntza batzuk txertatu nahi dizkiogu aurten, ikasleen artean solidaritate sena pizteko intentzioz.

  • Batetik, geletan gaiaren gaineko lanketa espezifikoa egitea proposatzen dizuegu. HHn, ipuin bat kontatu eta bertako irudiak ikusteko tartetxo bat hartzea eskatuko zaizue. LHn, Komunitate Proiektuko ikasgaian, ipuinaz gainera, bideo baten bidez, saharar herriaren egoeraz hitz egitea eta hausnartzea bultzatuko dugu. DBH eta Batxilergorako, Zarauzko ikastetxe batzuetan egindako proiektu baten berri ematen duen bideoa pasa digute, ikasleek errefuxiatu sahararrei egindako bisita baten bideoa, hain justu.Hemen duzue proposamen osoa etapaka banatuta. Besteentzat prestatutakoa zuentzako ere egokia iruditzen bazaizue, AURRERA! Helburua, esan bezala, ikasleengan enpatia piztu eta bilketan emozionalki inplikatzea da!
  • Ondoren, ohiko janari eta baliabide bilketa egingo dugu: urtarrilaren 27an eta 28an izango da. LHn, proba pilotu bat egingo dugu: guk prestatutako kutxak zuzenean hara bidaltzeko moduan egotea. Horretarako, ikasle boluntarioak izango ditugu Heltzeneko gela bakoitzean. Gainontzeko etapetan gauzak poltsetan bilduko ditugu.Bilduko direnak ondorengoak dira: hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, lekaleak eta konpresak.Ikasleak eta familiak bezalaxe, zuek ere gonbidatu nahi zaituztegu ekimenean parte hartzera.

Mila esker guztiagatik!
Elkartasun lantaldea

Inikako erreserben atala: hainbat aukera

Inikak badu erreserbak bideratu eta kudeatzeko atal bat (baliabideak > orokorra > erreserbak > egutegia). “Multzoak” zabalgarrian gunea edo saila aukeratu behar da eta “Baliabidea” zabalgarrian, berriz, erabili/erreserbatu nahi den baliabide zehatza.

Orain arte, gelak erreserbatzeko aukera egon da Inikako erreserben atalean. Beste bi sail gehitu berri ditugu bertara: euskarazko eleberrien liburutegia eta fotomatoia.

  • Euskarazko eleberrien liburutegia: hainbat lankidek etxetik ekarritako euskarazko eleberriekin Ikastolako langileentzako liburutegia jarri dugu martxan. Inikatik liburu zerrenda ikusi eta erreserba egiteko aukera dago. Liburua hartu eta uztera norberak joan behar du LHko kafe-gelara (momentuz han daude langileen liburutegiko liburu guztiak).
  • Fotomatoia: Ikastolak fotomatoi propioa du. Norbaitek festa edota hitzordu berezi baterako erabili nahi balu, Inikako erreserben ataleko “Aurkezpenak/ekitaldiak” multzotik egin behar du erreserba (baliabideen zabalgarrian fotomatoia aukeratuta).

VI. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa: saritutako lanak irakurgai eta ikusgai

Urriaren 31tik abenduaren 3ra egon zen martxan, Gau Beltza eta Euskararen Eguna lotzeko asmoz, Ikastolak urtero antolatzen duen beldurrezko (mikro)ipuin ikus-entzunezkoen lehiaketaren seigarren edizioa. Abenduaren 20an banatu zitzaizkien sariak garaileei. Hala nahi izanez gero, langile atarian (gainaldeko nabarmenen atalean) dituzue irakurgai eta ikusgai saritutako lanak. Gozatu!


ETAPA ARTEKOAK


DBH-Batx | Euskal Olinpiadak 2025

Orain bi urte hasitako bideari jarraiki, Euskal Olinpiaden hirugarren edizioa urtarrilaren 10ean egin zuten Haurtzaro eta Orereta ikastoletako DBH 4. mailako ikasleek eta Oiartzoko 1. mailakoek elkarrekin, hiru ikastolen arteko harremanak eta loturak estutzeko helburuarekin. Langile atarian (albisteen atalean) duzue ekimenaren kronika zabalagoa eta argazki-galeria.


BESTELAKOAK


Konfekoop aldizkariaren 103. zenbakia

Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Hemen duzue irakurgai azken alea.